Larunbat honetan, irailak 18, distantzia ertaineko Estatuko triatloi txapelketarik garrantzitsuenetariko bat jasoko du Bilbok. Gainera, aurten Bilbao Triathlon izeneko lasterketaren hamargarren urteurrena ospatuko da.

2020an Bilbon antolatu zuten hiriko kirol ekimen bakarra izan ondoren, aurten ere koronabirusaren aurkako protokoloa ezarriko da. Horrela, elite mailako gizon eta emakume triatloilariak batuko dituen bere kategoriako Bilboko eta Bizkaiko triatloi bakarra izango da.

Izan ere, Bilbo distantzia ertaineko Estatuko triatloi Txapelketaren egoitza izango da berriz ere, eta hori gutxi balitz, hurrengo urtean jada iragarri diren Europako Txapelketen egoitza nagusia izango da.

Antolatzaileak Innevento Sports, Trikirol eta Espainiako Triatloiko Federazioa (FETRI) dira eta erakunde laguntzaile nagusiak Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia; guztiek batera aurkeztu dute triatloiaren 10. edizioa. Aurten, 800 triatloilari baino gehiago lehiatuko dira modalitate horretan estatuko onenak izateko. Halaber, aurten Aquabike modalitatea (igeriketa eta txirrindularitza) gehituko dute, diziplina horretako kirolaririk onena zein den ikusteko. Bilboko probaren ondoren bakoitzaren maila zein den argi geratuko da eta abiapuntua izango da Bilbao-Bizkaian antolatuko diren hurrengo Europako Txapelketarako.

Modu horretan, Bilboko Triatloiak lanean jarraitzen du Estatuko triatloien egutegian erreferentea izaten jarraitzeko, eta, horregatik, Bizkaiko lurralde historikoan oso berezia den hitzordua da. Lurralde osoak eta hiriburuak eskuzabalik hartuko dituzte berriz ere proba honetan konfiantza izaten jarraitzen duten pertsona guztiak, izan ere, iaz, pandemian bete-betean murgilduta geundela, dena oso ondo joan zen. 10. edizioan protokolo zorrotza aplikatuko da berriz ere eta horren bidez segurtasun eta berme osoekin antolatuko da proba, izan ere, horrelako hiriko ekimen batek ez du gutxiagorik merezi, eta kirol ikuskizuna paregabea izango da. Antolatzaile guztien lanari esker, Bilbao-Bizkaia helmuga ezin hobea izango da berriz ere ekimen seguruez eta kalitatezkoez gozatzeko.

BERRIZ ERE EGOITZA ITXITA EGONGO DA ETA PROTOKOLO ZORROTZA EZARRIKO DA LASTERKETAKO ZATI GUZTIETAN

Bigarren urtez jarraian zaleek ezin izango dituzte gune nagusiko zirrikitu guztiak ikusi eta ezingo diete parte-hartzaileei boxen gunean eta irteera eta helmuga zonetan gertutik lagundu. Probaren hasieran segurtasun eta osasun kontrol zorrotza ezarriko da eta parte-hartzaileak eta antolatzaileak beste guztientzat itxita egongo den egoitzan sartuko dira. Gero, material guztia boxetan utziko dute eta parte-hartzaileen artean distantzia handiak egongo dira. Musukoa jantzita izatea derrigorrezkoa izango da X. edizioaren irteera iragartzen dutenera arte.

Estatuko leku guztietatik etorriko diren kirolariek asko disfrutatuko dute itsasadarrean igeri egitean, eta zaleak alde bietan animatzen izango dituzte. Ondoren, iaz parte-hartzaileak liluratu zituzten Bizkaiko hiriburu inguruko errepide zoragarriak zeharkatuko dituzte bizikletekin, eta, azkenik, hirigunean korrikako zatia egingo dute leku ikonikoetatik igaroaz, besteak beste, Guggenheimeko armiarma paretik. Ibilbidean zehar proba ikusten egongo diren guztiek indarrean dauden osasun neurriak bete eta segurtasun distantziak errespetatu beharko dituzte.

Igeriketa probako 1,9 km-ak bukatu ondoren, kirolariak boxetara itzuliko dira eta Bizkaiko lurraldeko zati handi bat bizikletekin zeharkatuko dute; txirrindularitza ibilbide purua da eta 83 km-ko bira bakarra izango denez, inguruko herriek ahalik eta eragin gutxien jasango dute. Bilbotik azkar aterako dira eta hiriko kaleak ordubete inguruan okupatuko dituzte, 15:15etik 16:15era. Hiritik ateratzeko norabidean aldaketak egongo dira Botika Zaharrean, Unibertsitateen Hiribidean, Campo Volantinen eta Zumalakarregi hiribidean, kirolariak Etxebarri eta Galdakaorantz N-634 errepideraino iristen direnera arte.

Une horretatik aurrera, lasterketak martxaren norabideko erreia okupatuko du beti eta igarobide alternatiboak egongo dira bakar-bakarrik bidegurutzeetan eta bestelako eraginpeko puntuetan, baina, antolakuntzakoak ez diren ibilgailuak ezingo dira zirkuituan sartu. Zirkuitu berria lurralde historikoko ibilbide zikloturistetatik igaroko da eta triatloilariek mundu osoko txirrindulariek asko miresten duten inguruaz disfrutatu ahal izango dute.

Galdakaotik igaro ondoren, Larrabetzura joango dira eta edizio honetako mendiko aldapa nagusia igoko dute, Morgako tontor ospetsua. % 6ko desnibela duen 4 kilometroko portua da eta 25.km-an % 9ko desnibela gainditzen duten tarteak daude; portu horrek, era berean, El Vivero historikoa ordezkatuko du eta Bizkaiko errepideak gogorrak direla argi utziko du. Ibilbidearen desnibel positibo osoa 855 metrokoa izango da eta portu horretan ezarriko dira faboritoen arteko alde nagusiak.

Ia Mungialdea (Fruiz, Meñaka eta Maruri, Unbera arte) osoa zeharkatu ondoren, hirigunean barrena ibiliko dira EHUtik eta Astrabuduatik eta Erandioko itsasadarreko zuzengunera iritsiko dira ondoren. Errepide horretatik itzuliko dira hain zuzen ere Bilbora, zehazki, ItsasMuseumeko zabalgunera. Bilbora heltzen direnean, lehenengo eta azken kirolarien arteko distantzia 3 ordu ingurukoa izango da, gutxi gorabehera 16:30 eta 19:30 artean.

Azkenik, triatloilariek zirkuitu bati 3 bira eman beharko dizkiote korrika eta horrela bukatuko dute Bilboko Triatloiko eta Espainiako Txapelketako txapeldun berriak izendatuko dituen maratoi erdia. Aurreikusten denaren arabera, lehen kirolariak 18:30etik aurrera iritsiko dira helmugara. Gainera, herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, aurten ez da eskuineko aldea okupatuko eta ez dira hiriko zubi nagusiak blokeatuko. Kirolariak itsasadarraren ezkerreko aldetik joango dira Abandoibarrako pasealeku guztian zehar eta, beraz, berriro ere igaroko dira hainbat leku garrantzitsuetatik, besteak beste, Euskalduna Zubitik eta Guggenheim Museoko armiarma ingurutik.

Antolatzaileek uste dute ekimena oso arrakastatsua izango dela eta munduari erakutsi nahi diote gure hirian eta lurraldean kalitatezko ekimen seguruak antolatu daitezkeela.