BILBO. Heldu da Darabilbo programaren edizio berri bat. Bilboko Udalak antolatutako ekimen honek euskararen erabilera sustatzea du helburu, aisialdi ekintzen bitartez. Edizio berri honetan zortzi aisialdi jarduera antolatu dituzte, apirilean garatuko direnak.

Tailerrak Aste Santuko jaiegunen ondoren hasiko dira, datorren barikuan, hilak 9, eta apirilaren 30ean, eguaztena, amaituko dira. Ohi bezala, gastronomiako eta artisautzako tailerrak eta sareko hitzaldiak eskaintzen dira.

Eskaintza osoa eta informazio gehiago darabilbo.eus web orrialdean.

Doako jarduera hauetan parte hartu ahal izateko baldintza bakarra Darabilboren webgunean izena ematea eta 16 urte baino gehiago izatea da (familiako jardueretarako izan ezik).

Jarduera guztiak unean uneko osasun-segurtasuneko neurrien eta gomendioen arabera egingo dira eta, horregatik, gerta liteke eskaintza aldatzea.

ZER DA DARABILBO PROGRAMA?

Darabilbo Bilboko Udalaren programa bat da, Bilboko Euskaltegien Sarearekin elkarlanean landua, eta helburua da aisialdian euskararen erabilera sustatzea, bai hizkuntza ikasten ari diren pertsonen artean, bai euskaraz bizi gura dutenen artean. Darabilbo 2013an abiatu zen eta, harrezkero, programan askotariko jarduerak sartu ohi dira. Jarduerak taldean egiten dira urteko hilabete guztietan (uztailean eta abuztuan izan ezik) eta uriko barruti guztietan.

Parte-hartzeko ekimena da guztiz, bai garapenean, bai diseinuan, erabiltzaileek eurek jarduerak proposatu ahal dituztelako, programari eransteko. Proposamenak whatsapp-ez egin daitezke, 607 530 132 telefonoan.