35.000 euroko inbertsioa egingo du Bilboko Udalak kulturartekotasunarekin eta immigrazioarekin erlazionatutako 39 proiektu sustatu ahal izateko.

15.000 euroko aurrekontuarekin, programa horietatik 28 etorkinen elkarteen funtzionamendua indartzera daude zuzenduta eta 11 Bilbon kulturartekotasuna eta kohesio soziala sustatzera. Azken horretara 20.000 euro bideratuko dira.

"Udalaren helburua kulturartekotasunean oinarritutako gizartea garatzearen alde egitea da, berdintasunezko esparruan ezberdintasunei lekua egiteko eta herritar bakoitzaren baliabide aniztasuna sustatzeko", azaldu du Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Bizikidetza, Lankidetza eta Jaietako zinegotziak.

Izan ere, bi lerro horiek barne hartzen dituen Bilboko Udalaren Herritartasunaren eta Aniztasunaren II. Udal Planak, politika publikoak kulturarteko ikuspegitik bideratzea du helburu, hiriko gizarte-kohesioa eta hiri-garapena indartzeko.

1. LERROA: ETORKINEN ELKARTEEN FUNTZIONAMENDUA

Alde batetik, Bilboko Udalak etorkinen elkarteen funtzionamendurako 28 proiektu lagunduko ditu diruz, 15.000 euroko ekarpenarekin. Lehen lerro horren helburua etorkinen elkarteak indartzea eta ahalduntzea da, Bilboko udalerrian jarduerak sustatuz eta garatuz.

Garrantzitsua da nabarmentzea diruz lagundutako erakundeetatik 10 Bilboko Udaleko Immigrazioaren Tokiko Kontseilukoak direla, eta 7 erakundek hartuko dutela parte Udalak Ellacuria Fundazioarekin hitzartuta duen Elkarte Indartzearen proiektuan.

Udalak bideratuko dituen ekarpenak elkarteek funtzionamendu- eta mantentze-gastuei, elkarteen oinarrizko jardueretatik sortutako gastuei, garraio-gastuei edo jarduerarako oinarrizko materialak eskuratzeko gastuei aurre egiteko erabiliko dira.

2. LERROA: KULTURARTEKOTASUNA ETA GIZARTE-KOHESIOA SUSTATZEA

Bestetik, Bilboko kulturartekotasuna eta gizarte-kohesioa sustatzeko 20.000 euroko diru-laguntzak ematea onartu da. 11 proiektu horiek, hainbat esparrutatik kulturartekotasunaren alde lan egiten duten hainbat erakundek aurkeztu dituzte: etorkinak, ijito herria (emakumeak), kultura, LGTBI, inklusioa, etorkinentzako laguntza eta aterpea.

Bigarren lerro horren helburua kulturartekotasunaren ikuspegia babestea da, udalerriaren integrazioarekin, herritartasunarekin, berdintasunarekin, bizikidetzarekin eta kohesio sozialarekin erlazionatutako erronkei erantzuteko. Horretarako, kulturaren ikuspegitik askotarikoak diren pertsona, talde eta komunitateen arteko elkarrekintza positiboa eta elkarrizketa bultzatzeko topaguneak sortzen dituzten programak aurkeztuko dira.