BILBO. Kultur dibertsitatea izango da Bilboko Udalaren zurrumurruen aurkako estrategiaren gai nagusia ekainean. Gainera, ostiral honetan, maiatzak 21, horren gaineko nazioarteko eguna ospatuko da.

Jarduerarik esanguratsuenen artean, Moha Gerehou-ren "Qué hace un negro como tú en sitio como este" liburuaren aurkezpena dago, ekainaren 1ean, 18:00etan, Bilborock aretoan. Gainera, irakurketa dinamizatuko zenbait saio egingo dira "Zurrumurruen aurka, sartu aterpean" kontakizun laburren IV. lehiaketako ipuin irabazle eta finalistekin, ekainaren 8an (gaztelaniaz) eta 10ean (euskaraz), 18:00etan, Azkuna Zentroko mediatekan, Txani Rodríguez eta Mónica Crespo idazleen eskutik.

"QUÉ HACE UN NEGRO COMO TÚ EN SITIO COMO ESTE"

Ekainaren 1ean, 18:00etatik 20:00etara, Bilborockek "Qué hace un negro como tú en sitio como este" liburuaren aurkezpena hartuko du, Moha Gerehou idazlearen eskutik, kazetaria eta Madrilgo SOS Arrazakeriako presidente ohia. Mamadou Ngon Euskadiko Munduko Medikuen kulturarteko bitartekariak dinamizatuko du saioa. Topaketa honetan, hainbat eremutan gertatzen diren bazterketa-egoerak identifikatuko ditugu, eta zenbait lekutatik (komunikabideetatik eta erakunde publikoetatik, adibidez) egin daitezkeen ekintzak proposatuko dira.

ZURRUMURRUEN AURKAKO IRAKURKETAK

Azkuna Zentroko mediatekak, ekainaren 8an (gaztelaniaz) eta 10ean (euskaraz), 18:00etatik 20:00etara, irakurketa dinamizatuen saioak hartuko ditu, "Zurrumurruen aurka, sartu aterpean" ipuin laburren IV. lehiaketako ipuin irabazle eta finalistekin. Irakurketak egileek egingo dituzte. Gero, mahai-ingurua antolatu da, Txani Rodríguez eta Mónica Crespo idazleek dinamizatua.

Ipuin-lehiaketa honen helburuak dira migratzaileen irudi berriak sortzea, topikoak eta aurreiritziak desegitea, eta kultur dibertsitateari buruzko narratiba berri bat sortzea. Etortzen diren pertsonek lehiaketako azken argitalpenaren ale bat eskuratuko dute: 2020ko edizioaren 10 kontakizun.

IRAKURKETEN PROGRAMA

Ekainaren 8an, 18:00etatik 20:00etara (gaztelaniaz)

Dinamizazioa: Mónica Crespo, idazlea, idazketa sortzaileko tailerren irakaslea eta UNEDeko irakaslea. Kontakizunen irakurketa:

  • Fernando Madariaga. Zurrumurruen aurkako kontakizun laburren IV. Lehiaketako 2. saria, gaztelaniaz. Kontakizuna: "Cartas perdidas entre bárbaras fronteras".
  • Txabi Anuzita. Zurrumurruen aurkako kontakizun laburren IV. Lehiaketako finalista. Kontakizuna: "La otra orilla".

Ekainaren 10ean, 18:00etatik 20:00etara (euskaraz)

Dinamizazioa Txani Rodríguezen eskutik: idazlea, kazetaria, gidoilaria eta hainbat komunikabidetako ohiko kolaboratzailea. Kontakizunen irakurketa:

  • Gotzon Plaza. Zurrumurruen aurkako kontakizun laburren IV. Lehiaketako 2. saria, euskaraz. Kontakizuna: "Tranbiako begiradak".
  • Ainhoa Zuluaga. Zurrumurruen aurkako kontakizun laburren IV. Lehiaketako finalista. Kontakizuna: "Gizajoak".

HERRITARTASUNAREN ETA ANIZTASUNAREN II. UDAL PLANA ETA ZURRUMURRUEN KONTRAKO ESTRATEGIA

Diskriminazioaren inguruan ohartaraztea eta haren kontra egitea lehentasunezko esku-hartze lerro bat da dibertsitatea kudeatzeko eta kulturartekotasuna sustatzeko tokiko estrategien esparruan. Alde horretatik, Bilboko Udalaren Herritartasunaren eta Aniztasunaren II. Udal Planaren barruan jaso da ekintza-lerro hori, eta gauzatzekoak diren ekintzen artean jaso da zurrumurruen kontrako estrategia ere. Estrategia hori NBEk 2015ean onartutako Garapen Jasangarriaren Helburuekin lotzen da; helburu horiek desberdintasunak murriztea, bakea eta justizia eraikitzea eta erakunde sendoak sustatzea dira, 2030 Agendaren funtsezko oinarriak diren neurrian.

Era berean, Bilbo Balioen Hiria izeneko Balioen Gutunarekin lerrokatuta dago proiektua, aniztasun kulturaletik abiatuta inklusioa, tolerantzia eta elkarbizitza mesedetzen duten ekintzak garatzen dituelako, eta bertan beti daudelako zenbait balio: justizia soziala, giza eskubideek merezi duten errespetua, inklusioa, konpromisoa, elkartasuna eta parte-hartzea.