BILBO. Bilbo Zaharreko Mesedeetako kaiak indarkeria matxistaren emakume bizirauleak gogoratuko ditu Ruth Juan artistak egindako 'Indarkeria matxistaren bizirauleak' horma-irudiarekin. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok gaur goizean inauguratu du obra, Nekane Alonso Berdintasuneko zinegotzia eta Udalbatzako ordezkari batzuekin batera.

Ekimen artistiko eta errebindikatibo honen bidez, Udalak, alkateak azaldu duenez, "memoria kolektiboa eraiki nahi dugu, indarkeria matxisten biktima eta bizirauleak diren emakumeen aitortzan sakontzen jarraitzeko. Urrats horrek herritar guztiak sentsibilizatzen eta kontzientziatzen laguntzen du, emakumeen aurkako indarkeriak bizitzaren arlo guztietan duen irismenaz eta larritasunaz. Justiziaz eta erreparazioaz hitz egitea dakar".

Gaur goizean egin den ekitaldian, gainera, Ruth Juan artistak (Junita Makina) hartu du parte, genero-indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei eskainitako oroimeneko eta erreparazioko horma-irudi honen diseinuaz arduratu baita. Modu sinboliko batean "indarkeria matxistaren zikloa" ezagutzen da, biktima diren emakumeek bizi duten prozesua, indarkeria sotilenetik bortitzenera.

Pinturan, hiru metroko altuerako emakumezko gorputz biluziak erabili ditu artistak, indarkeria matxistaren eragina erakusteko. Lan hau planteatzeko, Bizitu Elkarteko kide diren emakume talde baten testigantza pertsonalak izan ditu; emakume horiek ere horma-irudiaren aurkezpenera joan dira gaur goizean.

Genero-indarkeriaren biktima izan diren eta biziraule diren emakumeei eta haien seme-alaba adingabeei errekonozimendua eta erreparazioa emateko udal-estrategiaren barruan dago lan hau eta erreparazio hori lortzeko behar duten banakako borroka eta laguntza kolektiboa adierazten ditu.

"Bilbon, emakumeak, batez ere genero-indarkeriaren biktima zaretenak, ez zaudetela bakarrik jakin dezazuen nahi dugu. Hori gainditzeko laguntza izatea garrantzitsua dela uste dugu. Lagunen, elkarteen, herritarren eta erakundeen laguntza." esan du Juan Mari Aburtok.

RUTH JUAN

Ruth Juan Bilboko San Frantzisko auzoan bizi da duela 12 urte. Bere lanak hiria du ardatz, eguneroko bizimodua, gizarte auziak eta lankidetza proiektuak. BilbaoArte Fundazioak beka bat eman zion 2013, eta han sortu zuen lehen liburu ilustratua, "Bilbo Zaharra, tolerantzia eremua".

Gaur egun, hainbat proiektutan ari da ilustratzaile freelance gisa, eta berak sortu du Junita Makina marka. Liburuetarako marrazkiak nahiz irudi grafikozko lanak nahiz horma-irudi koloretsuak egiten ditu; horma-irudi horiek Bilbo Zaharreko hainbat gunetan daude kokatuta, hala nola Marzana tabernan, Bailen kalean eta Zabalako Sortzez Garbiaren komentuan. Horma-irudietako esku-hartze hauek Bilboko Udalak sustatuak dira, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoek eratzen duten hiri-eremua biziberritzeko eta berritzeko estrategiaren barruan.