BILBO. Martxan da Musika-Música jaialdiaren hogeigarren edizioa. Beethovenen 9. sinfonia re minorrean izan da ospakizun esanguratsu honen lehenengo ikuskizuna, ostiral honetan, martxoak 5, Euskalduna Jauregian egindakoa. Emanaldi hori BOSen eskutik gauzatu da (Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean), Bilboko Abesbatza Elkartearekin, Miren Urbieta-Vega sopranoarekin, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoarekin, Mikeldi Atxalandabaso tenorrarekin eta José Antonio López baritonoarekin.

Amaia Arregi alkateordea jaialdiaren lehen emanaldian izan da, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariarekin, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuarekin, eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako Zinegotziarekin batera.

Bilboko Udalak Vienari dedikatutako 36 emanaldi programatu ditu. Mozart, Beethoven, Schubert, Haydn, Brahms eta Mahler, besteak beste, protagonistak izango dira gurean, ostiraletik hasi eta domekara arte (hilak 7).

Nobedadea da aurten Musika-Música kontzertuak uriko zenbait agertokitan eskainiko direla: Euskalduna jauregian, aurreko urteetan legez, eta Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaoko, Bilboko Elkarte Filarmonikoko eta UPV/EHUren Bizkaia Aretoko entzunaretoetan.

Hala, ostiralean arratsaldean, Euskalduna jauregiko inaugurazio-kontzertua ez ezik, programako beste bi hitzordu egon dira: bata Bilboko Elkarte Filarmonikoan, Judith Jauregi piano jolearekin, Johannes Brahms-en 6 Klavierstücke opus 118 eta Beethoven-en pianorako 4. sonata, 7. opusa, “Sonata handia”, interpretatzen. Eta, bestea, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan. Hemen, César Cocak eta Patricia Sojok “El cine ama a Mozart” aurkeztu dute: austriar jeinuaren musikan zehar egindako ibilbidea, “Memorias de África”, “Closer”, “Elvira Madigan” eta “Cadena Perpetua” filmen bitartez.