Ostegun honetan, irailak 16, hasiko den Europako Mugikortasunaren Astearen inaugurazioan parte hartuko du Bilboko Udalak. Ekimena datorren asteazkenean amaituko da, hilaren 22an.

Mugikortasunaren Astearen xedea da hiriei garraio jasangarri, seguru eta osasuntsuko alternatibetarantz joateko aukera ematea. Europar Batzordeak urte honetarako aukeratu duen leloa hauxe izan da: “Zure osasunaren alde, mugitu modu jasangarrian”.

Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak Bilbao 30 esperientzia arrakastatsua azaldu du. Ekimen honek Hiri Segurtasun Osasuntsuaren Europako Saria jaso zuen 2020an: Urban Road Safety Award.

Bere Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren barruan, uriak 2018ko ekainean abiadura mugatu zuen lehen aldiz, hiriko galtzaden % 87an. 2020ko irailean, berriz, 30 km/h-ko abiadura-muga hiri osora zabaldu zuen. Europar Batzordeak aitortutako merezimenduen artean, epaimahaiak zenbait xehetasun baloratu zituen: neurri hau tamaina handiko hiri batean hartu zela (300.000 biztanle), bide-segurtasuna sustatzeko sentsibilizazio-jarduerak egin zirela, eta eztabaidetan eta erabakiak hartzean bizilagunak kontuan izan zirela.

Gainera, Alfonso Gilek, Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioko Garraioen, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Segurtasunaren Batzordeko presidentea denez gero, hizlari gisa parte hartu du eztabaida-mahai batean, hain zuzen ere, emisio txikiak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digitala eta jasangarria egiteko udalerrientzako laguntzen programari buruzkoan (Next Generation fondoekin finantzatzen dira).

Eztabaida-mahaiaren izenburua Lehengoratze, trantsizio eta erresilientzia plana izan da. Moderatzailea Marta Muñoz Cuesta izan da, Aire Garbiaren eta Jasangarritasun Industrialaren zuzendariorde nagusia. Gainera, Isabel del Olmo Florezek parte hartu du (Mugikortasun Jasangarriaren eta Hirien Saileko burua Dibertsifikazioaren eta Energia Aurrezpenaren Institutuan), eta Ángeles Marín Andreuk ere bai (Garraioen, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Ministerioko Mugikortasunaren Estrategiako Bulegoko zuzendaria).

Jardunaldiaren hasieran, Mª José Rallo del Olmok hitz egin du, Garraioko eta Mugikortasuneko idazkari nagusiak, Garraioen, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Ministerioa. Amaierako hitzaldia Hugo Morán Fernándezek egin du, Ingurumeneko estatu-idazkariak, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa.