BILBO. Bilboko hiria finalista izango da Mugikortasunaren Astearen barruan antolatutako bi saritan: Hiriko Bide Segurtasunari Saria eta Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Planari Saria. Europako Batzordeak urtero antolatzen du sariketa hau.

Hain zuzen, Bizkaiko hiriburuaren mugikortasun jasangarrirako planean jasotako neurriak baloratu dituzte eta Hiriko Bide Segurtasunari Saria (European Urban Road Safety Awards) jasotzeko hiru finalistetako bat da ere.

Apirilaren 19an jakinaraziko dute nor den irabazlea. Urtebete atzera hiriko mugikortasun jasangarriaren esparruan burututako jarduerak hartzen dira aintzat, eta Europako udalerri txiki zein handietan mugikortasun jasangarria sustatzeko ahalegina egin duten tokiko agintariak saritzen dituzte.

Kategoria bakoitzeko irabazleek Mugikortasuneko Europako Astean (irailaren 16tik 22ra) jasoko dute saria.

HIRIKO MUGIKORTASUN JASANGARRIRAKO PLANARI SARIA

Europako Batzordeak 2012an jarri zuen martxan Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Planari Saria, Europako tokiko agintariek Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Planak bete eta urtetik urtera arlo horretan egindako aurrerapen nagusiak saritzeko.

Pasadan edizioan Brusela izan zen saritua eta Kaunas (Lituania) eta Wroc?aw (Polonia) izan ziren finalistak. Epaimahaiak hainbat neurri baloratu zituen saria Belgikako hiriburuari ematea erabakitzeko, horien artean 2021erako autoen gehieneko abiadura orduko 30 kilometrora mugatzea, oinezkoentzako guneak areagotzea eta autoen trafikoa murriztea.

Bilboko hiriarekin batera, Europako Batzordeak Belgrade (Serbia) eta Grenoble-Alenoble-Alpeetako metropoli-gunea (Frantzia) aukeratu ditu finalista.

Bilboko hiria finalistatzat aukeratu dute Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Planean ezarri dituen neurriengatik. Sari honek mugikortasun jasangarriaren bidez hiritarren bizi-kalitatea hobetzea eta hiri lagunkoiagoa bihurtzea du xede.

Bizkaiko hiriburuak 2018an Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Plana onartu zuen eta harrezkeroztik planak proposatutako neurriak bultzatu ditu, ibilgailu elektrikoak eta bizikletak erabiltzea eta oinezkoen mugikortasuna bultzatzea, kasu. Horren bidez, kutsadura murriztea, aire-kalitatea hobetzea eta garraioak eragindako zarata gutxitzea aurreikusi du.

Bilbon, hiri barruko bidaien % 64 oinez egiten dira, 250.000 biztanletik gorako hirien artean zifrarik altuena.

Eta, horrez gain, joan-etorrien % 25 garraio publikoan egiten dira.

Greenpeacek aitortu zuen Espainian mugikortasun jasangarriarekin gehien konprometitutako hiria dela Bilbo, 2019ko Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Planean jasotako konpromisoak eta ekintzak ikusita.

HIRIKO BIDE SEGURTASUNARI SARIA

EBko Hiriko Bide Segurtasunari Sariak europar errepideen segurtasuna hobetzeko tokiko agintarien lana azpimarratu eta bide-segurtasuneko lorpenak eta berrikuntzak saritzen ditu.

Pasadan urtean, Pontevedrak irabazi zuen European Urban Road Safety Awards saria eta Jaworzno (Polonia) eta Ordu (Turkia) izan ziren finalistak. Epaimahaiak mugikortasun aktiboari emandako ikuspegia eta monitorizazio-estrategia eta errepideko istripuen eta hildakoen murrizketa eraginkorra eta iraunkorra baloratu zituen.

Sari hori lortzeko, Europako Batzordeak, Bilborekin batera, Heraklion (Grezia) eta Quart de Poblet (Espainia) hiriak hautatu ditu.

Bilboko hiria finalista izatearen arrazoi nagusietako bat da hirigunean abiadura 30 km/ordura murriztu duela. 2020ko irailean jarri zuen martxan eta neurri hori aplikatu duen 300.000 biztanletik gorako lehen hiria izan da.

Abiadura 30 km/ordura mugatzea zeharkako ekintza bat da, eta ibilgailuen trafikoa eraginkortasunez lasaitzea eta esparru partekatuan garraiobide desberdinak sustatzea du xede. Espero da jarduera horren bidez oinezkoen eta txirrindularien baldintzak eta segurtasuna hobeagotzea eta atmosferara isuritako emisio kutsakorrak eta zarata murriztea.

Horrez gain, neurri osagarriak ezarri dituzte, esaterako oinezkoentzako bide jarraiak eta seguruak eta eskola-bideak egokitzea eta Bilboko auzo-erdiguneetan atsedenlekuak jartzea.