BILBO. Bilboko Udalak 1.926.000 euro bideratuko ditu egoera ahulean bizi diren pertsonei zuzendutako bost dirulaguntza izendun sustatzeko, Bilbao Aurrera 2021 Planaren barruan.

Ohiz kanpoko plan hau iaz sustatutako planaren jarraipena da, covid-19aren osasun- eta ekonomia-krisiaren ondorioei aurre egiteko gehien kaltetutako sektore eta kolektiboetan. Bertsio horrek 43 neurri biltzen ditu, 15 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin, eta batez ere aurtengo ekitaldiko lehen hilabeteetan garatzen ari dira.

Kopuru horretatik, 4,2 milioi euro arreta eta laguntza espezifikoa behar duten pertsonentzako "ezkutu sozial" gisa balio duten ekintzetarako gorde dira.

Udalak 2020ko ereduari jarraitu dio, eta, uriaren kohesio sozialari eusteko, jarduerak proposatu ditu diru-sarrerarik ezean, egoera ahulean dauden adinekoentzat, baztertuta dauden pertsonentzat eta familientzat, emakumeentzat eta haurrentzat.

Gizarte-erakundeekin batera abian jarriko diren #BilbaoAurrera2021 Planeko ekintzak hauek dira:

Egoera ahulean dauden adinekoei laguntzeko urrats bat gehiago udal-programa zabaltzea, 325.000 euroko zenbatekoarekin (iaz 150.000 euro ziren). Aurrerantz elkartearekin.

Etxerik gabeko pertsonei ostatu emateko Funts Bereziak aurrera jarraitzen du, 1.075.000 eurokoa, beste erakunde batzuekin lankidetzan sortutakoa, etxerik gabeko pertsonei mantenua barne duen aldi baterako bizitokia bermatu ahal izateko, administrazio eskudunek aukera izan dezaten gizarte-baliabide espezifikoak sortzeko, krisialdi honek eragindako profilen aniztasunera egokituta:

  • Agintzari elkartearekin, Teilapean programari eusten zaio, 18 eta 23 urte bitarteko gazte atzerritarrentzat, egoitzarik gabe geratzeko arriskuan badaude eta formazio eta komunitate prozesu batean badaude. (40.000 euro).
  • Bizitegi Elkartearekin Lehen Urratsa programarekin jarraituko da, ohiz kanpoko ostatutik gizarteratzeko ibilbideetara igarotzea errazteko (1.035.000 euro).

Era berean, etxegabetze-arriskuan dauden familien arreta bermatzeko 526.000 euro erabiliko dira. Helburua da etxegabetzeen ondorioz etxebizitzarik ez duten edo pandemiaren ondorioz etxetik botako dituzten adingabeei ostatu eta esku-hartze sozioedukatiboa eskaintzea. Familiei etxegabetzea saihesteko ordainketei aurre egiten ere lagundu nahi diete neurriek.

  • Gaztaroa-Sartu elkartearekin lankidetzan jarraituko da tutoretzapeko etxebizitzan lagun egiteko programan, etxegabeturik gizarte bazterketako egoeran geratzeko arriskua duten eta adingabeak beren ardurapena dauzkaten familientzat. (442.912 euro).
  • Lagun Artean elkartearekin ostatatze baliabidea jardunean mantenduko da, beren ardurapean adingabeak dituzten eta baztertuta dauden edo geratzeko arriskuan dauden emakumeentzat.