Artxandako igerileku olinpikoa irekiko dute apirilaren 12tik aurrera

Astelehenean hasi eta ekainaren 11ra arte egongo da zabalik, 12:00etatik 19:00etara, astelehenetik ostiralera, eta 9:00etatik 13:00etara asteburuetan eta jaiegunetan

07.04.2021 | 11:06
Artxandako igerilekua irekita egongo da apirilaren 12 tik aurrera

Bilbao Kirolak-eko abonatuek Artxandako kiroldegiko kanpoko igerileku olinpikoa erabili ahal izango dute igeri egiteko apirilaren 12tik (astelehena) ekainaren 11ra arte.

Ekimen honekin, estali gabeko instalazio hauek neguko denboraldiko igerileku estalien ohiko eskaintzari gehitzen zaizkio. Horrela, jarduera fisikoa sustatzeaz gain, Bilbao Kirolak-ek Udalaren eskaintza zabaltzen du, Udalaren instalazioetan kirol modalitate horretan entrenatu nahi duten pertsonen eskari handiari erantzuteko.

Ordutegia hau izango da: 12:00etatik 19:00etara astelehenetik ostiralera eta 09:00etatik 13:00etara asteburuetan eta jaiegunetan. Distantzia olinpikoko zortzi kale egongo dira erabilgarri, eta horietako bakoitzean, gehienez ere, 3 pertsona arituko dira igerian aldi berean. Sorosleek arautuko dute espazioa. Igerilariek uretako zenbait elementu erabili ahal izango dituzte, hala nola, neoprenozko jantziak, aletak, betaurrekoak, arnas-tutuak eta abar.

Abonatuek aldez aurretik egin beharko dute erreserba Bilbao Kirolak-en web orrian edo kiroldegietako saltokietako terminaletan, eta egunean ordu bakarra erreserbatu ahal izango da.

Azkenik, triatletei, igeriketako entrenamenduak errazteko, espazio bat prestatuko zaie igerilekuko solariumaren zonan, kiroldegiaren barruan bizikletak utzi ahal ditzaten.

URPEKO JARDUERAK


Ekimen horri beste esperientzia pilotu bat gehitu behar zaio, hau ere Artxandako kiroldegiko kanpoko igerilekuan egingo dena, Urpeko Txokoaren eskutik, maiatzean eta ekainean: abonatuei, adimen-urritasuna dutenei eta eskola-adinean dauden adingabeei zuzendutako jarduerak.

Abonatuek, bakarka edo familian, urpeko bataio-saioetan parte hartu ahal izango dute, Bilbao Kirolak-en webgunean edo kiroldegietako bertako saltokietako terminaletan izena emanda.

Gainera, beste jarduera batzuk ere egingo dira igerilekuan, adimen-urritasuna duten pertsonentzat, Gorabideren laguntzarekin, eta Pagasarribide ikastetxeko ikasleentzat.

Esperientzia berri horri esker, Bilbao Kirolak erakundeak bi konpromisotan aurrera egiten du: alde batetik, abonatuei jardueren eskaintza zabaltzen jarraitzea eta, bestetik, kirola gizarteratzeko tresna gisa erabiltzea.