BILBO. Bilbo, Santander eta Logroñoko Udalek indarrak batu dituzte 'Bertatik bertara' programaren inguruan. Hiru hiriek euren aliantza luzatuko duen hitzarmena sinatu egin dute, kultur jarduerak garatzeko helburua duen programa aurrera eramateko.

Aliantza berritu honek lau urteko iraupena izango du, eta "Bertatik bertara" kultur lankidetzako hitzarmena du oinarri, zeina 2012an sinatu baitzuten Bizkaiko hiriburuak eta Kantabriako hiriburuak.

Orain, Logroño gehitzen zaielarik, elkarlanean aldi berri bat hasiko da, zeren eta hiru hiriek elkarrekiko helburu estrategikoen artean baitaukate kultura izan dadila aberastasun iturri bat bai ekonomiarako, bai gizarterako. Bilbok, Santanderrek eta Logroñok elkarrekiko interesa dute politika kulturaletan lankidetzan aritzeko, kultura kontsumitzen duten herritarrei mesede egiteko eta hiru hirietako kultur enpresentzat, eragileentzat eta sortzaileentzat aukera berriak sortzeko.

Gainera, adierazi dutenez, "egungo egoeran, inoiz baino beharrezkoagoak dira erakundeen arteko lankidetzako politikak, kostuetan aurreztu ahal izateko eta hiri horietan kultur eskaintzari eusteko, hobetzeko eta finkatzeko."

Hala, bada, Bilbok, Santanderrek eta Logroñok beren gain hartzen dute harremanak estutzeko konpromisoa, ahaleginak batzekoa eta kontaktuak eta lankidetzak areagotuko dituzten jardun-arau zabalak ezartzekoa.

Hiru udalek xedatu dute lantalde egonkor bat sortzea kultur politikei buruzko informazioa eta ezagutza trukatzeko eta kultur jarduerarekin lotutako gaietan elkarri aholkuak emateko. Lantalde horretan, hiru hirietako kultur erakundeetako arduradunak egongo dira. Era berean, hiru hiriek elkarrekin parte hartuko dute tokian tokiko edo Estatuko nahiz nazioarteko proiektuetan, eta kanalak sortuko dira, hiri bakoitzeko sortzaileak harremanetan jartzeko, arlo batekoak zein bestekoak, hiru hirietako zirkuituekin eta programatzaileekin.

Hitzarmenak, halaber, xedatzen du kanalak ezarriko direla hiru hirietako programazioei buruzko informazioaren trukerako, truke osasungarri bat eragitearren kultur ekitaldi batek erakarrita ondoko hiri batera edo bestera joaten diren herritarren artean.

Santanderrek eta Bilbok 2012ko apirilean sinatu zuten kulturaren arloan elkarrekin lan egiteko konpromisoa, eta, harrezkero, ehun ekitaldi bano gehiago egin dira, direla profesionalen arteko topaketak, kontzertuak, antzerki zikloak, tailerrak edo erakusketak.