Bihar, ostirala, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bilboko udal musika banda Areatzako kioskora itzuliko da, Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean. 'Hirutarreko erritmoa: jotatik balsara' izeneko kontzertu hau bandak Areatzako kioskoan denboraldi honetan eskaintzen duen bosgarrena izango da.

Ostiralerako aukeratutako programa Agustin Lararen "Granada" obrarekin hasiko da eta Tomás Bretónen "Gran Jota de La Dolores", Cebrián Ruizen "Una noche en Granada", Léo Delibesen "Coppélia", Moritz Moszkowskiren "Malagueña de Boabdil" eta Aram Khachaturienan "Vals de Masquerade" obrekin jarraituko du.

Ostiraleko kontzertuaren ostean, Bandak denboraldi honetako kontzertu zikloaren azken txanpari ekingo dio. Datorren ostiralekoa, ekainaren 18koa, azken aurreko hitzordua izango da. "Goazen zirkura!" errezitaldiarekin taldeak Bilboko publikoa programa dibertigarri batekin gozaraziko du . Bertan, zirkuaren munduan eta haurren munduan oinarritutako obrak eskainiko ditu, hala nola, Henry Filmore, Glenn Osser eta Robert Rodgers musikari amerikarrek, Georgi Salnikov errusiarrak, Jef Penders herbeheretarrak, Pérez Prado kubatarrak eta Julius Fuado txekiarrak sinatutakoak.

Orain arte bezala, ikuskizunak artisten, ikusleen eta teknikarien segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak bete eta jasotzen dituen protokolo berezi bat izango du: kioskoa eta haren ingurua mugatuta egongo dira, maskara nahitaez erabili beharko da, aulkiak ezarritako segurtasun-distantzian kokatuko dira eta ezingo dira tokiz mugitu. Halaber, jendearentzako osasun-jarraibideak jasotzen dituen kartel bat jarriko da, eta aulkiak, instalazioak eta gainerako elementuak jarduera hasi aurretik desinfektatuko dira.