BILBO. Bilboko Udalak bat egin du komunitate islamiarreko pertsonekin bukatu berri den Ramadan garaian.

Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotzia eta Kontxi Claver Gizarte Ekintzako zuzendaria Atxuriko Enkarnazio elizaren ingurura joan ziren aste honen hasieran, Bilboko Udala ordezkatuz. Hain zuzen ere, hor elkartzen dira musulmanak egunaren amaieran, Ramadanak irauten duen bitartean.

Han, arratsaldero, baraua hausteko jakiak eman zaizkie baliabide gutxiko pertsonei, besteak beste, Harira zopa marokoar ezaguna.

Udaleko ordezkariek meskitetako kideak eta komunitate islamiarreko pertsonen artean egunero janaria prestatzen eta banatzen duten boluntarioak agurtu dituzte. Ekimen hori eliza horretan eta Bailen kaleko Norai elkartearen lokaletan garatzen da, eta komunitate musulmanak berak antolatu ohi du, komunitateko kideen eta Elikagaien Bankuaren dohaintzei esker.

Bilboko elizbarrutiaren eta Euskal Herriko Kontseilu Ebanjelikoaren laguntza ere izan du, eta Bilboko Udalak laguntasuna eman du, Erlijioen Mahaiaren esparruan. Bisitan parte hartu dute, baita, Miguel Ángel Esnaola Bilboko Elizbarrutiko ekumenismoko eta erlijioen arteko elkarrizketako ordezkariak, Silvano Tonon Bizkaiko Eliza Ebanjelikoen koordinatzaileak eta Ellacuria Fundazioaren ordezkariak ere.

Beste batzuetan, banaketa meskitetan egiten zen, baina osasun-egoera ikusita, aurten egokitzapenak egin behar izan dira segurtasun-neurriak betetzeko, eta janaria eramateko ontzietan entregatu da. Arrazoi beragatik, uriko meskitek Ramadanari amaiera emateko ekitaldi jendetsurik ez antolatzea erabaki dute.

RAMADANA

Ramadana apirilaren 12an hasi zen. Hilabeteko baraualdiaren ondoren, atzo, maiatzaren 13an, Ramadan garaia amaitu zen (Aid al-Fitr); egun horri festa txikia ere deitzen zaio (festa handia Aid al Kebir edo "Arkumea hiltzea" da). Aid al-Fitr da islamiarrentzat katolikoentzat Gabonak direna. Komunitate islamikoan opariak egiten dizkiote elkarri, etxeak apaindu, arropa berria estreinatu eta plater tradizionalak prestatzen dituzte.

Aid al-Fitr-ek irauten duen egunetan, mundu osoko musulmanek barau egiten dute egunsentia baino lehenagotik eguzkia sartu arte; iluntzeko otoitzarekin batera egiten dute eguneko lehenengo otordua. Ramadanaren hasiera eta amaiera bezain garrantzitsua da Laylat al-Qadr izeneko eguna edo "Patuaren gaua". Egun horrek gogorarazten du Muhammad profetak Koranaren lehenengo errebelazioa, musulmanen liburu sakratua, jaso zuen gaua.