Iaz bezala

Bilbok lau hiri hondartza izango ditu uda honetan

10.06.2021 | 19:11
Iaz bezala, Bilbok lau hiri hondartza izango ditu uda honetan.

Koronabirusaren pandemiak azken urteetako udarik zailena eragiten zuen bitartean, Bilboko Udalak arrakasta handia izan zuen proiektu bat jarri zuen martxan iaz: hiri-hondartzak sortzea. Bada, aurreko urtean izan zuen harrera ona kontuan izanda, Udalak ekimena errepikatuko du aurten.

Hiri-hondartza berde hauek Arraiz mendian eta San Antonio, Ibaieder eta Etxebarria parkeetan atonduko dira. Aipatu horietako azken hiruretan, gainera, solarium txatalak zedarrituko dira; horrelakorik ez da egingo, ostera, Arraiz mendian, hedadura handiagatik eta iazko esperientzia dela eta.

Hondartza Berde hauen sasoiak bat egingo du Bilbao Kirolak udal entitatearen kanpoko igerilekuen sasoiarekin, zeina ekainaren 12an hasiko baita eta irailaren 12an amaituko.

Gune horietan, bestalde, Bilboko Udalak edukiontziak ezarriko ditu hondakin bereizita biltzeko, zaborrik sor ez dadin aisialdiko gune horietan.

ARRAIZ MENDIA

Badira 10 urte Bilbok aisialdiko gune bat duena Arraiz Mendiko baso-parkean, zeinak 34 hektareako eremua hartzen baitu. 340.000 metro koadro baino gehiago, urian diren baso inguruetako aisialdiko guneek guztira egiten dutenaren % 25.

Begiraleku pribilegiatua ez ezik, hiri-hondartza berde honek, gainera, umeentzako lau olgeta-gune eta ehun mahai baino gehiago eskaintzen ditu, eguna aire zabalean emateko. Baditu ia 300 zuhaitz, inguruari itzala eskaintzen diotenak, eta aurtengo udan, gainera, 16 dutxa eta iturri mordotxo bat prestatuko dira.

Iaz 400 txatal zedarritu ziren margoz eremu horretan, baina aurtengo udan ez da halakorik egingo, eremua behar bezain zabala baita.

SAN ANTONIO PARKEA

San Antonio parkea Iturrigorri eta Peñaskal auzoen artean dago kokatuta. 119.370 metro koadro dauzka berdegunetan. Hondartza Berdeak hartzen duen zatiak 10.588 metro koadro hartzen ditu, eta badira han 6 dutxa, hiru iturri, komun publiko bat, mahaiak eta jarlekuak, umeen olgetarako guneak eta kirolerako guneak eta beste.

Inguru horretan, 110 txatal inguru zedarrituko dira, biribilak. Biribilgune bakoitzak 4 metroko diametroa izango du, eta, aurreko kasuan bezala, txatalen arteko tartea 2 metro izango da.

ETXEBARRIA PARKEA

Etxebarria parkea da Bilboren beste birika berdeetako bat: 151.654 metro koadro dauzka. Horietatik, 8.000 metro baino gehiago atonduko dira aurten hondartza berde moduan. Zehazki, 232 txatal izango dira, biribilak, 4 metroko diametrokoak, eta txatalen arteko tartea, 2 metro.

Parkean badira komunak eta iturriak eta dutxak jarriko dira.

IBAIEDER

Parkearen guztirako hedadura 67.982 metro koadro da; 10.000 metro baliatuko dira hondartza berdetarako. Horietan, Udalak 120 txatal biribil zedarrituko ditu, 4 metroko diametrokoak, solariumetarako, eta haien artean 2 metroko tartea izango da.

Parkean badira komunak eta iturriak eta dutxak jarriko dira.

 
noticias de deia