BILBO. Martxoaren 5etik 7ra bitartean ospatutako Musika-Música 2021 jaialdiak harrera bikaina izan du ikusleen partetik. Guztira, 7.500 pertsona inguru bertaratu ziren jaialdira; hau da, ekitaldi guztietako edukieraren % 90 bete zen.

Vienako hiria aukeratu dute edizio honetako protagonista izateko. Horrela, amaiera emango dio 2019an Londres eta New Yorkekin hasi eta 2020an Parisekin segida izan zuen zikloari. Bilbo, berriro ere, musikaren hiriburu bilakatu da martxoko lehen asteburuan. Mozart, Beethoven, Schubert, Haydn, Brahms eta Mahler, besteak beste, gure artean izan ditugu, programako parte izan baitira; 36 ekitaldi izan dira guztira, kontzertuen eta jarduera informatiboen edo pedagogikoen artean. Horietako 22tan sarrerak agortu dira.

Aurtengo jaialdia osasun-egoerak baldintzatu duen arren, "Musika-Música jaialdiaren hogeigarren edizio honek publikoaren babesa eta kritika ona izan ditu, kalitatezko eta nazioarteko erreferentzia den musika jaialdi honetako programazioarekin gozatu eta esker ona adierazi duen publikoaren babesa, alegia", antolatzaileek azaldu dutenez.

Aurtengoan, nazioarteko esentzia galdu gabe, bereziki egin zaie lekua tokiko talentuari eta haren presentziari. Ekitaldiak iraun duen hiru egunetan Bilboko, Euskadiko eta Nafarroako orkestra sinfonikoen, Koral Elkartearen eta Bilboko Udal Bandaren emanaldiak egon dira, bai eta Euskadiko interpreteen emanaldiak ere.

Bilboko Udalaren helburua kultura -kasu honetan, musika klasikoa-, herritar guztiei hurbiltzea da, haurrak ere kontuan hartuta. Hartara, haurrei zuzendutako ekimenek gero eta presentzia handiagoa dute udal kultur programazioan. Jaialdiaren kasuan ere, aurtengo edizioan, familientzako lau kontzertu egin dira, eta horietan guztietan sarrerak agortu egin dira. Horrek agerian utzi du jendeak proposamenari egin dion harrera ona.

2021eko edizio honetan, Musika-Música jaialdia uriko zenbait auditorietara zabaldu da aurrenekoz. Hortaz, aurreko urteetako Euskalduna jauregiaz gain, emanaldiak beste auditorio batzuetan ere eskaini dira, hala nola Azkuna Zentroan, Bilboko Elkarte Filarmonikoan eta EHUren Bizkaia Aretoan. "Espazioen deszentralizazioak eta dibertsifikazioak oso harrera ona izan du ikusleen artean, eta artistek ere eskertu dute, horrela Bilboko beste kontzertu-areto batzuk ezagutu baitituzte" adierazi dute Udaleko Kultura Sailetik.

Bilboko Udala Musika-Música jaialdiaren hurrengo edizioa diseinatzen hasi da, bereizgarri duen programaren kalitateari eusteko, musika klasikoa herritarren sektore guztietara zabalduz eta hurbilduz.