Martxan da jada tokiko enpresa, elkarte eta kultura- eta sorkuntza-eragileek elkarrekin proiektuak garatzeko helburua duen Bertatik Bertara 2021 kultura-laguntzen deialdi berria. Bilbo, Logroño eta Santanderreko udalek elkarlanean abiarazitako ekimen honek 75.000 euroko zuzkidura izango du.

Guztira sei proiektu hautatuko dira eta bakoitzak 12.500 euroko aurrekontua izango du. Ekimenak 2021. urtean egin beharko dira eta gainera, berriak izateaz gain, gutxienez hiru hirietatik bitako kultura-eragileren arteko elkarlanaren emaitza izan beharko dute. Hala ere, hiru hirietako eragileek bultzatutako proposamenak ere kontuan hartuko dira.

Hiriburu bakoitzak 25.000 euro jarri ditu deialdirako; guztira, hortaz, 75.000 euro daude dirulaguntzatarako. Hiru hirietako ordezkariek osatutako Balorazio Batzordeak aukeratuko ditu proposamenak, eta proiektuen kalitatea, interesa, bideragarritasuna eta berrikuntza ebaluatuko ditu.

Halaber, kontuan hartuko da bi hiritako edo hiruretako profesionalen artean lan-sareak sortzeko gaitasuna, proiektua bitan edo hiruretan garatzea, finantzaketa osagarria eta zenbat herritarrengana irits daitezkeen proiektuak.

Era berean, aukeratutako proposamenek hiru hirien artean harreman egonkorra izango duen kulturako sektore profesionala sortzen, jarraipena ematen eta aberasten lagundu beharko dute, bai eta hiru hirietako kultur programazioa aberasten eta kulturaren eta sortzaileen arloko profesionalen, enpresen eta bestelako erakundeen artean lan-sareak abian jartzen ere.

Interesa duten kultur eragileek www.santandercreativa.com helbidean aurkituko dituzte deialdiaren oinarriak eta eskabidea. Laguntza hauek jasotzeko epea abuztuaren 9ra arte egongo da zabalik, eta dokumentazio guztia helbide honetara bidali beharko da: info@santandercreativa.com.

Deialdira aurkez daitezke Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda dauden profesionalak eta enpresak edo bestelako entitateak, beren forma juridikoa edozein dela ere, kultura-ondasunak sortzen, ekoizten, banatzen eta merkaturatzen aritzen badira, beren jarduera hiru hirietako batean egiten badute eta ez badira toki-erakundeei, toki-erakunde autonomoei edo tokiko enpresa-erakunde publikoei atxikitako merkataritza-sozietateak. Kultur proiektuak bi hiritako bi kultur eragilek edo hiru hirietako hiru kultur eragileek aurkeztu ahalko dituzte, bakoitzetik bat.

KULTURA, GUZTION INTERESEKOA

Iragan apirilean, Logroñoko Udala Bilbokoarekin eta Santanderrekoarekin batu zen, kultura-jarduerak elkarrekin garatzeko "Bertatik bertara" programaren esparruan. Bizkaiko hiriburuak eta Kantabriakoak 2012an sinatu zuten hitzarmena.

Logroño sartu ondoren, lankidetza-etapa berri bat hasi da, hiru hiriek helburu estrategikoen artean baitute kultura aberastasun-iturri izatea maila ekonomiko eta sozialean.

Santanderrek, Bilbok eta Logroñok politika kulturaletan lankidetzan aritzeko interesa daukate, kultura kontsumitzen duten herritarrei mesede egiteko eta hiru hirietako kultur enpresentzat eta sortzaileentzat aukera berriak sortzeko.