BILBO. Orain arte elkarrekin zeukaten lankidetza-hitzarmena berritu egin dute gaur goizean, otsailak 24, Bilboko Udalak eta Athletic Club Fundazioak. Akordio honen luzapenari esker izaera sozialeko hainbat proiektu garatu ahal izango dira, bazterketa-arriskuan edo kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko helburuz, kirola integrazio-tresna gisa sustatuz eta erabiliz.

Hala, Athletic Club Fundazioak 5 programa garatzen ditu eta, horretarako, Bilbao Kirolak-ek bere instalazioak dohainik lagako ditu.

Hitzarmenaren onura jasoko duten proiektuak hauek dira:

  • Bizitegi -etxerik gabeko pertsonentzako proiektua-,
  • Adsis -askatasunik gabe egon diren pertsonentzako proiektua-,
  • Bakuva -Bilbo inguruan gizarte-bazterketako arriskuan dauden adingabeentzako proiektua-,
  • Ahalegina -adimeneko desgaitasuna duten adingabeentzako proiektua-,
  • Utopia -kalteberatasuneko egoeran dauden emakumeentzako proiektua-.

Gainera, Bilboko Udalak eta Fundazioak elkarrekin lan egingo dute dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusiorako jarduerak dinamizatzen, biztanleriari oro har zuzendutako sentsibilizazio-kanpaina eta -ekintzak egiten, hezkuntzaren, elkartegintzaren eta osasunaren alorretako jarduerak egiten, eta kirol-jarduerak egiten Otxarkoagako auzoan.

Azkenik, hitzarmen honi esker Bilbao Kirolak Athletic Club Fundazioaren bazkide estrategiko izatera pasa da, hasieratik eta epe luzera Athletic Club Fundazioaren hazkundean konprometitu eta lagundu duelako, Bilboko metropoli-eremuan (La Casilla, Errekalde, Zorrotza, Mallona) garatutako gizarte-proiektuei dagokienez aipamen berezia eginez.