BILBO. Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du aurten ere martxoaren 21ean ospatzen den Arraza-diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunarekin. Kirola izango da aurtengo kanpaina instituzionalaren oinarria.

2007az geroztik, bada lege bat kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia, intolerantzia eragozteko. Hala ere, geroz eta sarriago, gertaera xenofoboak eta arrazistak gertatzen dira behin eta berriro kirol inguruneetan.

Horregatik, aurten, Bilboko Udalaren kanpainaren helburua da, ZAS! deritzon Zurrumurruen kontrako euskal sarearekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Athletic Club Fundazioarekin batera, kirolean arrazismoa prebenitzeko mezu argia zabaltzea, eta, aldi berean, tolerantziarako, inklusiorako eta kulturarteko bizikidetzarako eremuak sustatzea.

Arraza Diskriminazioaren Kontrako Nazioarteko Eguna, martxoaren 21ean ospatzen dena, beraz, Nazio Batuen proposamen bat da, “balio duena sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta atentzioa emateko; seinalatzeko badela konpondu gabeko arazo bat, gai garrantzitsu bat, gizartean konpontzeke dagoena; hartara, lortu nahi da, sentsibilizazio horren bidez, administrazioek jardun dezaten eta neurriak har ditzaten edo herritarrek hala exijitu diezaieten beren ordezkariei". Hain zuzen ere, Bilboko Udalaren Herritarren eta Aniztasunaren II. Udal Planak lan-ardatz espezifiko bat du diskriminazioaren aurka egiteko eta haren gaineko sentsibilizazioa eragiteko.

KANPAINA: GOIBURUA ETA IRUDIA

Plan horren barruan, Udalak abian jarri du kanpaina instituzional bat '0 tolerantzia arrazakeriaren kontra/Al racismo tolerancia 0' goiburuarekin, mezu irmo bat eman nahirik arrazismoa eta xenofobia kirolean onartezinak direla nabarmentzeko.

Udal kanpainaren irudia, gizon bat eta emakume bat kirol-jantzian, zelaira ateratzen direnak arrazakeriaren aurkako konpromisoa erakusteko erabaki irmoarekin, lotuta dago martxoaren 21eko ospakizunarekin, baina, era berean, denboran iraungo du Bilbao Kirolak udal entitatearen hainbat kirol-instalaziotan eta Bilboko Azkuna Zentroan (Bilboko Alondigan) , bertan entrenatzen edo jokatzen duten talde eta pertsonak kontzientziatzeko.

Gainera, pertsona talde bat, eta haien artean Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, eta Itziar Urtasun eta Itxaso Erroteta zinegotziak, eta kirol bateko eta besteko kirolariak elkarlanean jardun dira solidarioki kanpainarekin, bat egiten dutela adieraziz eta bideoak eginez non adierazten duten jabetzen direla zer arazo den arrazakeria kirolean, eta konponbidean lagundu nahi dutela.

Herritarrek konpromiso horrekin bat egin dezaten, Bilboko Udalak irudiak eta bideoak zabalduko ditu era bateko eta besteko euskarri fisikoetan, hala nola hiri-altzariak, udal egoitzetan kokatutako pantailak, eta, gainera, baita formatu digitala ere Udalaren web orrialdean eta Udalaren sare sozialetako kontuetan: Bilbo Kulturarteko Hiria- Facebook, Twitter- eta Bilbao Udala - Facebook, Instagram, Twitter eta YouTube-.

Martxoaren 21eko kanpainak, hala, "Bilbao Balioen Hiria" estrategiaren Balioen Agirian eta Garapen Jasangarriko Helburuetan (2030 Agendako GJH) Udalak hartutako konpromisoei erantzuten die.

WEBINARRA

Era berean, herritarrak kirolaren eremuan gertatzen den arrazakeriaz sentsibilizatzeko, Bilboko Udalak online mintegi bat antolatu du, “Kirolean arrazakeria saihestea/Kirolean inklusioa sustatzea” izenekoa, datorren apirilaren 14an hasiko dena, 12:00etatik aurrera, eta Udalaren web orrian ikusi ahal izango dena zuenean.

Webinar honek aukera bat dakar agente nabarmen batzuk eta besteak elkartzeko, eta, hala, elkarrizketak eta gogoetak eragiteko kirolak daukan ahalmen inklusiboaz eta arlo horretan arrazakeria saihesteko eta kontra egiteko garatu beharreko estrategiez.

Parte hartuko dutela berretsi dutenen artean daude Lilian Thuram, futbol jokalari ohia eta bere izena daraman Fundazioko kidea Fundación Thuram; Laura Sentís eta Aisha Al Said, Barça Fundaziokoak; Galder Reguera, Athletic Club Fundaziokoa; Gaspar Maza, Universitat Virgili Rovirakoa; Sitapha Savané, ACBko jokalari ohia eta kirol esataria; eta Aauri Bokesa, atleta olinpiarra, Barcelona F.C. taldekoa eta gizarte langilea.

Webinarra solasaldi moduko bat izango da, Euskadiko Munduko Medikuak elkarteak eroango duena, zeinaren esku-hartze sozial eta kulturartekoa ikusmolde komunitario batean eta osasunean eragiten duten eragileen ikuspegietan oinarritzen baita.

Mintegia, beraz, online izango da, eta publiko askotariko bat izango du xede, kirolaren, gizartearen eta erakundeen arloetakoa. Gizarte inklusioa eta gizartean ageri ohi diren era bateko eta besteko indarkeria anitzen saihestea xede duten kirol prozesuetan parte hartzen duten eragileak ere anitz dira; bestalde, indarkeria horietan elkarrekin eragiten dute, askotan, klaseak, generoak, dibertsitate funtzionalak, LGTBIQen kontrako fobiak, arrazakeriak edo xenofobiak.

Hemen eman daiteke mintegian parte hartzeko izena; hala, apirilaren 9an, gogorarazpen bat jasoko dute webinarrean zoom bidez parte hartzeko zuzeneko esteka batekin.

BILBOKO GIZARTE ENTITATEEN OROITZAPENEZKO JARDUERAK

Era berean, Bilbon immigrazioaren, etorkinei babes ematearen, kulturartekotasunaren eta arrazakeriaren kontrako jardunaren arloetan ari diren entitate sozialek beren jarduerak antolatu dituzte beren agendetan hain seinalatua den dataren oroitzapenetan.

  • Harresiak Apurtuz immigrazioaren arloko Euskadiko GKEen koordinatzaileak Deitu Egiguzu Gazte kanpaina abiaraziko du, eta martxoaren 21ean, jendaurrean erakutsiko dute posicionamiento agiria, atzerriko jatorria duten adingabe eta gazteen arloan esku hartze soziala daramaten 20 entitatek osatutako lantaldeak landua. Asmoa da “gure eta haien artean" dagoen jauzia gainditzea, “bestea” kontzeptua ezabatzea, agerira ekartzea neska eta mutil horiek ere euskal gazteriaren parte direla.
  • Hika Ateneoak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak entitateko Zinema Batzordeak amaiera emango diote Kulturarteko Gizarte baterako Zinema eta Gogoeta Zikloari, zeinak Bilboko Udalaren eta EHUren dirulaguntza bat izan baitu, eta jarduera bat programatu dute martxoaren 24rako, 18:00etarako, goiburu honekin: Gazte migratzaileak zaurgarritasun egoeran: jagoletza soziala eta lagun egitea.
  • Euskadiko Kolonbia Elkartea, bestalde, martxoaren 21aren inguruan mikro kontakizun bat kolektiboki sortzeko prozesu batean dago sartuta, 2020ko sormenezko idazketako tailerrean parte hartu zuten pertsonekin.
  • Euskal Eslaviar Kultur Elkartea, Mujeres Tejiendo Red Elkartea (Guatemala), eta Sim Romi elkartea ere ari dira zenbait jarduera prestatzen, agerira ekartzeko, oroitzeko eta aldarrikatzeko (irakurraldiak, bideoak, espazio publikoan gauzatzeko ekintzak...).
  • Apirilaren 4ra arte, bestalde, Pabellón 6 pabiloian, “Migraaantes” obra emango da, Matei Visniec frantziar-errumaniar dramagilearen lana, Gazte Konpainia antzerki taldearen antzezle sorta berriak emanik: Ioritz Benito, Nagore Cenizo-Arroyo, Albar Cirarda, Lara Pérez, Ander Sánchez Rey eta Olfa Sendesni dira antzezle horiek. Obra hau Pabellón 6eko Gazte Konpainiak emango du oholtzan, eta BarLovento Teatro taldearekin batera ekoitzia da (Desberdina euskal ekoiztetxekoa da talde hori)

Ekintza hauek guztiak Bilboko Udalaren Herritarren eta Aniztasunaren Udal Planaren barruan datoz, zeinak berariazko lan-eremu bat baitauka arrazismoa eta diskriminazioa eragozteko, atzerritarren aurrean dauden aurreiritziak eta estereotipoak lantzeko eta diskriminazioaren aurka borrokatzeko, eta kulturartekotasunaren balioak sustatzeko, herritarren sareak sortuz eta mantenduz. Alde horretatik, bada, 2013az geroztik, erakunde horrek Zurrumurruen kontrako Estrategia deritzona garatzen du.