BILBO. Zorrotzako Zazpilanda auzoko 150 familiak baino gehiagok beren etxebizitzen eraikinen egoera hobetu ahal izan dute dagoeneko. Bilboko Udalak 84.000 euroko inbertsioa egin du eraikin bakoitzeko, batez beste. Ekimen honekin, Hiri Berroneratzearen Sailak auzoko eraikinen erdiaren birgaitzea sustatu du.

"Auzoak emandako erantzun ona, horratio, pizgarria da, eta aurrerantzean ere lan egingo dugu Zazpilandako gainerako erakinen eraikuntza-arazoei konponbide bat emateko, betiere bateratua, integrala eta hiri multzoarekiko begirunezkoa, eta oinarritzat hartuz eraginkortasun energetikoko irizpideak eta etxebizitzen erosotasuna hobetzeko irizpideak, eta uneoro familien egoera sozio-ekonomikoa aintzat hartuz", adierazi du Nora Abetek, Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi ordezkariak.

Zazpilanda Etxaldeak 49 eraikin ditu, 392 etxebizitza eta 712 bizilagun, eta Surbisak Bilboko Lehentasunezko Guneen Birgaitzea Sustatzeko duen Plan Estrategikoan dago sartuta. Surbisa duela bost urte iritsi zen Zazpilandara, eta bere xedea zen auzo horretako eraikuntza-multzo batean etxebizitzetako bizi kalitatea hobetzea eraikuntzak birgaituz, eta, orobat, auzo horretako eraikuntza-multzo baten gizarte-kohesioa sustatzea, auzoak nortasun handia zuelako eta Eusko Jaurlaritzak "zaurgarritzat" jo zuelako.

Hiri Berroneratzearen Sailak Surbisaren bidez esku hartzen dueneko gune bakoitzak bere ezaugarriak ditu eraikuntzen eta etxebizitzen zainketa- eta hobekuntza-beharrizanen aldetik, eta egoera sozioekonomikoaren aldetik ere laguntza espezifikoa behar izaten dute, dela teknikoa, soziala edo ekonomikoa.

Zazpilanda auzoaren kasuan, eraikin-multzo honek 67 urte ditu, eta hutsune handiak ditu zainketetan, eta hezetasun- eta osasungaiztasun-arazoak ere bai; ugazaben erkidegoak ere, gehienak, ugazabek eurek kudeatzen dituzte, eta batez besteko errenta familiako 15.000 euro baino txikiagoa dute. Surbisak lagundu egin die egoiliarrei eraikin bat guztiz birgaitzeak dakarren prozesu osoan, eraikuntza-konponbiderik onenak eta eraginkortasun energetikoaren aldetik ere konponbiderik onenak ematearren, eta ugazaben batzarrak sustatu izan ditu eta haietan parte hartu ere bai, erabakiak erraztearren.

Ugazaba batzuen zaurgarritasun ekonomikoa dela-eta, azterlanak egin behar izan dira aldez aurretik, esku hartzearen bideragarritasun ekonomikoari buruzkoak, eta finantzazko laguntza eta konponbideak ere bilatu behar izan dira banakoentzat, diru laguntasunik edo babesik ez zuten zenbatekoetarako, hartara familia guztiek izan zezaten aukera behar ziren hobekuntzak egiteko (etxebizitzako 10.000 €-ko kostua ordainduz), eta bat bera ere baztertu gabe. Surbisak leihatila bakarra izan du dirulaguntzen eskabideak kudeatzeko orduan, eta % 65 da, batez beste, eraikuntzako ematen den dirulaguntza.

HISTORIA DUEN AUZOA

Zazpilanda Etxaldea, beraz, Zorrotza auzoko goiko aldean dago, eta Obra Sindical del Hogar izeneko erakundeak 1954an proiektatutako eraikin-multzo bat da, soziala, eta garai hartako eraikuntza-elementuak ditu; izan ere, erosotasunaren, irisgarritasunaren eta eraginkortasun energetikoaren arloetako neurriak, orduan, ez ziren nahitaezkoak.

Eraikinak ez ziren zaindu izan, eta agerikoa zuten apurka-apurka endekatzen eta hondatzen ari zirela, nahiz eta haien ugazaben arteko % 60ak adierazi pozik zegoela bere auzoan. Eraikinen andeatze fisikoa eta horrek dakartzan ondorio sozioekonomikoak gerarazi eta egoera irauli nahiz, beharrezkoa zen hiri-birgaitze bat. 49 eraikin horiek 8 bloketan batzen dira, eta guztira 392 bizitegi dauzkate, merkataritzako lokalik gabe. Bizilagunak, guztira, 712 dira.

Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bidez, kudeaketa-lan bat egin du, informazioa emanez eta laguntza eskainiz bloke guztientzat konponbide bateratu eta integral bat gauzatzeko eta, hala, eraikuntzetan hautemandako hiru beharrizan motari erantzuteko:

  • Oinarrizko birgaitzea: eraikinak segurtasun- eta bizigarritasun-egoera onean edukitzea.
  • Irisgarritasuna: igogailuak ipintzea etxebizitzetarako irisgarritasuna osoa izan dadin, solairu guztietan.
  • Fatxaden isolatze termikoa: hezetasunak ezabatzeko eta bizilagunen erosotasuna handitzeko, eta argindarraren, butanoaren eta gas naturalaren fakturak merkeagoak atera daitezen.

SURBISAK 5 URTEAN EGIN DUEN KUDEAKETA

Bost urte honetan, Surbisak eskaini duen laguntzari esker, eraikinen % 45 birgaitu da, eta inbertsio pribatua 1.600.000 €-koa izan da, eraikinen fatxaden eta estalkien eraginkortasun energetikoa birgaitzeko obretan; zenbateko horren % 60 Surbisak eta Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzen bidez ezarri da.

Lortutako helburuen artean nabarmentzeko moduko datuak dira, orobat, etxebizitza hutsen ehunekoa gutxitu izana % 13,5etik % 10,45era, eta birgaitutako etxebizitzetako familien % 37k adierazi izana bere etxebizitzako argindar faktura merkatu egin dela.

Zazpilandan egindako gogobetetze-inkesta baten arabera, galdetu zaien bizilagunen arteko % 88,8k uste du etxebizitzen ongizatea hobetu egin dela obrak egin ostean. Era berean, % 100ek uste du merezi duela obrak egiteko beharlekua hartzea, emaitzak ikusita, eta % 96,3k dio gomendatuko liekeela obrak egitea beste eraikin batzuetan bizi diren beste bizilagun batzuei. Beste alde batetik, birgaikuntza energetikoko obrarik egin ez duten eraikinetan bizi diren bizilagunek obrak egiteko interesa eta gogoa adierazi dute.

Surbisak obra horretan eduki duen zerikusiari dagokionez, % 55,55ek dio zerikusi hori "nahiko garrantzitsua" izan dela, eta % 37,03k uste du "oso garrantzitsua" izan dela. Gainera, inkesta egin zaien pertsonen arteko % 99k uste du Surbisak prozesu horretan eskaini zien arreta ona edo oso ona izan zela.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak esku-hartze integrala sustatzen du urian, hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten die. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere landu behar direla, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Surbisa udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal sozietateak esku-hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitateko etxebizitzak eskaintzea, eta bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren lanaren helburua da bizi-kalitatea lortzea, jarduera sustatzea eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.