Zuzeneko musikak protagonismo berezia izango du Bilboko Udalak uda honetarako diseinatu duen #UDAKALEAN kultur eta aisialdi programazioaren barruan. Bilboko Udal Musika Bandak programatutako kontzertuen zikloa da programa horrek jasotzen duen hitzordu nagusietako bat.

Udaberriko denboraldian eskainitako zazpi emanaldiekin lortutako arrakastaren ostean, abuztuaren 4tik 20ra Areatzako kioskora itzuliko da talde bilbotarra, beste 6 kontzertu eskaintzeko.

"Arratsalde musikalak" izenburupean, Bilboko udal musika bandaren kontzertuak asteazken eta ostiraletan izango dira, abuztuaren 4, 6, 11, 13, 18 eta 20an, 19:00etatik aurrera.

Areatzako gune enblematiko honetara hurbiltzen den publikoak errepertorio anitzaz eta heterogeneoaz gozatu ahal izango du. "Bilbainadak", "Arima latindarra", "Zirkura goaz", "Festan gaude", "Zarzuelaren historia" eta "Arratsaldez pasodobleekin" dira programatutako kontzertuen izenburuak.

Jada ohikoa den moduan, Jose R. Pascual-Vilaplana Bandako zuzendari titularra eta Iñaki Urkizu Kerejeta zuzendariordea txandakatuko dira aire zabaleko kontzertu hauen zuzendaritzan. Horrela, Pascual-Vilaplana (abuztuak 13, 18 eta 20) eta Urkizuren (abuztuak 4, 6 eta 11) zuzendaritzapean, Areatzara hurbiltzen diren bilbotarrek taldearen moldakortasunaz disfrutatu ahal izango dute, beti bezala, gai herrikoiak eta jai girokoak uztartuko baitira.

Udaberriko denboraldiko aurreko kontzertuetan bezala, abuztuko ikuskizun guztiek ere covid-aren aurkako protokolo berezi bat izango dute, osasun-agintariek ezarritako araudia betetzen duena eta artisten, ikusleen eta teknikarien segurtasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak jasotzen dituena: kioskoa eta haren ingurua mugatuta egongo dira, maskararen erabilera nahitaezkoa izango da, aulkiak ezarritako segurtasun-distantziara egongo dira eta ezingo dira lekuz mugitu. Era berean, jendearentzako osasun-jarraibideak jasotzen dituen kartel bat jarriko da, eta aulkiak, instalazioak eta gainerako elementuak jarduketa hasi aurretik desinfektatuko dira.

Gogoratu behar da kontzertu hauek #UDAKALEAN ekimenaren barruan sartzen direla. Ekimen horrek 200 proposamen baino gehiago biltzen ditu, Bilboko Udaleko arlo ezberdinek eta udal-erakundeek diseinatutakoak, eta uriko udako egunak planez betez.

Kontzertuetako programen inguruko informazio gehiagorako: www.bilbaomusika.eus