BILBO. Astero bezala, kulturarekin erlazionatutako aisialdirako aukera eskaintza zabala dakar #BilbaoUdaberria2021 programak. Bilboko Udalak musikaz, erakusketaz eta zinemaz beteko du uria datorren astean.

Hala, datorren astean, berritasun ugari izango dira uriko kultur agendan klasiko bihurtu diren programekin, hala nola FANT fantasiazko zinemako jaialdia, edo "Musika dibertigarria da" programa edo "Magiarekin Topaketak" programa. Gainera, proposamen hauekin batera, beste ekimen batzuk ere izango dira, astero-astero kultura Bilboko bizilagunei hurbiltzen dietenak, hala nola Bidebarrieta Kulturgunea edo Expodistrito.

Maiatzaren 3tik aurrera, erakusketak, filmak, zientziarekiko hitzorduak eta magia ikuskizunak izango dira aukeran Bizkaiko uriburuan, familiako kide guztiek izan dezaten modua kalitatezko kultur programazio batez gozatzeko, osasun eta segurtasun berme guztiekin, eta etxetik gertu.

Hona programazioa, maiatzaren 3tik 9ra:

1. BARRUTIA

SAN INAZIO - IBARREKOLANDA UDALTEGIA

  • Expodistrito (aste osoan)

Expodistrito programak San Inazioko udaltegira dakar "Pertsonak. Lekuak. Uneak" argazki-erakusketa, Bizargorriena. Argazki hauek ostera baten lekukotza dakarte, elkarren artean oso desberdinak diren hamar herrialdeetan zehar egindako ostera batena, eta uneak, jarrerak eta espazio bereziak atzitzeko saioa egiten du. Ez da perfekzio teknikoa argazkietan bilatzen duena, baizik eta iheskortasunak, egoera bakanak atzitzea, non, aldi berean, pertsona guztiek ikus ditzaketen islaturik beren buruan. Doan da sartzea.

3. BARRUTIA

OTXARKOAGAKO UDALTEGIA

  • Magiaren Topaketak (maiatzaren 3tik aurrera)

“Magiaren Topaketak” programa “Acróbatas de la Laringe” (Laringeko akrobatak) erakusketarekin jarriko da abian; erakusketa bentrilokiari buruzkoa da, elkarreraginezkoa, bakarra...alegia, magiarekin lotura duen arte hain ezezagun horri buruzkoa. QR kodea duten xaflen eta garaiko kartelen bidez, Otxarkoagako udaltegira hurbilduko denak magiaren arteen barruan dagoen mundu bitxi hau ezagutuko du. Sarrera doan da, baina gonbidapena behar da.

UGARTE PLAZA

  • Magia eta Dibertsioa (maiatzaren 6an, 19:00etan)

Madiberrek proposatzen du ikuskizun parte hartzezko hau, Magia eta Dibertsioa, euskaraz, magiaz eta dibertsioz betetakoa, non magoak barre eragin eta hunkitu egingo baititu haurrak magiaz, jolasez eta musikaz. Sarrera doan da.

GARAI LORATEGIA

  • “Euskal Magoak On Stage 2021" gala (maiatzaren 8an, 19:00etan)

Magia-gala hau made in Euskadi da, eta Imanol Ituiño, Tor Magoa, Txoborro, Hodei Magoa eta D’Abeniz ditu gidari. Ilusionismoaren artearen hainbat diziplina bertoko artistekin. Agertoki berean, ikusteko magia, komedia magikoa eta magia ikusgarria izango dira ekitaldi berezi honen amaieran, hemengo artistekin. Sarrera doan da, baina gonbidapena behar da.

4. BARRUTIA

BEGOÑAKO UDALTEGIA

  • Expodistrito (aste osoan)

Expodistrito programak Begoñako udaltegira dakar “Entropia”, Jakue Barearen margolaritzazko proposamena. “Entropia” da sistema batek ordena galtzeko duen joera berezkoa. Hala ere, nahiz eta guztiak duen joera kaos eta ziurgabetasun egoera baterantz lerratzeko, beti geratzen da leku bat edertasunerako. Sarrera librea da.

5. BARRUTIA

BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIA

  • Bidebarrieta Kulturgunea

Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldi aretoak ere parte hartzen du aste honetan Bilboko kultur bizitzan, proposamen hauekin:

  • Maiatzaren 6an, 19:00etan.

Bidebarrieta Kulturguneak topaketa berri bat proposatzen du “Matematikak eguneroko bizitzan” zikloarekin; mintzaldia euskaraz izango da, eta Irantzu Barriok emango du, EHUko doktoreak, "Estatistika mundua ulertzeko bidelagun" goiburuarekin. Sarrera libre izango da, aretoa bete arte, baina ezinbestekoa izango da doako gonbidapena eskuratzea.

  • Maiatzaren 7an, 19:00etan.

Idoia artistak bere lehen diskoa aurkeztuko du: "Ilun eta Abar" Sarrerak salgai daude Bilbao Kultura webgunean.

6. BARRUTIA

ZABALGUNEKO ERAIKINA

Zabalguneko eraikinean izua nagusituko da FANTekin, maiatzaren 5etik aurrera. Banpiroak beti merezi du tarte bat edozein ekitaldi berezitan, zerbait izango bada. Eta FANT Bilbao jaialdia ez da gutxiago, jakina. Pertsonaia odol xurgatzaile mitikoa, hark duen erotismozko eta misteriozko kutsua, oso bizirik egongo dira "Odol Tinta - Banpiroei Omenaldia" izeneko erakusketan, zeinetarako hogeita bost artista ospetsuk eta talentu berrik, komikiaren, irudigintzaren eta diseinuaren arlokoek, fantasiazko generoko ikur ezinbesteko horren inspirazioz egindako irudiak sortu baitituzte, begirada beti Bram Stoker-en Drakula betierekoan jarrita.

Erakusketa doan ikusi ahal izango da, eta bertan izango dira hainbat sortzaileren banpiro-arte berri eta argitara eman gabeak, hala nola Quan Zhou, Raquel Alzate, Laura Pérez, Josune Urrutia, Ane Pikaza, Irene Márquez eta Conxita Herrero; eta baita beste begitazio batzuk ere, beste hauenak: Carla Berrocal, Natacha Bustos, Olga de Castro, Sara Bea Delgado, Genie Espinosa, Ana Galvan, Susanna Martín Raquel Meyers, Klari Moreno, Mamen Moreu, Mireia Pérez, Miriampersand, Ana Oncina, Ana Belén Rivero, Clara Soriano eta Sandra Uve Sarrera doakoa da.

AZKUNA ZENTROA

  • FANT (maiatzaren 6tik aurrera)

FANT - Fantasiazko Jaialdiaren 27. aldia maiatzaren 6an hasiko da. Jaialdiak ezin huts eginezko hitzorduekin bete ohi du uria genero hau maite dutenentzat eta lehen aldiz hurbildu nahi duenarentzat. “Ilargi Guztiak” filmaren mundu mailako estreinaldia izango da. “Ilargi guztiak” izango da jaialdia abiarazteko ardura izango duen filma, aldi berri honetan, eta, ondoren, beste 72 emanaldi izango dira, eta haien artean nabarmentzekoak dira Estatu mailako zortzi estreinaldi eta Europa mailako hiru.

BERTENDONA INSTITUTUA

  • Musika dibertigarria da - La música es divertida (maiatzaren 7an, 18:30etan)

Maiatzean zehar, Bertendona Institutuak abian jarriko du “Musika dibertigarria da - La música me divierte” programa, kontzertu didaktikoen sailen edizio berri batekin.

Hainbat musika taldek parte hartuko dute, betiere herritarren artean musikazaletasuna sustatzeko asmoarekin, eta, orobat, jendeari musika klasikoa eta beste estilo ez horren ezagun batzuk hurbiltzeko asmoarekin. Programa Bilbaosinfonietta Quartet - Zinemako soinu-bandarik onenak izeneko kontzertuarekin hasiko da. Balio askotarako taldea da, malgua, musika klasiko-garaikide inguru batekoa eta bestekoa emateko gauza dena. Musika aukera zaindua eskainiko dute, zinemako soinu-bandez osatua, eta aurkezpen didaktiko bat egingo dute, jendeari esperientzia magiazko eta argiz eta irudimenez bete bat biziaraziz.

Sarrerak 5 eurotan egongo dira salgai helbide honetan. Sarrera kopuru txiki bat gordeko da leihatilan saltzeko (17:30etik aurrera).

ABANDO-BARRAINKUA UDALTEGIA

  • Expodistrito (aste osoan)

Abandoko udaltegian izango da Blanca Basaberen proposamen plastikoa Expodistritoren barruan. Proposamenaren ardatza elkarrizketa da, musikaren eta kolorearen artekoa, eta xede ditu bere akuarelen kontsonantzia eta haien bidez ikusleengan eragin nahi dituen zirrarak. Kromatismo oinarrizko batetik abiatuta, hastapeneko soinu inpaktuzkoaren irudikapena bilatzen du, musikazko unibertso joritasun kromatikoz bete bateranzko bilakaeran, sinplifikaziorik handiena eta akorderik dramatikoenak aurkitzeko berriz ere. Sarrera doakoa da.