BILBO. Bilboko Udalak bat egingo du datorren astelehenean, apirilak 26, ospatuko den Lesbianen Agerikotasunaren Egunarekin. Egun horretarako, Udalak 'Bagara/Somos' izeneko erakunde-kanpaina jarriko du martxan.

"Emakume lesbianen agerikotasuna hobeto dabil beren inguruetan edo gertuko jende taldeetan, ezen ez espazio publikoan, hau da, kalean, lanean edo hedabideetan, zeren eta hor, oraindik ere, ezkutatu egiten baita", adierazi du Nekane Alonso Bilboko Udaleko Berdintasun Saileko zinegotziak.

Kanpaina honen bidez, Udalak Bilboko gizartea sakontzera gonbidatzen du, azter dezan zer zeregin bete duten emakume lesbianek kulturan, hedabideetan eta espazio publikoan era batera edo bestera agertzeko orduan, hor zer ibilbide egin duten, edo zer absentzia eta presentzia izan duten.

Hala, bada, Nekane Alonsok adierazi duenez, "berdintasunean aurrera egingo badugu, identifikatu egin behar ditugu emakume lesbianek pairatzen dituzten diskriminazioak, neurri handiagoan gertatzen baitira emakume izateagatik sexuzko joeragatik baino".

WEBINAR: "IKUSEZINETIK AGERIRA/ DE LO INVISIBLE A LO VISIBLE"

Horregatik guztiagatik, Udalak, egun horretarako, kanpaina bat antolatu du, Udalaren webgune honetan eta sare sozialetan nahiz euskarri fisikoetan eta hirietako hiri-altzarietan ikusi ahal dena, baina baita ere online mintegi bat, "Ikusezinetik agerira/ De lo invisible a lo visible" izenekoa, gogoeta eta ezagutza eragiteko, emakume lesbianak ere edozein gizarte-arlotan erreferente izango diren jendarte baten alde.

Webinarra apirilaren 26an izango da, 12:00etan, eta Udalaren webgunean ikusi ahal izango da, LGTBIQ* politiketan adituek parte hartuko dutelarik, hala nola diren Beatriz Gimeno eta Irantzu Varela.

Lehenik, Beatriz Gimenok hartuko du hitza; bera Filologia Semitikoko lizentziatua da. LGTBI mugimenduaren aldeko ekintzailea da oso gaztetatik. FELGTB Estatuko federazioko presidentea da, idazlea ere bai, artikulu-idazlea eta irakaslea. Hamabi (12) liburu idatzi ditu feminismoaz, sexualitateaz, lesbianismoaz...eta baita bi liburu poesiazkoak ere Emakumeen Institutuaren zuzendaria izan da.

Bere mintzaldian, zeinaren izenburua baita "Lesbianen posizioa sistema patriarkalean", lesbianek sistema patriarkalean bizi duten diskriminazio bikoitzaren gainean mintzatuko da, "ikusezinak izatea baitakarkie, eta baita beren existentzia bera ukatu beharra, eta gorrotoaren xede bihurtzea, beren sexuaren traidore, eta are sexu-objektu ere".

Bigarren mintzaldia Irantzu Varelak emango du; bera komunikazio-zientzietan lizentziatua da. Faktoria Lila formazio eta sorkuntza feministako espazioaren koordinatzailea da. "El Tornillo" saioa aurkezten du Publico TV telebistan, eta "Aló Irantzu" atala darama Pikara Magazine online kazetan. Lankide da hainbat hedabidetan, eta hitzaldiak eta formazioa ematen ditu bortizkeria matxistaz, feminismoaz eta komunikazioaz. "Él Nunca me Pegó" dokumentalaren zuzendaria da, eta "(Ya no) soy esa" liburuaren egilea.

Varelak emango duen hitzaldiaren izenburua hau da: "Sexu ikusezina: lesbianismoa joera isildu moduan", eta lesbianak hedabideetan ikusezin izateaz jardungo da. Halaber, azalduko du nola, bere ustean, jarduten diren rolak eta estereotipoak sistema patriarkalean, izaten direnean, eta orobat jardungo da emakume lesbianen agerikotasuna era egokian eragiteko beharraz, eredu positiboak eskaintzearren.