Herrialde baztertuetan aurrera eramango diren garapenerako bederatzi lankidetza proiektu diruz lagunduko ditu Bilboko Udalak. Horretarako 576.000 euroko aurrekontua bideratuko du. Ekimen horren helburua herrialde horietako egoera hobetzea da.

Orain arte, Bilboko Udalak 13 dirulaguntza onetsi ditu 2021ean garapenerako laguntzarako. Igaro maiatzaren 26ko Gobernu Batzordean, beste lau proiektu onetsi ziren, 660.000 euroko inbertsioa egiteko. Orotara, Bilboko Udalak, aurten, 1,2 milioi euro baino gehiago bideratu ditu dagoeneko nazioarteko elkartasunerako.

Bilboko Udalak epe luzerako planifikatutako garapenerako lankidetza bat sustatu nahi du, eta lau urtean zehar gauzatuko diren proiektuak lagundu diruz. Oraingo honetan, Udalaren laguntza jasotzen duten planak hauek dira:

  • Habana Zaharreko hirigune historikoan kalteberatasunezko egoeran dauden emakumeentzako laguntza sustatzea, KCD entitatearen eskariz (KCd Kultura Communication y Desarrollo), 70.000 euroko inbertsioarekin.
  • Edateko urez eta saneamenduz hornitzea Txad hegoaldeko sudandar iheslariak, ACNUR elkartearen bidez (70.000 euro).
  • Kalitateko hezkuntza ematea Santa Monica hezkuntza zentroaren bidez, Tanzanian, II. fasea, IQUITANZ elkartearen ekimenez (16.129 euro).
  • Akueduktu sistema bat eraikitzea landa aldeko komunitateetan Kolonbiako Bilbao-Planadas Corregimientoan, Kolonbia-Euskadi elkartearen eskariz (70.000 euro).
  • Komunitate erresilenteak sortzea edateko ura eta saneamendua eskuratzeko ahalmena sendotuz Zinbabwen, Coopera elkartearekin (70.000 euro):
  • Emakume protagonistak hiri-nekazaritza ekologikoaren aldeko mugimenduan, Guantanamon, Euskadi-Kuba elkartearen ekimenez (70.000 euro).
  • Giza kontsumorako eta saneamendurako ura bermatzea Perun, FIC Fundazioaren bidez (70.000 euro).
  • Kalitateko lehen mailako hezkuntzarako bidea sustatzea, kontuan hartuz genero berdintasuna eta ikasketa-ingurune seguruak Kongoko Errepublika Demokratikoan, Jóvenes y Desarrollo Elkartearen eskariz (70.000 euro).
  • ACOMEDAGUA emakumeen kooperatiba elkartearen enpresa-kudeaketa eta produkzioaren kateatzea azkartzea, II. Fasea, El Salvadorren, TAU Fundazioaren ekimenez (70.000 euro).

Bestalde, diruz lagundu diren beste lau proiektuek, lehenago jakinarazi baitziren, Erdialdeko Amerikan, Chiapasen (Mexikon), Hondurasen eta El Salvadorren ur hornidurako eta saneamenduko azpiegiturak hobetzea zuten xede, eta, halaber, Kolonbiako laborariei laguntzea bake-akordioak sinatu osteko garaian.