Bilboko Udalak amaitutzat eman du dagoeneko uriko adineko pertsonek koronabirusaren ondorioz jasaten duten ahulezia jorratzeko helburua duen Mugi Adin proiektuaren hirugarren fasea. Proiektu hau Bilbao Ekintzak antolatzen du, eta #BilbaoAurrera2020 planaren barruan kokatuta dago.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen eskutik, erakunde publikoek, UPV/EHUk eta enpresa adituek osatutako lantalde bat sustatu du. Enpresa horietako bat dugu Grupo Servicios Sociales Integrados S. Coop. (SSI), zeinak 30 urte baino gehiago daramatzan ekimen sozialaren eta zahartzearen ekosistemaren arloan lan egiten. Era berean, Silver Economy Taldea (SET) komunitateko kide diren enpresa ekintzaile, eragile eta pertsonen sare oso batek parte hartuko du proiektuan. SSI Taldearen ekimen bat da, zeinaren bitartez zilarrezko ekonomiaren esparruan negozio-aukera berriak eta sinergiak sortu nahi diren. Bestalde, UPV/EHUko Ageing ikerketa-taldeak ere parte hartu du.

LAU FASETAN GARATZEKO PROGRAMA BAT

Neurri hori hainbat fasetan banatuta dago. Lehenengoan, erronka definitu eta talde ekintzailea osatuko da; bigarren fasean, proposamena diseinatuko da eragile adituen laguntzarekin, eta, hirugarren fasean, prototipo bat garatuko da esperientzia pilotu batekin. Amaitzeko, garatutako prozesua ebaluatuko da, eta merkatuan eta ekonomian zein finantzan duen bideragarritasuna aztertuko da. Mugi Adin ekimenaren bidez, konpromiso soziala indartzen duten zenbait egoera ebazteaz gain, enpresa-ikuspegia bultzatu nahi da.