Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du gaur, ekainak 28, ospatzen den Liberazio Sexualaren eta LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin.

1969ko ekainaren 28an (iaz ospatu genuen 50. urteurrena) New Yorken Stonewall-eko matxinada gertatu zenetik, data hori bihurtu zen orain arte lortutakoak urtero aldarrikatzeko eta agerira ekartzeko eguna, eta, beraz, oraindik lortzeko dagoen guztia nabarmentzeko eguna izan behar du, ezinbestean.

Bilboko Udalak eskerrak agertu nahi dizkie beren bizia eta ahalegin guztiak liberazio sexualaren aldeko borrokari eman dizkioten pertsonei, gaur den egunean ere, oraindik ere, antolatu eta sentsibilizatzeko, ohartarazteko eta gizartea aldatzeko lana egiten dutenei. Halaber, ezagutza agertu nahi die eta ahaldundu egin nahi ditu isilean borroka horretan irauten dutenei hemen eta gure mugetatik harago. Eta, bereziki, 2021 honetan, hain ezohiko egoera bizitzea egokitzen zaigun honetan.

Erne ibili beharra daukagu oraindik ere, zenbait sektorek eta alderdi politikok sexu- eta genero-dibertsitatearen kontrako hitzaldiak egiten eta jarrerak erakusten dituztelako, geroz eta gehiago, eta horrek ondorioak ekartzen dituelako zuzenean: trans kolektiboaren eskubideak onartzearen kontrako jarrera garbia, alde batetik, eta erasoen ugaritzea, bestetik, duela egun gutxi Euskadiko zenbait herritan gertatu den bezala. Horregatik, bada, beharrezkoa da oraindik ere agerira ekartzea LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko borroka.

Horregatik da beharrezkoa LGTBI pertsonen biziak eta eskubideak babestuko dituzten legediak izatea. Baitezpadakoa da, orobat, LGTBI kolektiboak gaur egun bizi duen errealitatea ezagutzea datu egiaztatu eta zenbatuekin, zurrumurru eta kondaira urbanoetatik harago.

Lesbianismoa, transexualitatea, bisexualitatea, transexualitatearen patologizazioaren kontrako borroka eta LGTBIfobiaren kontrako borroka agerira ekartzeko egunek bat egiten dute gaur, bakoitza izatearen harrotasuna eta bakoitzak bere erara desiratzearen harrotasuna aldarrikatzeko, guztiok baikara desberdinak.

Hori guztia dela eta, Bilboko Udalak euskal jendartea bultzatu nahi du liberazio sexualaren bidean egindako pausu bakoitza ospa dezan gaurko egun honetan, ahaztu gabe jendarte osoaren lan bat dela, eta animatu nahi du irmo ager dadin aurrerantzean ere horren aldeko borrokan, pertsona guztiak askatasunean bizi ahal izan daitezen eta askatasunez agertu ahal izan dezaten beren burua.

Herritarrak animatzen ditugu, beraz, bat egin dezaten sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldiekin, eta ager dezaten gaurko eguna dibertsitatearen alde borrokatzeko eguna dela foro publikoetan, hedabideetan eta sare sozialetan.