2020ko ekainaz geroztik eskainitako zerbitzu hori indartzea erabaki du Udalak uda honetan, behin mugikortasun-murrizketak amaitu direnean eta Eusko Jaurlaritzak baimendutako edukierak handitu ostean. Horiek horrela, uztailean eta abuztuan zehar astean lau aldiz egingo dira bisitak (astearte, ostegun, larunbat eta igandeetan), gehienez ere 20 pertsonako taldeekin, eta une oro LABIk ezarritako jarraibideei jarraiki.

Estatuko eta nazioarteko turismoa pixkanaka berraktibatzen doan heinean, parte hartzaileak toki hauetatik datoz nagusiki: Andaluzia, Asturias, Balearrak, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Valentziako Erkidegoa eta Madril. Halaber, nazioarteko turisten artean Frantzia, Erresuma Batua, Suitza eta Mexikotik etorritakoak gailentzen dira.

Gidari profesionalek eskainitako jarduera honek balorazio oso positiboak jaso ditu Bilboko turismo-bulegora datozen eta hiribildua ondo ezagutu nahi duten erabiltzaileen aldetik. Bisitak bi ibilbidetatik egiten dira: Alde Zaharra, hiriaren jatorriei begirada bat eta Zabalgunea-Abandoibarra, hiribilduaren aurrerakuntza ikusgai.

Alde Zaharreko ibilbidearen bidez Erdi Aroko Bilbo nolakoa zen ikusiko dugu, harriz egindako kaleak, xarmaz beteriko kantoiak, plazak eta txokoak, hiribilduari hazten lagundu zion merkataritza eta portu jarduketa indartsuaren lekuko. Harresiak, Santiago Katedral gotikoa, Plaza Berria, San Anton eliza enblematikoa eta berau eraikita dagoen antzinako hondarrak, edo Erriberako Merkatu jendetsua. Horiek guztiak historiaren 500 urte baino gehiago biltzen dituzte, eta denborak aurrera egiten ez duela dirudien hiriaren bizia erakusten digute. Ibilbide hori ostegun, larunbat eta igandeetan egin daiteke, goizeko 10:00etan.

Bestalde,Zabalgunea-Abandoibarra ibilbideak Bilboren hiri garapena eta arkitektura erakusten ditu, XIX. mendetik gaur egunera arte. Begirada bat tradizioa eta abangoardia erakusten dituen hiriaren bihotzera. Zabalgunetik eta Abandoibarratik ibiltzeak Bilboren izpiritu ekintzailea aurkitzea da, aire zabalean dagoen arkitektura eta eskultura museo autentiko batez gozatzea, Hiribilduak betidanik izan duen etorkizunerako jarrera erakusten diguna. Ibilbide hori astearte, larunbat eta igandeetan egiten da, eguerdiko 12:00etan.

Bisita gidatu guztiak Plaza Biribileko Turismo Bulegoan hasten dira, eta hiru hizkuntzatan egin daitezke aldi berean (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), 90 minutuko iraupena dute eta 4,5 euroko prezioa bisita eta pertsona bakoitzeko.

Nahitaezkoa da aldez aurretik erreserba egitea telefono honen bitartez 94 479 57 60 edo posta elektronikoz informacion@bilbaoturismo.bilbao.eus. Ibilbide osoan zehar maskara erabiltzea derrigorrezkoa da.

UDARAKO BESTE PROPOSAMEN BATZUK

Bisita gidatuez gain, bisitariek eta hiritarrek beste hainbat aukera interesgarri izango dituzte uda honetan, besteak beste: bizikleta gainean egindako bisita gidatuak, piragua-ibilbideak eta itsasadarra zeharkatzeko ontzi-ibilaldiak, autobus turistikoa, tour gastronomikoak, eraikin enblematikoak ezagutzeko bisita gidatuak edo Artxandatik Bilboko ikuspegiez gozatzea, funikularrean igo ondoren.