Aste honetan, ekainaren 15etik 20ra konkretuki, bere 721. urteurrena ospatzeko egitarau zabala garatuko du Bilboko Udalak. Itsasargiak Abandoibarrako pasalekuan ikusi ahal izango dira; Dantz-Point, Zorrotzaurren, eta Kantaire, aldiz, Arriaga plazan. Ekitaldi guztiek koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako segurtasun neurriak beteko dituzte.

ITSASARGIAK

Ekainaren 15etik 20ra, iluntzean, koloretako iragazkiekin argiztatuko dira Abandoibarrako kaiko pasealekuko farolak, antzinako industria-jardunaren omenez, uriaren urteurrena iragartzeko.

DANTZ-POINT ZORROTZAURRE

Hilaren 18an eta 19an, musika eta Zorrotzaurre protagonistak izango dira. Dantz-Point Zorrotzaurre musika elektronikoko saioa izango da, ikus-entzunezko edukiekin, DJ JUDY-ren eskutik. Emanaldia streaming bidez ikusi ahalko da, ekainaren 18an, 22:00etan, Udalaren Facebook kontuan (Bilbao Udala) eta Dantz Point Zorrotzaurren online plataforman. Horrela, mundu osoan zehar bizi diren bilbotarrek euren uriaren urtebetetzea ospatu ahalko dute.

KANTAIRE

Ekainaren 19an, zapatua, 12:30ean, Arriaga plazan, Bilboko Koral Elkarteak, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, uria omenduko du bere 721. urteurrenean. Kontzertu honetara etortzeko, lekua eskatu beharko da aldez aurretik, ekainaren 17an, eguena, 946790488 telefonora deituta. Deiak 10:00etatik aurrera egin daitezke, leku guztiak bete arte. Dei bakoitzeko lau leku erreserbatuko dira gehienez.

GAU ZURIA, URRIAN

Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengoan ez da Gau Zuria ospatuko garai horretan; bigarren urtez segidan, urrira atzeratuko da.

BILBOKO BANDERA IGOTZEA

Ospakizun honetako ekitaldi instituzional garrantzitsuena ekainaren 15ean egingo da, uria sortu zen egunez, 10:30ean. Alkateak, udalbatzar osoarekin, Bilboko bandera igoko du udaletxearen ondoan, 721. urteurrena sinbolizatu eta oroituko duen ekitaldi solemnean.