Bilboko Udala hasita dago eraso sexisten aurkako prebentzio- eta sentsibilizazio-kanpaina zabaltzen berriro ere, xede argi batekin: Bilbok eraso sexistarik gabeko uri gisa irautea.

"Urian ez dago lekurik inolako erasotarako", adierazi du Nekane Alonso Berdintasun Saileko zinegotziak: "Nahi dugu gure urian emakumezkoek eta gizonezkoek eraso sexistarik gabeko aisialdi bat gozatzea, harreman libre, begirunezko eta berdintasunezkoetan oinarritua". Era berean, adierazi du axola handiko gaia dela gizarte osoa ohartaraztea eraso sexistarik egon ez dadin, generoa edo sexu-joera dela-eta eraso oro baztertzeko eta eragozteko.

Aurten, Aste Nagusirik ospatuko ez den arren, Berdintasun Sailak erabaki du herritarrei gogoraraztea, erakunde-kanpaina honen bidez, axola handiko gaia dela jokabide eta harreman berdintasunezkoak, libreak eta begirunezkoak izatea. "Kaleetan eta plazetan egongo gara kultur eta aisialdi jarduerak gozatzen; baina, leku horietan, nahi dugu besteekiko harremanak positiboak, seguruak eta erantzukizunezkoak izan daitezela, berdinak baikara guztiok, eta, batez ere, bikote-harreman mota berrietan".

ARRETA

Irudi minimalista bat baliatuko da, harridura ikur bat, more kolorekoa, puntuan esku ireki bat ageri duela gerarazteko edo stop ikur moduan (aurreko kanpainetan erabili izan da, EZ BETI DA EZ, goiburua zeukan hartan), eta Udalak, kanpaina honen bidez, bilbotarrak eta urira datozen bisitariak ohartarazi nahi ditu Bilboko udalerrian ez dutela lekurik eraso sexistek.

"Horregatik, ARGI ETA GARBI esan behar dugu: Bilbon ez da jokabide ez eraso sexistarik onartuko. Bilbo Balioen uria da, eta bizikidetza, erantzukizuna eta askatasuna dira garrantzitsuenak, denok ahalik eta gehien gozatzeko, beldur barik", adierazi du Nekane Alonsok.

Eraso sexisten artean sartzen dira eraso sexualak, bortxaketetak, ukituak, hitzezko erasoak, piropoak, ukituak, behin eta berriz egiteak, lehenengoa ez onartzea erantzun gisa edo espazioaren eta gorputzaren inbasioa ere.

HERRITARREN ENGAIAMENDUA

Udala, badu 12 urte jadanik, lanean ari da aisialdiko eta jaietako eremu horietan prebentzioa eraginez, eta herritarrek egoera matxisten aurrean esku har dezaten sustatu izan du hainbat ekintzaren bidez, Bilboko jendartea geroan ere eredu izan dadin jokabide horiek jendaurrean baztertu eta gaitzesteko orduan.

Alde horretatik, bada, bilbotarrak animatzen ditu erasoen aurrean aho batezko erantzun sozial eta kolektibo bat eman dezaten, eta, gainera, Udalak berriro gogorarazi du hau: "eraso sexista oro arbuiatu ez ezik, ingurune sozialaren konplizitatea ere arbuiatzen dugu: barreak, isiltasuna, gutxiespena, auzitan jartzea, beste alde batera begiratzea, isiltzea...horiek guztiak jokabide eta jarrera konplizeak dira, erasotzailearekiko konplizeak, eta zigorgabetasun giro bat eragiten dute eraso sexisten aurrean".

Bizkaiko hiriburuko Udalak formatu digitalean abiarazi du kanpaina hau, www.bilbao.eus web orrialdean eta sare sozialetan Udalak dituen kontuetan; horrez gain, uri-altzarietan ere agerian egongo da, eta baita hedabideetan ere, udan zehar.

PREBENTZIO PROGRAMAK ETA UDAL BALIABIDEAK

Berdintasun Sailak azaldu du urte osoan egiten direla prebentzio eta sentsibilizazio programak emakumeen kontrako bortizkeria oro saihestearren. Gazteei begira hainbat ekintza gauzatzen dira: hala nola, ikastetxeetan egiten diren tailerrak, uriko gizarte-eragileekin sarean lan eginez, jaietan gauzatzen diren programak (Aste Nagusian nahiz auzoetako jaietan), edota Bilbao BBK Live Jaialdian.

Era berean, Bilboko Udalak herritarren esku jartzen du, erasoren bat gertatzen direnerako, 24 orduko arreta-zerbitzu bat, urteko 365 egunetan, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren bidez. Era berean, bada laguntza psikologiko eta juridikoko zerbitzu bat ere erasotako emakumeentzat eta haien senideentzat.Telefono-zenbakiak, berriz, erasoak salatzeko:

  • Udaltzaingoa eta Larrialdiak: 092 eta 112
  • Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua: 94 470 14 60
  • Berdintasun Saila: 94 420 48 38

Datu horiek INFORMAZIO GIDA batean datoz jasota, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez; gainera, azalpenak ere ematen dira, jakiteko nola jakin zer den eraso sexista bat eta zeintzuk diren haiek prebenitu eta haien aurrean jokatzeko baliabideak, eta gomendioak ere ematen dira, mutilentzat nahiz neskentzat. Gidak bertsio digitalean daude, mugikorretara jaisteko prest, Udalaren web-orrian.

"ERASTOP/AGRESTOP" APLIKAZIO DOAKOA

Era berean, udaltzaingoak gomendatzen du mugikorrera jaistea "EraStop/AgreStop" aplikazio doakoa, herritarrei segurtasuna eskaintzea eta erasoak eragoztea xede duena.

Aplikazioak aukera ematen du Bilboko Udaltzaingoaren koordinazio-zentroari erasoaren berri berehala emateko, deirik egin behar izan barik, eta automatikoki martxan jartzen du telefono mugikorrak adierazten duen lekura joateko polizia-jarduketa, dela inor eraso bat jasaten ari delako, dela inor bortizkeria ekintzaren baten lekuko izaten ari delako.