BILBO. Datorren larunbatean, maiatzak 8, ospatuko den Bidezko Merkataritzaren aldeko Nazioarteko egunarekin bat egingo du Bilboko Udalak.

Hasiera-hasieratik kausa horren alde agertu ez ezik, Udalak, erakunde moduan, konpromisoak ere hartu ditu bere gain, eta, hala, bidezko merkataritzako dendetan erosten ditu Olentzero eguneko eta Erregenetako kabalgatako gozokiak, eta catering zerbitzu batzuk kontratatzen ditu eta merchandising gaiak ere eskuratzen ditu halako dendetan.

Era berean, Bilboko Udalak Bidezko Merkataritzaren aldeko Hirien lantaldean parte hartzen du beste entitate batzuekin batera, hala nola Adsis Fundazioa, Vicente Ferrer Fundazioa, Adeco elkartea, Proclade Yanapay, Oikocredit, Oxfam Intermon, eta Kidenda-Elizbarruti Misioak, Cáritas eta Alboan. Entitate horiekin batera, udalak zenbait sentsibilizazio-proiektu ere sustatzen ditu, eta bidezko merkataritzako kafea eskaini izan du hainbat kafetegitan, eta sentsibilizazio-kanpaina bat ere sustatu du Black Friday delakoaren astean.

Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetza Saileko zinegotziak azaldu du zergatik egiten duen Bilboko Udalak era horretako kontsumoaren alde: "Bidezko Merkataritza kontsumitzea da jakitea alderdi ekonomikoetan justizia lortu nahi duen mugimendu baten alde egiten dela. Bidezko Merkataritza kontsumituz, badakigu zeren alde egiten dugun, eta bat egiten dugu ekoizle diren pertsonekin, zeren eta horretantxe baitago jan ahal izatearen eta ezin jatearen arteko diferentzia, edo duintasunez bizitzearen edo txirotasunik gogorrenean bizitzearen artekoa, alegia, ea soldata duin bat ordaintzen ote zaien pertsona ekoizleei beren produktuengatik".

Halaber, zinegotziak adibide gehiago ere eman ditu ohartzeko zer den arduraz erostea: "Bidezko Merkataritza hautatuz, batek badaki jaten dugun txokolatea ez dela egin ume esklaboen eskuz, edo jantzi dugun zapia ez duela egin josteko makina batean esplotaturik daukaten emakume batek". Gainera, Bidezko Merkataritzaren oinarri diren balioak ere zehaztu ditu: "ingurumen jasangarritasunaren baloreak gehitzen zaizkio merkataritza jasangarriari, eta txirotasun, desberdintasun eta gizarte bazterketaren arazoei erantzuten zaie".

BIDEZKO MERKATARITZAREN ALDEKO HIRIA - FAIRTRADE TOWN

Bizkaiko hiriburuak, lankidetzaren eta elkartasunaren aldeko lan hori medio, Bidezko Merkataritzaren aldeko Hiria - Fairtrade Town titulua lortu zuen 2012an. Izendapen horrek egiaztatzen du uri bati buruz ezen haren administrazioak, hango enpresek, elkarteek eta merkataritzak bidezko merkataritzako produktuak hurbiltzen dizkietela herritarrei eta merkataritza horren inguruko sentsibilizazio-ekintzak gauzatzen dituela.

Hala, bada, Bilbo Euskadiko lehen uria da, Getxorekin batera, sari hori lortu duena. Gaur den egunean, mundu osoko 2000 udalerri baino gehiagok lortu dute titulu hau, eta 33 herrialdek parte hartu izan dute Bidezko Merkataritzaren aldeko sustapenean, hala munduaren iparraldean nola hegoaldean. Horien artean daude Londres, Paris, Quito, Melbourne, Menjez (Libano), Kumamoto (Japonia) edo New Koforidua (Ghana).

"BIDEZKO" DENDAK ETA TABERNAK BILBON

2019an, Bilboko Udalak abian jarri zuen, Oxfam Intermon eta Kidenda entitateekin batera, kaleen mapa bat, Bilbon Bidezko Merkataritzako produktuak eskaintzen dituzten 100 denda eta taberna baino gehiago agertzen zituena.

Kaleen mapa hori deskargatzeko moduan dago hainbat euskarri fisikotan eta hiri-altzaritan, eta baita formatu digitalean ere, Bilboko Udalaren webgunean, eta baita ere Udalaren sare-sozialetako kontuetan: Bilbao Solidarioa -facebook eta twitter- eta Bilboko Udala -facebook, instagram eta twitter-.

BIDEZKO MERKATARITZA

Bidezko Merkataritzaren aldeko mugimendua 60ko hamarraldiko urteetan jaio zen, txirotasunaren eta desberdintasunen kontra egiteko. Merkataritza modu honen xedea da komunitate txirotuenen garapena eragitea haien produktuak merkaturatuz eta nazioarteko merkatuetan bidezkotasunez eta ekitatez sartzeko modua erraztuz. Bidezko Merkataritzaren aldeko nazioarteko mugimenduak badu funtsezko agiri bat, erakunde guztiek bete beharrekoa, Printzipioen Gutuna deritzona, eta hor du bere araudia. Hamar (10) dira Bidezko Merkataritzaren printzipioak, eta horien artean, ordain bidezkoa, umeen lana eta lan behartuak galarazita izatea, genero berdintasuna eta ingurumenaren errespetua.