BILBO. Artxanda berreskuratzea eta aktibatzea izango da Bilboko eta Sondikako udalen erronka berria. Bi erakundeek elkarlanean jarriko dute martxan Artxanda Aktibatzeko Plana, uriko lekurik esanguratsuenetariko bat elkartzeko leku berri bat bihurtzeko helburuarekin.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Xabier Zubiaur Sondikako alkateak, ostegunean goizean, plana aurkeztu dute eta iragarri dute ezen, aurki, bi udalerriek hitzarmen bat sinatuko dutela Bilbori lagatzeko Sondikak Artxandan dauzkan lursailak.

Juan Mari Aburtok azaldu duenez, “Artxandako proiektua estrategikoa da, uri proiektu bat da”. "Gure asmoa, Aktibazio Planarekin, Artxanda begiestea, jagotea eta balioa ematea da, eta zer ahalmen dituen ikertzea, eta elkartzeko leku moduan duen ahalmena sustatzea, Bilborentzat, Sondikarentzat...eta Bizkaiarentzat, ...azken batean. Gure nahia da Artxandak berreskura dezala bere distira, egun batean eduki zuen protagonismoa, eta berrager dadila kirolerako eta aire zabaleko aisialdirako aukera moduan, indarrez; baina, horrez gain, nahi dugu izan dadila leku bat gastronomiarako eta kulturarako aukerak eskaintzen dituena... Leku bat gogoraraziko diguna nola gerrak izan ziren bertan, eta berreskuratuko duena Burdin Hesiaren oroitzapena, Eusko Gudarosteak ehunka pertsona defendatzeko eraiki baitzuen.”

Xabier Zubiaurrek, Sondikako Alkateak, bere aldetik, Artxanda mendia goraipatu du bilbotarren eta sondikoztarren arteko topagune natural gisa. Eta ondoko erakundeen arteko erlazio on horretan, XXI. menderako proiektu estrategiko baten garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta, aldi berean, bere ingurunetik eta egungo eta historiako ezaugarrietatik hurbil dagoena.

Artxanda Aktibatzeko Planaren helburua da inguru hark dauzkan ahalmenak indartzea, betiere haren naturagune jasangarriaren izaerari eutsiz. Alde horretatik, Bilboko Udalak lan egingo du Artxanda ekonomiaren aldetik suspertzeko, eta adin guztietako jendeak erakartzeko, eta familientzat aisialdiko eskaintza zabal eta haren hedadura guztian barreiatu bat prestatzeko, egunean zehar gozatzekoa.

Iaz Hatz-markaren parkearen berrurbanizazioa bururaturik, datozen hilabeteetan sei kilometroko pasealeku bat egiteko lanei ekingo zaie: Deustutik (Enekuritik) Santo Domingoraino hedatuko da, eta egoteko lekuak eta behatoki berriak izango ditu. Oinezkoentzako ibilbide seguru eta argiztatu bat izango du, eta zirkulazio baretua ere bai.

Horrez gain, parke berri bat sortuko da, 66.700 metro koadrokoa, futbol zelaiaren inguruan eta Hatz-markaren parkearen ondoan: Topaleku parkea. Era guztietako adin eta interesetako jendeak gozatzeko pentsatuta dago. Hori dela eta, hainbat erabilera izango ditu: berotegi botaniko bat, aintzira artifizial bat, uraren gaineko zurezko zaldainak, umeen joko naturalizatuak... eta beste dira aztertzen ari diren aukerak.

Burdin Hesia berreskuratzea eta haren zabalkundea egitea da Planean nabarmentzen diren kontuetako beste bat: Bilboko Udalak asmoa du bisita gidatuak antolatzeko, berreraikuntza birtualak baliatuz.

JARDUEREN ESKAINTZA

Udalak balioa eman nahi dio Artxandari, bere luze-zabal osoan, eta, horretarako, dinamizazio ekimen batzuk baliatuko ditu, olgetazkoak, pedagogikoak eta kirolezkoak, mendiaren erlaitz osoan zehar gauzatzekoak, datorren astean egunero, zazpi egunetan. Ekimen horiek, gainera, lagungarri izango dira enplegua sortzeko eta adin guztietako eta era guztietako jendearentzat aukera berezituak sortzeko.

Proposatuko diren jarduera guztiak koordinatuak izango dira, eta koherenteak gauzatuko direneko natura inguruarekin. Izango dira gune pedagogiko batzuk; abentura parkea, naturako aisialdian oinarritua; sasoi betean egotea eskatzen duten kirolak natur ingurunean; gorputz-entrenamendu lehiarakoaz bestekoa egiteko guneak, Artxandako kiroldegiaren osagarri; gastronomia-esperientzia kalitatezkoak; zuzeneko ikuskizun formatu txikikoak, tailerrak, tokiko produktuen azokak edo feriak....eta beste.

MERKATU AZTERLAN XEHEA

Herritarrek zer eguneko eta naturako aisialdi nahiko luketen jakiteko eta, ondorioz, aukera batzuen edo besteen diseinuari ekiteko (guneak, ostalaritzako eskaintza, kirol eta natura eskaintza...) azterlan bat egin da, merkatu azterketa sakon bat.

Aztertu egin dira gustuak eta hobespenak, etorkizuneko Artxandaren helburu izango den jendearen adinen arabera eta bakoitzaren egoeraren arabera sailkatuak. Hau da, 800.000 bizilaguneko populazio bat, ezkerraldea, eskuinaldea, Nerbioi-Ibaizabal eta Txorierri eskualdeetan bizi dena. Halabere, inguruan dauden sei ikastetxeak ere aztertu dira (5.600 ikasle), bai eta Txorierriko 19 industrialdeetan lan egiten duten ia 30.000 langileak (Loiu, Sondika, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzu).

2000 inkesta baino gehiago, eztabaidaguneak, galdetegiak...eta horien guztien emaitza zera izan da: herritarren arteko % 90ek nahi dute Artxanda izan dadila Bilboren birika berdea, familiarekin eta lagunekin elkartzeko leku bat, eta Bilboren ikuspegirik onenak izango dituen behatoki bat.

Adin tarteen araberako jardueretan, berriz, beren kasa bizitzera jarri ez diren gazteek nahiago dituzte kirol jarduerak (% 42) eta naturan egiteko jarduerak (% 37), eta, neurri txikiagoan, gastronomia jarduerak (%14) eta kultura, hezkuntza eta pedagogia jarduerak (% 5).

Beren kasa bizitzera jarritako gazteek naturan egiteko jarduerak hobesten dituzte (% 38), gero kirol jarduerak (% 27), kultura, hezkuntza eta pedagogia jarduerak (% 19), eta gastronomia jarduerak (% 16).

Seme-alabak dauzkaten familiek naturan egiteko jarduerak hobesten dituzte ( % 47), ondoren kirol jarduerak (% 27), eta, ondoren, gastronomia-jarduerak (% 13) eta kultura, hezkuntza eta pedagogia jarduerak (% 11).

Seme-alaba txikiak ez dauzkaten helduek naturan egiteko jarduerak hobesten dituzte (% 34), gero kirol jarduerak (% 27), gero gastronomia jarduerak (% 27) eta ondoren kultura, hezkuntza eta pedagogia jarduerak (% 19).

Azkenik, helduenek naturan egiteko jarduerak hobesten dituzte argiro (% 54), gero gastronomia jarduerak (% 17), ondoren kirol jarduerak (% 14) eta ondoren kultura, hezkuntza eta pedagogia jarduerak (% 11).