Migratzaileen artean pandemiari buruzko informazioa zabaltzeko hiru gizon eta hogeita sei emakume prestatu egin ditu Bilboko Udalak, Emakumea, Osasuna eta Indarkeria Programaren bitartez.

Prestakuntza jaso duten pertsonak 11 jatorri desberdinetakoak dira, Hego Amerikakoak eta Saharaz hegoaldeko Afrikakoak, batez ere, Bilboko 11 auzotan bizi dira eta batez beste 40 urte dituzte.

Auzolan Moduluko lantaldeko osasun publikoan aditua den erizain baten eskutik, Bilboko Udalaren helburua covid-19 Agenteek pandemiari buruzko informazioa ezagutzea eta euren komunitateetan zabaltzea da.

2020ko azken hilabeteetan egin zen aurreko edizioarekin alderatuta, edukiak zabaldu egin dira, egungo testuingurura eguneratuz eta txertoei buruzko datuak azpimarratuz, beste gai batzuk ere kontuan hartu diren arren, higiene-ohiturak, mito eta sinesmen faltsuak, prebentzio-neurri espezifikoak, kutsatzeko bideak eta beste zalantza batzuk, besteak beste.

Parte-hartzaileek oso positibotzat jo dute Udalak informazio fidagarria eta profesionalek bermatua eman izana, modu ulergarrian eta eskuragarrian. Funtsezko gaia da, egunero etxeetara iristen den gehiegizko informazioaren aurrean. Gainera, prestakuntzaren izaera praktikoa nabarmendu dute.

Modu berean, ikasitako edukia, besteak beste, euren lanetan eta aisialdiko espazioetan aplikatzeko gai izan direla adierazi dute. Izan ere, euren komunitateetara iristeko eginkizunean, inguruko pertsonak sentsibilizatu ahal izan dituzte, 600 pertsona inguru, gehienak batez beste 39 urteko eta Hego Amerikako, Afrikako eta Europako beste 27 herrialdetako emakumeak.

Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak azaldu duenez, “zeregin hori positiboa izan da bai informazio hori jaso dutenentzat, bai covid-19 Agente gisa prestatutako pertsonen ongizaterako eta integraziorako. Covid-19 Agenteak herritar partaide sentitu dira Bilbon covid-19ari galga jartzeko lanean, eta gure eskerrik beroenak eta zorionak ematen dizkiegu”.