BILBO. Koronabirusaren pandemiak kalte handiak eragin ditu merkataritzaren sektorean. Ez dira, beraz, garai errezak sektorearentzat. Hori dela eta, Bilboko Udalak uriko merkataritza babesteko eta hobetzeko ekimen berri bat jarri du martxan, 'Googaz 3.0' izenekoa. Ekimen hau Udalaren 'Ideiak Martxan' programaren barruan antolatu da, eta gazteen sormen-proposamenek paper garrantzitsua jokatuko dute.

Ekimenak hiru fase izango ditu. Lehenengo fasean ihes-jokoa egingo da Zazpi Kaleetako eta Bilbo Zaharreko kaleetan barrena. Martxoaren 27an (zapatua) egingo da 10:00etatik 18:00etara. Parte hartu nahi duten gazteek izena eman beharko dute, 3 pertsonako taldeetan, web orri honetan: Googaz. Jokoa Bilborock-en abiatu eta amaituko da. Han, jokoaren jarraibideak emango zaizkie partaideei eta bidean aurkitzen dituzten oztopoentzat irtenbide berritzaileak proposatu beharko dituzte. Proposamen guztiak merkataritza hobetzearekin eta bultzatzearekin lotuta egongo dira, eta ideiarik onenak proposatzen dituen taldea izango da lehen fase honetako irabazlea. Jarduera hau Googaz-eko taldeak dinamizatuko du.

Lehenengo talde irabazlea Bizkaiko beste herri batzuetako talde irabazleekin lehiatuko da. Bigarren fase honetan, hainbat proiektu ezagutzeko aukera izango dute, lehen fasean sortutako irtenbideak aberasteko inspirazio gisa erabiliko direnak. Jardunaldia amaitzean, hasierako ideiatik abiatuta garatutako proiektu guztiak aurkeztuko dira, eta epaimahaiak onena aukeratuko du, eta hori Bizkaiko talde irabazlea izango da.

Googaz 3.0 ekimena Bilbon eta Bizkaian ez ezik, Gipuzkoako eta Arabako zenbait herritan ere garatuko da. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ekimen hau irabazten duten taldeek 10-15 eguneko bidaia egingo dute Europan zehar, osasun-egoerak ahalbidetzen duenean, beste herrialde batzuetako tokiko merkataritzaren sektoreko jardunbide egokien azterlana egiteko helburuarekin. Ondoren, ikusitako joerak eta ondorioak memoria batean jasoko dira, eta Bilboko tokiko saltoki guztiei emango zaie.

'IDEIAK MARTXAN' DEIALDIA

Googaz 3.0 gazte gazteek sustatu eta haiei zuzendutakoa da eta Bilboko Udalaren 'Ideiak Martxan' programaren barruan sortu da; uriko gazteentzako programazioa euren ideiekin osatu nahi duten gazteen ekimenak sustatzea eta laguntzea da programa horren helburua.

Parte-hartzaileen adina 16-30 urtekoa izango da eta proposamenak banaka edo taldeka aurkeztu daitezke; taldeko kide bat gutxienez Bilbon erroldatuta egongo da.

"Ideiak Martxan" programan parte hartu nahi dutenek urteko edozein unetan bidal ditzakete euren proposamenak ideiakmartxan@bilbao.eus helbide elektronikoaren zein www.bilbaogazte.bilbao.eus webguneen bidez. Proposamenak jaso ondoren, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko teknikariek, sustatzaileekin batera, aztertuko dituzte ekimenaren interesa eta bideragarritasuna eta, ekimena gauzatzekotan, Udalaren laguntza izango du.