Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdiaren kalteak gutxitzeko asmoz, 500.000 euro baino gehiagoko errenta-salbuespenak egin zituen Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak 2020an.

"Ekitaldi berezia da, covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioek baldintzatua", Jon Bilbao Etxebizitza Saileko zinegotzi eta Bilboko Udal Etxebizitzak-en presidenteak azaldu du gaur goizean prentsaurrekoan.

Eider Bilbao Bilboko Udal Etxebizitzak-en zuzendariarekin batera, "krisi honek udal-etxebizitzetan bizi diren edo beren jarduera ekonomikoa udal-titulartasuneko lokaletan egiten duten pertsonen baliabide ekonomikoetan izan duen eragina murrizteko, Udal Etxebizitzak erakundeak 544.407 euroko errenta-salbuespenak egin zituen 2020ko martxotik ekainera bitartean", adierazi du zinegotziak.

Kopuru horretatik, 285.807 euro etxebizitzaz besteko erabilera duten lokalen errentei dagozkie eta 208.600 etxebizitzen alokairuei. Gainera, beste neurri berezi batzuk garatu ziren helburu berarekin, hala nola, bizitoki aukerarik ez duten pertsona ahulentzako etxegabetzerik ez egitea, epeak amaitzen direnean kontratuak luzatzea edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzako errentak konpentsatzea (50.000).

2020an, Bilbon 4.126 udal-etxebizitza eta 86 dotazio bizitoki zeuden. Horietatik 113 etxebizitza egokituak dira. Gainera, 893 lokal, 366 garaje eta 72 trasteleku zituen. Udalaren higiezinak uriko zortzi barrutietan eta hogeita hiru auzoetan banatzen dira.

Iaz 8.586 egoiliar izan ziren, hau da, urian bizi ziren pertsonen % 2,47. Bilbo da, biztanle askoko udalerrien artean, udal etxebizitza babestu gehien daukan uria, 82 biztanleko bat. 2020an etxebizitza alokatzeko 333 kontratu egin ziren, eta horietatik 162 titulartasun-eskariz egin ziren, batez ere kontratuak berritzeko. Lehentasuna duten taldeentzako 81 kontratu egin zirela nabarmendu behar da. Gainera, 66 lokaleko alokairu-kontratuak itxi ziren, etxebizitzaz besteko erabilerarako.

2020an 9.934 pertsona erregistratu ziren udal etxebizitza baten eskatzaile izateko. % 67,69 35 eta 65 urte bitartekoak dira, eta % 27,18 35 urtetik beherakoak. % 78 kide bakarreko edo biko bizikidetza-unitateak izan ziren.

Etxebizitza eskuratzen duten pertsonen % 81 bakarrik bizi diren pertsonak dira, senide bakar batekin edo bikotekidearekin bizi direnak. Erdiak 35 eta 55 urte bitartekoak dira, eta %35 35 urtetik beherakoak. Generoaren ikuspegitik, esleipendunen % 43 emakumeak dira eta % 57 gizonak.

Bilbon alokairuko etxebizitza publikoa eskatzen duten pertsonen diru-sarrerei dagokienez, gehienek (% 51,25) 9.000 eta 15.000 euro artean jasotzen dituzte urtean, eta % 26,68k 3.000 eta 9.000 euro artean.

Udal Etxebizitzak erakundeak, parke publikoko alokairutan, 13.517.401 euro fakturatu zituen 2019an. Errentaren batez bestekoa 255 euro izan zen etxebizitzen kasuan eta 214 euro lokalen kasuan.

BIZITOKI-BALIABIDE BERRIAK, MANTENTZE-LANAK ETA ERREHABILITAZIOA

Bizitokirako baliabide berriak sustatzeari dagokionez, 2020an Ametzolan 66 dotazio-bizitoki eta 150 aparkaleku-plaza eraikitzeko lehen faseko obrak amaitu ziren (bigarren fasean 94 bizitoki gehiago eraikiko dira, 160 guztira).

2020an, 2.224.526 euro erabili ziren etxebizitza eta lokalen udal-parkea mantentzeko. Horietatik 1,7 milioi euro baino gehixeago etxebizitzetako obretarako izan ziren, eta gainerakoa lokaletan eta konponketetan erabili ziren. Zehatz esateko, 124 berrikuntza-lan egin ziren etxebizitzetan, 24 obra lokaletan eta 3.351 konponketa-lan.

Bestalde, 2020an 12 berogailu instalatu eta martxan jarri dira, 57.639 euroko kostuarekin.

Birgaitzeen kapituluan, 2020an Txotena kaleko 18-24 zenbakietan dagoen etxebizitza-bloke bateko 48 etxebizitza zaharberritzen jarraitu dute. Halaber, Larrakoetxe kaleko 1. zenbakiko bloke batean birgaitze energetikorako lanak eta oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak hasi ziren. Biak dira Otxarkoaga auzoko (Orain Otxar) hiri-birsorkuntzako proiektuaren barruko jarduketak. Datozen urteetan bost eraikin zaharberrituko dira Otxarkoagan, eraginkortasun energetikoaren eta irisgarritasun unibertsalaren irizpideen arabera.

ZERBITZUAREN KALITATEA ETA JARDUKETA ESTRATEGIKOAK

2020an, Udal Etxebizitzak erakundearen informazio-zerbitzuak 25.500 kontsulta erantzun zituen, gehienak (17.779) telefonoz egin ziren; antzeko kopurua izan zen bulegoan (3.558) eta posta elektronikoaren bidez (3.757) erantzun zirenak. Etxegabetzeei aurre egiteko zerbitzuak 29 etxebizitza-espediente hasi zituen, gerora sortutako gabeziagatik, eta gazte solidarioen programaren XI. edizioa egin zen, 20 etxebizitza esleituta.

Udal Etxebizitzak erakundeak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak "Udal Etxebizitzak gazte solidarioentzat" programaren 11. deialdia jarri zuten martxan ekainean. Hiru unibertsitateetako graduondoko ikastaroetan matrikulatutako ikasleei zuzenduta dago programa, eta udal-etxebizitzak alokairu partekatuan eskaintzea du helburu, 55 euroko prezio sinbolikoan. Horren truke, 2020-2021 ikasturteko ekimeneko ikasleek 20 etxebizitza horiek dauden auzoetan, hau da, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean, proiektu komunitarioetan parte hartu behar dute, baita kolektibo ahulei babesa emateko programetan ere.