Deustuko barrutiko auzo-erakundeek aukeratu dituzte Zorrotzaurreko lau kaleen izenak, parte-hartze prozesu baten bidez. Galletaginen etorbidea, Sabina de la Cruz, San Ignazioko zubia eta Kanaleko pasalekua izan dira aukeratutako izenak.

Zonaldeko bizilagunek guztira 40 proposamen egin dituzte, 26 izen ezberdinekin, Bilboko Udalak jakinarazi duenez. Gainera, horrela, kale, plaza eta abarretan emakumeen izenak erabiltzeko konpromisoa betetzen da.

GALLETAGINEN ETORBIDEA

Uharteko arteria nagusia izango da, iparraldetik hegoaldera zeharkatuko du eta bere izenarekin Artiach gaileta fabrika zaharreko emakume langileak omenduko ditu.

Zorrotzaurreko Erriberako iparraldeko muturrean hasiko da eta, Plan Bereziaren arabera, Frank Gehry zubiaren hegoaldeko muturrarekiko elkargunean amaituko da. Luzera eta gainerako bideen ezaugarri egituratzailea direla eta, etorbide gisa konfiguratuko da.

Une honetan eraikitzen ari dira, etorkizunean hainbat auzo-komunitateren eta merkataritza-lokalen helbidea izango da.

Parte-hartze prozesuan proposamen gehien jaso dituen izena da, 7 guztira.

KANALEKO PASEALEKUA

Horrela deituko zaio Deustuko Kanal zaharraren ondoko pasealekuari, Zarandoa etorbidearen, Morgan kalearen eta Ballets Olaeta kalearen paraleloan doana. Frank Gehry zubiarekiko bidegurutzean hasi eta Agirre Lehendakariaren etorbideko azken zatian amaitzen da. Bide mota pasealekua izango da.

Izen hori da parte-hartze prozesuan proposamen gehien jaso dituen hirugarrena, 3 kolektibo.

Eremu horretako hirigintza-jarduketen ondorioz, baja emango zaio udalaren kale-izendegian Deustuko Kanala kaleari; izan ere, inguru horretako urbanizazio berriarekin, bide hori osorik desagertu da.

SAN IGNAZIOKO ZUBIA

Kanalaren pasealekua eta uhartearen iparraldeko muturra lotzen dituen zubia da. Zubiaren hasiera pasealeku berriarekiko elkargunean dago. Izen hori da parte-hartze prozesuan proposamen gehien jaso dituen bigarrena, 4 kolektibo.

SABINA DE LA CRUZ

Azken izena Sabina de la Cruz kalea izango da, uhartea San Ignazio auzoarekin lotzen duen zubi berriarekin bat egiten duen lekuan hasi eta Zorrotzaurreko Erriberako iparraldeko muturrean amaitzen dena.

Une honetan eraikitzen ari dira, etorkizunean hainbat auzo-komunitateren eta merkataritza-lokalen helbidea izango da.

PARTE HARTZE BIDEZKO PROZESUA

Martxoan, Bilboko Udalak parte-hartze prozesu bat jarri zuen abian auzoan, auzo-erakundeek 4 bide berriren izena proposa zezaten, Zorrotzaurreko urbanizazio berriaren ondorioz.

Prozesuan zehar, guztira, 40 proposamen jaso dira, 26 izen ezberdinekin. Jasotako proposamen kopuruaren arabera aukeratu dira kaleak. Izen motaren araberako sailkapenari dagokionez, 18 emakume izenak dira, 4 gizon izenak, 1 genero neutrokoak eta 3 toponimo.

BILBOKO KALE-IZENDEGIA

Bilboko Udalak konpromiso sendoa du garai guztietako emakume bilbotarrak Bilboko kale-izendegian ikusgai jartzeko, haien historia eta uriari egin dioten ekarpena gogoratu eta zabaltzeko.

Etorkizuneko Galletaginenekin eta Sabina de la Cruzekin, Bilbok 30 bide izango ditu emakumeen izen edo erreferentziarekin, Bilboko 919 kaleetatik.