Udaren hasierarekin batera, Bilboko Udalak martxan jarri ditu aurtengo udalekuak. Aurten uriko 5.000 ume inguruk hartuko dute parte Udalak antolatutako Gaztekluba Uda, Goizeko udalekuak eta Eguneko udalekuak udal programetan, eta kiroletakoak diren Campus espezifikoak eta Udan primeran kirola eginez programetan.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroletako zinegotziak, Iñigo Zubizarreta Gizarte Ekintzako zinegotzi laguntzaileak eta Itziar Urtasun Txurdinaga/Otxarkoagako barrutiko presidenteak Francisco de Goya Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea bisitatu dute gaur, Otxarkoaga auzoan. Bertan, 3 eta 12 urte bitarteko umeak Eguneko udalekuetan eta Goizeko udalekuetan dabiltza.

Gaur, 9 eta 12 urte bitarteko umeek Bizilabe programaren barruko ginkana zientifiko batean hartu dute parte. Udalak garatu du programa, Elhuyarren eskutik. Jarduera horretan, parte-hartzaileek 7 pista aurkitu eta probak gainditu behar izan dituzte - denak zientziarekin eta esperimentazioarekin zerikusia dutenak -, ezagutza eta lankidetza zientifikoa erabiliz. Hala, besteak beste, spagettichallenge, lata-lasterketa, kriptografia eszitalaren metodoa, slime edo balloon rocket desafioei egin diete aurre.

Lehen aldiz ekarri da Bizilabe programa Bilboko udal udalekuetara; Erroteta zinegotziak nabarmendu duenez, "helburua da adin txikikoek zientzia eta teknologia modu dibertigarrian ezagutzeko eta hurbiltzeko aukera izatea. Txiki-txikitatik arlo horretan interesa pizteko eta sustatzeko gai izan nahi dugu".

Errotetak nabarmendu du Bizilaben neska-mutilek hartzen dutela parte baina, batez ere, neskei bereziki zuzendutako programa dela, "ikasketa zientifiko eta teknologikoetan, gaur egun, mutilak gehiengoa direla ikusten dugu, genero-eten hori hautsi behar dugu eta gure neskak ere matematikariak, ikertzaileak, ingeniariak... izan daitezkeela irakatsi behar diegu".

Hain zuzen ere, helburu hori indartzeko eta neskek inspiratzeko ereduak izango dituzten espazioak sortzeko, gaur goizeko jarduera 4 emakumezko zientzialarik zuzendu dute:

  • Oihane Brauer Vega biologoa da eta 2020tik ari da lanean Elhuyarreko STEAM hezkuntza-arloan, STEAM eta gazteak uztartzen dituzten proiektuetan. Bizilabe ikerketa-zentroetan aholkulari eta dibulgatzaile zientifiko gisa lan egiten du.
  • Bilboko Maialen Etxarri Ocio, Matematikan graduatua da eta hezkuntza arloan lan egin du. Irakaskuntza-master bat egin eta unibertsitatean lan egin ondoren, Bizilaben lan egiten du STEAM proiektuak gazteekin koordinatzen. Gaur egun, matematikaren didaktikaren arloan egiten ditu ikasketak.
  • Tailerreko hirugarren monitorea Eider Nuñez de Viadero izan da, Bilbokoa eta Biologian lizentziatua, Biomedikuntzako eta Biologia Molekularreko doktorea. Gaur egun Biofisika Institutuan ari da ikertzaile.
  • Eta, azkenik, Ana Picallo Perez, Euskal Herriko Unibertsitateko Industria Ingeniaritzako lizentziaduna, Bilboko Ingeniaritza Eskolako doktoregaia da Makina eta Motor Termikoen Sailean. Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako irakaslea da gaur egun.

Tailer zientifiko hau garatzen den auzoaren aukeraketari buruz, Errotetak adierazi du "ez da kasualitatea Otxarkoagan egotea zientziaz eta teknologiaz hitz egiten eta neskez eta mutilez inguratuta", "zientzia eta teknologia uriko auzo guztietara eraman nahi dugu, salbuespenik gabe, ume guztiek aukera berdinak izango dituzten espazio komunitarioak bultzatu nahi ditugu".

Gaztekluba Uda, Goizeko udalekuak, Eguneko udalekuak, Campus espezifikoak eta Udan primeran kirola eginez familia bizitza eta lana uztartzeko alternatiba bat dira eskolako oporretan, eta espazioak eta aukerak sortzen laguntzen dute umeek elkarrekin erlazionatzeko eta dibertitzeko, trebetasun eta joko berriak ikasiz.

Gainera, Eguneko udalekuek arreta berezia eskaintzen die egoera ahulean edo desabantailan dauden familietako adingabeei; haientzako plazak gordetzen dira, oporrak betetzeko modu aktiboa ematen zaie eta, jangela-zerbitzua duen programa denez, haien elikadura-beharren zati bat ere betetzen da.