Datorren ostiralean, irailak 17, Santander, Bilbo eta Logroñoko musikariak bilduko dira Santanderko hainbat lekutan ospatuko den 'Bertatik Bertara 2021' jaialdian.

Santander, Bilbo eta Logroño hirietako musika-industriaren arloko profesionalak eta artista berriak izango dira irailaren 17an, ostiralean, "Bertatik bertara 2021" jardunaldietan parte hartzen, zeintzuk Santanderko hainbat gunetan ospatuko baitira, elkarlanaren bidez aztertzearren zer beharrizan dituen sektore horrek eta nola eman konponbideak tokian-tokian.

Egitarauak bi zati ditu: lehenik, profesionalen arteko topaketa bat izango da goizean, eta, ondoren, arratsaldean, hiru hirietako banden kontzertu bat. Lehenengo zatia Tabacalera gizarte-etxean izango da, eta hiru mahai-inguru izango dira bertan, hiru hirietako musikaren industriaren sektoreko hamar bat profesionalek eta ordezkarik parte hartuko dutelarik. Pilar González kantabriar kazetari musikan espezializatuak eroango ditu topaketa horiek.

Lehen mahai-ingurua 10:15ean hasiko da, eta musikariek eurek egingo dituzte analisiak eta gogoetak. Zehazki, Mario de Inociencio kantabriar musikari ibilbide luzekoak parte hartuko du, zeina konposizioan, produkzioan eta irakaskuntzan ere aritzen baita, eta baita ere Maren bilbotar kantari eta konposatzaileak eta Lorelei Green bilbotar kantariak. Ideia eta esperientzia truke honetan parte hartuko du, orobat, Victor Rubio logroñoar musikariak, zeina partaide izan baita "Estrés" eta "Los Zigalas" proiektuetan, besteak beste.

11:15ean, hiru hirietako areto-kudeatzaileen eta sustatzaileen aldia izango da. Mahai horretan parte hartuko dute Carlos Fernándezek, Santanderko Galerna Norte sustapen-enpresako kideak, eta Kike Lópezek, Niágara aretokoak. Bilbotik iritsiko da Txarty Romero, aretoetarako programazioak prestatzen dituena eta "Rabba Rabba Girl" rock zikloaren arduraduna; rock ziklo horren xedea izaten da zuzeneko musikaren arloko emakumeak agerira ekartzea. Logroñotik, Alfredo Lázarok parte hartuko du, Stereo Rock & Roll aretokoak, zeinak, 2021eko hasieran, 23.000 euro biltzea lortu baitzuen, aretoa itxi beharrik ez izateko funtsak biltzeko herritar-kanpaina batean.

Hirugarren mahai-inguruan (azkena izango da), egungo egoera aztertuko da, jaialdien arduradunen ikuspuntutik. Alberto Zubizarreta Santander Music musika independenteko jaialdiaren zuzendariak eta Rafa Bezanes MUWI Rioja Fest jaialdiaren arduradunak parte hartuko dute.

Jardunaldiaren bigarren zatia, berriz, Escenario Santander gunean egingo da, eta hiri bakoitzeko talentu berrien erakustaldi bat izango da han, genero bateko eta besteko hiru musika-talde arituko baitira, hiri bakoitzetik bana, hara bildutako publikoari nor bere musika erakusten. Honako hauek dira bandak: Yo, Gerard, Bilbokoa, 19:30ean agertuko da oholtzan; Drei kantabriar artista, berriz, 20:30ean; eta logroñoar Messura izeneko banda, showcase-ari amaiera emateko, 21:30ean.

  • Yo, Gerard bandak 2018an aurkeztu zuen bere lehen lana, "Silencio, Hoy Se Rueda". Orain, berriz, "Pisotéame" du bere azken singlea, bere pop-indie estilo berezian egina, teklatuak eta pianoa nabarmentzen direlarik kanta oso zainduen gainetik. Nabarmentzekoa da beren lanen artean, orobat, Xoel López-en "Por El Viejo Barrio" kantaren bertsioa, 2020ko atzen aldera grabatu zutena.Bilboko Villa Pop-Rock erakustaldian ere egon ziren, eta Elton John-i ere egin zioten omenaldia Bilboko Kafe Antzokian egin zen show oso berezi batean. Orain, beren proiektu propioarekin itzuli dira, eta kanta berriak dakartzate, bandaren etorkizuna argituz.
  • Drei da Andrea Turienzoren musika-proietua; artista gazte honek grina handia izan du musikarako beti, umetatik, eta "Reina de Samotracia" kanta plataforma digitalen bidez zabalduz bihurtu da ezagun. Zuzenean, berriz, bakarka aritu izan da, eta tarteka beste artista batzuekin lankidetzan, hala nola Pol Granch-ekin, Juancho Marquésekin edo Roi Méndez-ekin. Aurtengo uztailean, Sónica jaialdian parte hartu zuen, Zahara eta Chica Sobresalto kantariekin batera.
  • Messura pop-rock banda bat da: La Riojan du egoitza, eta 2017an sortu zen, Errioxako eta Nafarroako musikaren arloan ezagunak ziren kide batzuen eskutik. Musika banda honen estiloa post-rock atmosferikoenaren eta laurogeita hamarreko hamarkadako rock alternatibo kementsuenaren artean dago.

ARGIBIDE GEHIAGO, ETA IZENA EMATEKO

Jarduera bietan mugatuta egongo da sar daitekeen jende kopurua. Topaketa profesionalera joan nahi dutenek izena eman dezakete webgune honetan, edo 942 340 763 telefonora deituz. Horrez gain, Youtuben ere ikusi ahal izango da zuzenean, FSCren profilaren bidez.

Escenario Santander guneko kontzerturako gonbidapenak webgune honetan eskura daitezke.

HARREMANAK SENDOTZEN

Jardunaldi honekin, hiru hirietako udalek segida ematen diote "Bertatik bertara" izeneko kultur lankidetzako programaren barruan hasitako lanari, asmoa delarik harremanak sendotzea eta sareak ehuntzea hiru hirietako kultur eta sorkuntza sektorea azkartzeko. Halaber, asmo horrekin berorrekin, ebatzi da dagoeneko "Bertatik bertara" dirulaguntzetarako deialdia, zeina 75.000 euroz baitzegoen hornitua, eta datozen egunotan emango dira ezagutzera proiektu hautatuak.