BILBO. Uriko auzoak dinamizatzeko helburua duen programa berria aurkeztu du Bilboko Udalak, #BilbaoAurrera2021 Planaren barruan antolatutakoa. 'Auzo Active' izeneko programa honek 10 eta 17 urte bitarteko gazteentzako doako kirol jarduerak eskainiko ditu.

Aginte-planean sartutako programa da, haur eta gazteentzako monitorizatutako jarduerak indartzeko gizarte-kohesioko neurrietako bat den aldetik, bereziki aire zabaleko hezkuntza-jarduerak. Monitoreekin jarduera gidatuak auzoetako kirol-espazioetan: frontoiak, kirol-kantxak, parkeak eta ibilbideak gerriko berdean.

Programak helburu bi dauzka; alde batetik, aisialdi osasungarriko kultura sortzea, hainbat baliotan oinarrituta: ahalegina, lankidetza, tolerantzia, integrazioa, adiskidetasuna edo joko garbia; eta, bestetik, eremu publikoa dinamizatzea, Bilboko auzoen gizarte- eta komunitate-kohesioan aurrera egiteko estrategia gisa.

Gazteria eta Kirol Saileko eta Lankidetza, Bizikidetza et Jaietako Saileko Itxaso Erroteta eta Itziar Urtasun zinegotziek, hurrenez hurren, Auzo Active aurkeztu dute gaur goizean. Programa bera bihar hasiko da, apirilaren 24an, zapatua, Abusun. Aurkezpenaren prentsaurrekoan Otxarkoagako Tendel elkarteko Kerman Oliva ere izan da. Elkarte hori programan aurreikusitako jarduerak egingo dituen erakundeetako bat da, Udalarekin lankidetzan.

Errotetak nabarmendu duenez, "eremu publikoa gazteenen zerbitzura jarriko dugu, kirol-eskaintza erakargarri, osasungarri eta unibertsalarekin". Horri dagokionez, "guztion gustu eta beharretan pentsatuz eskaintza bat sortu dugu, hirigintza-, kultura- eta gizarte-oztoporik gabe; horrela, parte hartu nahi duen 10 eta 17 urte bitarteko edozein adin txikikok egin ahal izango du", azpimarratu du. Gaineratu duenez, "ez ditugu soilik aisialdi osasungarriko guneak nahi, integraziorako, inklusiorako eta bizikidetzarako espazioak ere nahi ditugu, aniztasuna balio erantsia, positiboa eta Bilboko gizartearen isla izango dena".

Itziar Urtasun zinegotziak, bere aldetik azpimarratu du "programa hau hobetzeko tresna da, eta kohesio sozialean, elkarbizitzan eta komunitatean aurrera egiten lagunduko digu." Urtasunek gaineratu duenez, Auzo Active programak "aukera emango digu adin txikikoenetatik komunitatearen esparruan parte hartzeko eta bizikidetza oneko harremanak izateko kultura sortzeko; harreman horiek iraun egingo dute kasu askotan, eta finkatu egingo dira denboran zehar". Azkenik, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak programa hau arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren emaitza izatearen garrantzia nabarmendu du: "Udalaren eta Bilboko esparru desberdinetako elkarteen arteko sarea sortzen edo sendotzen lagunduko digu".

Programa hau garatzeko, auzoetan lan egiten duten gizarte- eta hezkuntza-erakundeen laguntza izango du Bilboko Udalak, besteak beste, Otxarkoagako Tendel, Umeak Kalean, Uribarriko Gozaldi, Errekaldeko Gazteleku, Iralako Eragintza eta Zorrotzako Gure Lurra.

Elkarte horiek dinamizatuko dituzte jarduerak —bakoitza bere erreferentziako auzoan edo barrutian—, eta hainbat kirol-erakunderen laguntza izango dute (Athletic Fundazioa, Saskibaloi Federazioa, Herri Kirolen Federazioa, BSR Bilbao, ONCE, AVIFES, GAITUZ, Parkour Bilbao, Irrisbizi€). Lankidetza lan horri esker, Udalak esparru desberdinetako entitateekin duen harremana sendotu ahal izango da eta sinergiak sortuko dira haien artean.

JARDUEREN PROGRAMA

Edozein gaztek har dezake parte Auzo Activen aurreikusitako jardueretan. Edukiera-mugari eutsiko zaio beti, baina ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Auzo bakoitzeko eskaintza desberdina izango da eta garatuko diren eremuetara eta asteburu bakoitzean parte hartuko duten kirol-klubetara edo auzo-elkarteetara egokituko da (herri kirolak, zumba, saskibaloia, parkour, boxeoa, ping-pong, goalball, patinajea, kalistenia, slack line€).

Programa bihar hasiko da, apirilak 24, larunbata, 11:00etatik 14:00ak arte, Abusu auzoko Ibaieder parkean. Jarduerak maiatzeko eta ekaineko asteburuetan egingo dira, Bilboko kirol espazioetan eta aire zabalean.

  • Auzo Active Uribarri: maiatzaren 8a, larunbata, 17:00etatik 20:00etara. Moraza plaza.
  • Auzo Active Errekalde: maiatzaren 14a, larunbata, 17:00etatik 20:00etara. Errekalde plaza.
  • Auzo Active Otxarkoaga: maiatzaren 22a, larunbata, 09:00etatik 15:00etara. Lozoño plaza.
  • Auzo Active Irala: maiatzaren 29a, larunbata, 11:00etatik 14:00etara. Floresta lorategia.
  • Auzo Active Uribarri: Ekainaren 5a, larunbata, 11:00etatik 14:00etara. Uzturre plaza.
  • Auzo Active Zorrotza: Ekainaren 12a, larunbata, 11:00etatik 14:00etara. Zorrotza lorategia eta kaia.
  • Auzo Active Errekalde: Ekainaren 8a, ostirala, 17:00:00etatik 20:00etara. Eskurtze parkea.
  • Auzo Active Abusu: Ekainaren 19a, larunbata, 11:00etatik 14:00etara. Ibaieder parkea.
  • Auzo Active Bilbao: Ekainaren 26a, larunbata, 11:00etatik 14:00etara. Evaristo Churruca kaia. Azken jardunaldian Bilboko auzoetako elkarteek eta programan parte hartu duten kirol-erakundeek parte hartuko dute.

OSASUN-SEGURTASUNEKO NEURRIAK

Jarduera guztiak covid-19aren aurkako osasun arau eta gomendioei jarraikiz egingo dira, eta honela egokituko dira:

  • Jarduerak eginen diren eremuak hesituta egongo dira. Sarrera eta irteera puntuak ezarriko dira, antolatzaileek kontrolatuta.
  • Jarduera-eremu bakoitzerako gehieneko edukiera 6 pertsona izango da talde bakoitzeko (Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak aire zabaleko jardueretarako 2021eko martxoaren 31n emandako araudiaren arabera).
  • Jarduera eremu guztietan sartzeko eta irteteko, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira.
  • Jardueretako sarbideetan tenperatura hartuko da.
  • Ahal den neurrian, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu behar da jarduera egiten denean.
  • Prebentzioko neurri modura, parte hartzen duten pertsonen izena eta telefonoa jasoko dira (borondatezkoa izango da).
  • Maskara derrigor erabil behar da jarduera egiten den bitartean.
  • Erabilitako material guztia talde-aldaketa egiten den bakoitzean desinfektatuko da.
  • Jarduera eremuen kanpoaldean, 4 metro karratu izango dira pertsona bakoitzeko; antolaketako langileek kontrolatuko dute hori.