Ezagutzera eman dituzte dagoeneko urriaren 29tik 30era bitartean ospatuko den BIME Live musika-jaialdian parte hartuko duten lehenengo artisten izenak. Miribillako Bilbao Arenak jasoko du ekitaldi hau, eta goi-mailako artistak hartuko dute parte. Antolatzaileen ustetan, jaialdiak oso harrera ona izango du ikusleen partetik.

Guztira zortzi artista izango dira, besteak beste, Natos y Waor bikote raperoa, jaialdiaren unerik undergroundena eskainiko diguna beren barra gogor eta lotsagabeekin; Bad Gyal dancehallaren erregina eta bere hit sorta amaigabea; edo Trueno argentinarra, 'Mamichula' abestiaren egilea eta Argentinako trap eta rap estiloen erreferentea. Ana Tijoux artista txiletar-frantsesa, aldarrikapenez betetako letrekin; Chill Mafia, Iruñeko kuadrillarik lotsagabeena; eta Tenerifeko Maikel Delacalle, reggaeton, R&B eta rap uztartzen dituennahasketa tropikala eginez. Gure artean izango dugu, halaber, Mario Galeano konpositore eta produktorearen Frente Cumbiero talde txundigarria Kolonbiatik, baita Laura Sam poeta ere, Juan Escribano produktorearekin batera duen proiektua aurkezten.

Udazkeneko musika-jaialdiaren hitzordua urriaren 29an eta 30ean izango da, Miribillako Bilbao Arenan. Espazio ezin hobea musikaz gozatu eta erritmo latinoei, rap-aren beatmarkatuei eta hip-hoparen elektrizitateari jarraikiz dantzan aritzeko, estatuko eta nazioarteko artistekin.

Bonuak uztailaren 22an jarriko dira salgai, ostegunean, 12:00etan, jaialdiaren webgunean eta See Tickets-en webgunean.