Hirugarren edizioa

Bilbao Balioen Sariak banatu ditu Udalak

15.04.2021 | 17:57
Hiru saritu egon dira Bilbao Balioen Sarien hirugarren edizioan.

BILBO. Gaur goizean, apirilak 15, Bilbao Balioen Sariak banatu egin ditu Bilboko Udalak. Hirugarren edizio honetan, hiru izan dira sarituak: Aldauri Fundazioa, irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeen kategorian; Zabalburu ikastetxea, ikastetxeen kategorian eta Jazz Cultural Theatre of Bilbaok, denda, ostalaritza, elkargo profesional edo antzeko beste erakunde batzuen kategorian.

Amaia Arregi alkateordeak nabarmendu ditu sari horiek gizartean balioak sustatzeko tresna direla, eta adierazi du epaimahaiak bereziki baloratu dituela pandemiaren ondorioak arintzen edo leuntzen dituzten proiektuak, "koronabirusak sortutako egoera, ezustekoa izateaz gain, gogorra eta konplikatua gertatzen ari dela. Eta, egoerari aurre egin eta gainditu ahal izateko, gure Agirian jasota dauden balioetan errotutako neurriak hartu eta garatu behar ditugu, hain zuzen ere: osasuna, elkartasuna, ahalegina, erantzunkidetasuna, justizia soziala eta konpromisoa. balio garrantzitsuak eta uneotan, funtsezkoak" gehitu du Arregik.

SARITUTAKO PROIEKTUAK

  • Irabazi asmorik gabeko elkarteen eta entitateen kategorian:

ALDAURI Fundazioa, pandemia garaian herritar guztiei teknologia berrietarako sarbidea erraztuz eta hurbilduz.

Proiektu hau web-orrialde honetan oinarritzen da. Fundazio honek sortu zuen, konfinamendu-garaian, eta, bereziki, adineko pertsonei zuzenduta dago. Helburua zen teknologien erabilerari buruzko aisia-, informazio- eta tutoretza-espazioak eta -alternatibak eskaintzea (bideo-deiak, whassapp€), baliabide horietara erraz iristeko modua ematea, balio erantsi batekin, euskaraz eta gaztelaniaz gain, arabiarrez ere eskaintzen baitute edukia.

Eragin sozialeko ekimena delako aukeratu du Epaimahaiak proiektu hau, zuzenean lotuta dagoelako gizarte-justiziarekin, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin, aniztasunarekin, inklusioarekin eta konpromisoarekin, "batez ere pertsona zaurgarrienei edo ahulenei zuzendutako ekintzak baitira euren jardunaren ardatz, eta, era berean, dituzten baliabide eta bitarteko guztiak guztion onerako jartzen dituztelako, bizi-kalitatea errazte aldera".

Gainera, positiboki baloratu du epaimahaiak covid-19ak sortutako egoerara egokitzeko egin den ahalegina; izan ere, konfinamenduaren aurrean, baliabideak eta bitartekoak egokitzeaz gain, "adineko pertsonei bakardadean laguntzeko modua" bilatu zuten, eta web gune berri bat jarri zuten haien eskura, aisialdirako eta tutoretzarako modu berriak eskainiz, beren prestakuntza hedatuz plataforma telematikoen eta beste baliabide batzuen bidez; gainera, hasieran eskaintza gaztelaniaz eta euskaraz ematen zuten baina arabiarrekoa gehitu zioten.

Sari honek dituen 3.300 euroak proiektua osatzen jarraitzeko erabiliko dute, berritasunekin, eta webaren edukia hiru hizkuntzetan edukitzeko.

  • Ikastetxeen kategorian:

Zabalburu ikastetxea, "La hora del té" ekimenagatik. Ekimen horren bidez, ikastetxeko ikasleei hainbat ikasgairi eta irakasgairi lotutako kontzeptuak ikasten lagundu nahi zaie, eta, aldi berean, zeharkako gaitasunak garatu, euren inguruan gertatzen diren egoeren erantzule eta parte-hartzaile eginez.

Proiektu honetan, gai organikoen deskonposizioa analizatu dute, te-poltsak erabiliz, klima-aldaketa aurreikusten saiatzeko. Prozesu horretan, batxilergoko 1. mailako ikasleek hartu dute parte, 16 eta 18 urte bitarteko 90 ikasle inguruk, te-poltsatxo batzuk lurperatuz. Hiru hilabeteren buruan, poltsatxo horietako materiaren deskonposizioa aztertu dute, hainbat faktore kontuan hartuta (lurzorua, klima, ongarriak€). Azkenik, lortutako datuak integratu dituzte, eta tresna estatistikoen bidez, klima-aldaketan duen eragina kalkulatu dute.

Epaimahaiak ekimen hori aukeratu du diziplina anitzekoa, lankidetzakoa eta berritzailea delako, eta hortaz, lotura zuzena duelako ingurumeneko jasangarritasunarekin, ahaleginarekin, erantzunkidetasunarekin, elkartasunarekin, ilusioarekin eta parte-hartzearekin. Ekimen horren bidez, "ikasleen inplikazioa lortu nahi da, modu proaktiboan parte har dezaten ingurumena zaintzen, eta, aldi berean, pentsamendu kritikoa bultzatzen du, planteatutako egoera/arazoa aztertuz".

Kasu horretan, 3.300 euroko diru-saria "Bilboko Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteari" emango zaio, pandemiaren ondorioz sektorean bizi duten egoera konpontzen laguntzeko.

  • Saltokien, ostalaritzako establezimenduen, elkargo profesionalaren edo antzeko entitateen kategorian:

Jazz Cultural Theatre of Bilbao, Mi botella amiga del planeta. Mares y ciudades sin plásticos s ritmo de jazz. Reduce, reutiliza, recicla, recupera y repiensa proiektuagatik.

Kanpaina honen bidez, jendea jazzaren erritmoan sentsibilizatu, informatu eta kontzientzia har dezan lortu nahi da, Bilbon eta inguru naturalean botilen bidez zabor plastikoa murrizteko beharraz, klima-aldaketa geldiarazten laguntzeko.

Diziplina anitzeko ekimen inklusiboa, Bilboko adin eta jatorri askoren, beste enpresa, eta erakundeen arteko sinergiak sortu nahi dituena. Horretarako, webgune bat sortu dute -www.mibotellamigadelplaneta.com- euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez; bideo animatu bat informazioa eman eta sentsibilizazioa eta kontzientziazioa sorrarazteko, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta botila-sorta bat, mezua liburuxka batean daukana, eta Jazz For the Oceans kontzertua. Plastikorik gabeko itsasoaren alde. Hurrengo belaunaldien etorkizunaren alde.

Kasu honetan, epaimahaiak proiektua berritzailea izatea eta eta konpromisoarekin, ingurumen-jasangarritasunarekin, erantzunkidetasunarekin eta parte-hartzearekin duen lotura ere, informazio-, lankidetza- eta kontzientziazio-sinergiak sortzea bilatzen duena. Horren bidez, Bilbon plastikoak murrizten lagundu nahi da, botila berrerabilgarriak erabiltzeko proposamenaren bidez; izan ere, "une berezi honetan garrantzi handiagoa baitu botilak berrerabiltzeko beharrak eta horiek betetzeko espazio bat izateak, kultura-ingurumen binomioa gizakiaren garapenerako engranaje ezinbesteko direlakoan".

Sariaren 3.300 euroak Jazz For The Oceans CDaren ekoizpenaren zati bat finantzatzeko erabiliko dira. Bilbon grabatu zen oso-osorik, eta 2021ean argitaratuko da.

EPAIMAHAIAREN NOBEDADEAK

Aurten, berritasun gisa, eta egungo osasun-egoera berezia denez, epaimahaiak baloratu ditu COVID-19ak eragindako ondorioak arintzeko edo leuntzeko ekintzaren bat egin duten ekimenak.

Gainera, lehen aldiz, sarietan parte hartzeko baldintza gisa, aurkeztutako proiektu guztiak Bilboko Balioen Agiriari atxikitako elkarte, zentro edo erakundeenak dira, eta proposamen guztiek kontuan hartu dituzte genero-ikuspegia eta hizkera ez-sexista.

Bilbao Balioen Hiria Sarien hirugarren ediziora 51 proiektu aurkeztu dira, aurreko edizioan baino 6 gehiago: 39 proiketu irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeek aurkeztutakoak izan dira; Bilboko ikastetxeek 4 ekimen aurkeztu dituzte eta azken 8 proposamenak Bilboko enpresek, saltokiek, ostalariek, elkargo profesionalek edo antzeko beste erakunde batzuek aurkeztutakoak izan dira.

BILBO BALIOEN HIRIA

"Balioen Hiria Sariak" Bilboko Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz, parte hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarren elkarlanarekin eraikia eta garatua.

Bilbao Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea ez bakarrik birgaikuntza, berreskuratze eta eraldaketa ekonomikoagatik, baita beraren balioengatik ere. Helburua da gune bat sortzea, erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisia egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzarako.

Horren emaitza, 2018ko martxoan Udalbatzarrak Bilboko Balioen Agiria onartu zuen; datozen urteetan Uria eta bilbotarren elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak identifikatu ziren agiri horretan. Ildo horretan, iragan uztailean Udaleko Gobernu Batzordeak Balioen Agiria garatzeko plana onartu zuen, agirian jasotako 17 balioak gauzatzeko ekintzak garatzeko.

Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkion pertsona edo erakunde guztiek nahikoa dute Udalaren webgunean edo Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraz bat betetzea.

Agiriarekin bat egiten dutenek agiriaren edukiaren eta muinarekin bat datozen jarrerak eta jokabideak izateko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Agirian jasota daude bilbotarren ustez Uriko elkarbizitzaren ardatz izan behar duten 17 balioak: Giza Eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, elkartasuna, dibertsitatea eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen arloko jasangarritasuna, elkarbizitza, identitatea, ahalegina, erantzunkidetasun, partaidetza, konfiantza, sormena, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna.

noticias de deia