Urtero bezala, uda garaian kultura sustatzeko ekimenak jarriko ditu martxan aurten ere bai Bilboko Udalak. Ohikoenetariko bat 'Udako liburutegiak' izenekoa da, zeinak liburuak, aldizkariak eta bestelako argitalpenak dituzten postuak jarriko ditu uriko hainbat auzoetako plazatan. Programaren helburu nagusia herritarren artean irakurketa sustatzea da.

Udal Liburutegien Sarearen eskutik, ekimen hau datorren astelehenean, uztailak 5, hasiko da eta uztailaren 23ra arte gozatu ahal izango da Miribillan (Gernikako lorategietan), Zorrotzan (Azoka plazan) eta San Inazion (Elorrieta parkean).

Ondoren, udako liburutegiak Santutxura (Karmelo plazara), Errekaldera (plazara) eta Uribarrira (Eskolako Landara) eramango dira uztailaren 26tik abuztuaren 13ra.

Zerbitzu honen ordutegia astelehenetik ostiralera (jaiegunetan izan ezik) izango da, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era.

Udalak berriro ekin dio programa honi, udan irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko asmoz."Udako Liburutegiak / Bibliotecas de Verano" programak liburuekin elkartzeko aukerak zabaltzen ditu. Haurrek, bereziki, irakurzaletasuna sustatzeko tailerrak, jolasak eta ipuin-kontalariak ere izango dituzte.

Ohiko zerbitzuez gain (kontsulta, liburuen mailegua, CDak, DVDak, hemeroteka, teknologia berriak, etab.), Bilboko Udal Liburutegiek, udan, gune horietara joaten diren publikoari hurbilduko diote irakurketa, honako zerbitzu hauek eskainiz:

  • Irakurketa zerbitzua: jendearen eskura jarriko dira eleberriak, haur eta gazteen literatura, aisia, autolaguntza eta abar, baita aldizkariak ere.
  • Liburuak mailegatzeko zerbitzua: jendeak nahi dituen liburuak etxera eraman ahal izango ditu eta bertan ezarritako epean itzuli. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegien karneta ez dutenek bertan eska dezakete.
  • Irakurketa sustatzeko jarduerak: tailerrak, jolasak eta ipuin-kontalariak haurrentzat.

Jarduera guztiak covid-19 delakoak ezarritako segurtasun sanitarioko protokoloei jarraituz egingo dira.

#UDAKALEAN

#UdaKalean izenburupean, Bilboko Udalak antzerki, kontzertu, zuzeneko arte, magia, clown eta bisita gidatuak programatu ditu uztailean, abuztuan eta irailean zehar.

Hala, #UdaKalean hirira iristen da, uda hirian hainbat proposamen berritzaile, entretenigarri eta freskoz betetako garaia izan dadin, adin eta gustu desberdinetako bilbotarren entretenimendua lortzeko.