Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko lana omentzeko arte-instalazio bat inauguratu egin du gaur goizean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Instalazioa hiru horma-irudiz osaturik dago eta Zazpikaleetako Erronda kalean kokatu egin da. Horma-irudi bat Erronda kalearen hasieran dago, bestea Gurutze kaleko sarreran eta azkena Joan Santuen elizaren fatxadaren aurrealdean.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Rosa Pardo Merkatarien Elkarteko presidentea eta konposizioa sortu duen Silvia Jiménez Puma artista lagun izan dituela, gaur goizean moztu dute inaugurazio-zinta, ohorezko aurreskuaren ondoren, Bizkaiko merkataritzaren eta gizartearen arloko hogei bat ordezkari bildu dituen ekitaldi batean.

Aburto alkateak ekimenaren sustatzailea den Elkartea zoriondu du, bai eta Alde Zahar osoa ere, "pandemiak eragin duen zoritxarraren, beldurraren eta minaren aurrean adierazpenik benetakoena eta egiazkoena delako. Irribarrea, gertutasuna dira denok elkarrekin osasun-krisi honetatik aterako garen sinboloak, beti egin dugun bezala. Irten egingo gara, eta indartuta gainera, Zazpikaleak zeharo sendotuta eta hiria bera gotortuta; espazio hori munduan inoiz izan ez den krisi baten amaieraren oroitzapena izango da; hain zuzen ere, Bilbok krisi hori garaitzea erdietsiko du, besarkadak eta irribarreak balore sendoagoak izango dituen Bilbo honetara itzul daitezen".

Pardok azaldu duenez, arte-instalazioak "pandemian zehar galdu den hurbiltasuna berreskuratzen du, maskaren atzean ezkutatu ditugun irribarreak, irribarreok funtsezkoak baitira harremanak izateko, lagunen artean egoteko eta baita merkatariaren eta bezeroaren artean harreman egokiak lantzeko ere". Hori dela eta, Bilboko Zazpikaleetako zokondo hau "mugarri historiko" bilakatu da Bilbon eta, bereziki, Zazpikaleetan. "Irribarrea pandemiatik ateratzeko izan dezakegun keinurik onena da. Izan ere, horrela elkarrekin egoerari aurre egin diezaiokegula erakusten dugu", adierazi du Merkatarien Elkarteko presidenteak.

Arte-ekimen hau 'Zure irribarrea eta nirea' izeneko kanpainaren azken emaitza da. Kanpaina horrek Bilboko Alde Zaharreko Denda, Ostalaritza eta Enpresen elkarteak (ZazpiKaleak) jarri zuen abian ekainaren hasieran, eta, aste hauetan zehar, 600 pertsona baino gehiagoren irribarreak jaso ditu (merkatariak, bezeroak, Zazpikaleetara etorri diren bisitariak), horiek guztiak mosaikoetan hilezin bilakarazte aldera. Izan ere, mosaikook modu iraunkorrean geratuko dira Zazpikaleetako zokondo horretan.

120 zentimetroko zabalera eta 90 zentimetroko altuera duten horma-irudiok altzairu trinkozko euskarrietan sartuta daude, eta hiru kontzeptu desberdin erakusten dituzte, gizartearen eta merkataritzaren (batez ere Zazpikaleetako denden) pandemiaren aurkako borrokaren ikur gisa, covid-19ak sortu duen krisiak eragin handia izan baitu sektore horretan.

HIRU KONTZEPTU IRUDIKATU DIRA

Zehazki, lehenengo horma-irudiak, Zazpikaleetako merkatarien argazkiekin osatua dagoenak, bihotz bat erakusten du; bihotz horrek Zazpikaleak Bilboko bihotza direla irudikatzen du. Bigarren horma-irudian, 'Egin irribarre' esaldiaren bidez, kanpainarekin bat egin nahi izan duen pertsona ororen argazkiak jasotzen dira. Eta hirugarren horma-irudiak, Zazpikaleetako argazki zaharrekin osatua dagoenak, Unamuno Plazako eta Gurutze kaleko Zazpikaleetarako sarrera erakusten du.

Ehunka lagunek egin dute bat kanpaina honekin. Merkatarien Elkartea, alde batetik, merkatarien irribarreak biltzera atera da azken asteotan, eta, aldi berean, herritarrei pertsona irribarretsuen argazkiak bidaltzeko gonbitea egin du. Horiek guztiek osatzen dute arte-instalazioa.

Merkatariez eta bezeroez gain, musikaren, literaturaren, zinemaren, gastronomiaren eta kirolaren arloko hainbat pertsona ezagunek ere erakutsi dute beren irribarrea. Gemma Martinez eta Sol Maguna aktoreak, Aitor Elizegi Athleticeko presidentea, Eder Aurre diseinatzailea, Toti Martinez de Lezea idazlea, Rafa Rueda kantautorea, Sara Gandara ETBko aurkezlea, Fernando Canales sukaldaria eta Xabier Ochandiano Bilboko zinegotzia dira horietako batzuk, besteak beste.