BILBO. Bilbotarrek modu ezinhobean emango diote amaiera otsailari. Bilboko Udalak kultura eta aisia batzen dituzten 27 hitzordu eskainiko ditu #BilbaoNegua2021 ekimenaren barruan, urteko bigarren hilabeteari agur esateko.

#BilbaoNegua2021-ekin, Bilboko Udalak kulturaren sektorearekin egindako apustua eta konpromisoa berresten ditu. Izan ere, azken hiletan osasun-krisiak gehien zigortu dituen sektoreetako bat da. Udalak tokiko kultur eragileen lana lehenetsiko du, edukiera murriztua duten ekitaldiak programatzeko. Kasu guztietan, publikoa eserita egongo da, eta higiene eta segurtasuneko protokolo guztiak beteko ditu, agintari eskudunen gomendioak betez. Horrela, ikusle guztien osasuna bermatuta egongo da. Nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea uneoro.

Otsailaren 22tik 28ra arteko programazioa:

1. BARRUTIA

SAN IGNAZIO - IBARREKOLANDA UDALTEGIA

  • Expodistrito (otsailaren 23tik aurrera)

Expodistritoren aldi baterako erakusketen zikloak San Ignaziora hurbilduko du Victoria Escaladaren pintura-erakusketa. Erakusketa honetan ikusi ahal izango diren obrak olio-margolanak eta erretratuak dira. Olio-margolanetan hainbat gai erakusten dira, baina ura ageri den koadroak dira nagusi: itsasadarra, itsasoa edo euria; batez ere, gertu-gertuko lekuen irudiak dira, Bilbo eta inguruetakoak. Sarrera doakoa da.

  • Argazkineta (otsailaren 26ra arte)

Argazkineta herritarren parte-hartzerako ekimen bat da, auzoen azken garaietako historia berreraiki eta sakondu gura duena, Bilboko auzoetako bizilagunek emandako dokumentazioarekin eta testigantzekin. Iazko urrian, furgoneta bat abiatu zen Sarriko, Ibarrekolanda, Elorrieta eta San Ignazioko kale eta plazetan zehar, hainbat material bildu eta digitalizatzeko: argazkiak, negatiboak, diapositibak, kartelak, bonuak, posta-txartelak, prentsa-zatiak, aldizkariak, panfletoak, mapak, bideoak eta idatzitako dokumentuak. Otsailaren 26ra arte, bildutako material guztia San Inazioko udaltegian egongo da ikusgai, eta han ikusi ahal izango da nola aldatu diren espazioak, ohiturak, tradizioak, herritarrak eta nola igaro den denbora. Erakusketa, ikusi nahi dutenentzat, doan izango da, eta astelehenetik ostiralera egongo da irekita, 8:30etik 20:30era.

2. BARRUTIA

CASTAÑOSEKO UDALTEGIA

  • Exposistrito (otsailaren 23tik aurrera)

Expodistritoko pintura-proposamen honetan, Ander Gómez Mirandak 2013an eta 2017an sortutako obrak erakutsiko ditu. Pasión y carencia izenburuarekin, artistak gizakiaren irudia eta haren psikologia agertzen ditu, hainbat ikuspegi, kontzeptu eta teknika erabilita. Argiaren eta itzalen erabilerak pisu handia dute, eta, hala, margolaritzazko gogoeta interesgarriak eta askotarikoak eragiten ditu. Sarrera librea da.

3. BARRUTIA

OTXARKOAGAKO UDALTEGIA

  • Betiko musika de siempre (otsailaren 27an, 18:00etan)

Betiko musika de siempre izenburuarekin, jota nafarrak, tangoa, bilbainadak, boleroak eta rantxerak Otxarkoagako udaltegira iritsiko dira neguan zehar. Hilaren 27an, zapatua, Los Botxeros-en txanda izango da. 1935ean Los Botxeros taldea sortu zen Bilbon. Zenón Garamendi izan zen partaiderik nabarmenena, bere ahotsagatik, hitzagatik eta sinpatiagatik. Gaur egun, Bilbainada klasikoez gain, baditu bere errepertorio oparoan kanta lirikoak ere, hala nola No puede ser, La tabernera del puerto lanetik hartua; zortzikoak, boleroren bat...Bereizgarririk onena, ostera, kanta bakoitza 4 ahotsez kantatzea, indar eta kalitate berezi batez hornitzen baitituzte horrela. Proposamen hau helduei zuzenduta dago eta dohainik da, baina gonbidapena eskatu beharra dago, emanaldiaren egun berean, 688 603 737 telefonora deituta.

  • Expodistrito (otsailaren 23tik aurrera)

Expodistritok Castañoseko Udaltegira eramango du Javier Merinoren Flujo erakusketa. Argazkigintzako proiektu honek bidaia bat egiten deneko hasierako ziurgabetasuna erakusten du, zerk eragiten duen bidaia hori ustekabekoz beteriko esperientzia bat izatea. Urrunera doazen pertsonak, hainbat arrazoi tarteko, baina itzultzean maite dituztenen abegi ona aurkituko dutenak, haien etorrera pozez ospatzen delarik. Gainera, badira pertsonak bidaiatze hutsaz gozatzen direnak, inolako ardurarik gabe bueltatzeko data dela-eta, inolako ardurarik gabe iristean aurkituko dituzten pertsonak direla-eta. Dohainik da.

4. BARRUTIA

BEGOÑAKO UDALTEGIA

  • Expodistrito (otsailaren 23tik aurrera)

Begoñako Udaltegiak Vidas resilientes erakusketa hartuko du, UNICEF-en kolaborazioarekin. Expodistrito programaren barruan dago. Argazki sorta bat da: Mauritaniako umeen 18 erretratu, zein bere kontakizunarekin. Kontakizun horietan, haien errealitatea azaltzen da, betiere biziraupena eta poza abiaburu izanik. Sarrera doakoa da.

  • Bidaiarien txokoa (otsailaren 23tik 26ra, 19:00etan)

Begoñako Udaltegiak aurrera jarraitzen du Bidaiarien Txokoaren programazioarekin, beste hiru hitzordurekin, denak doakoak. Gonbidapenak 688 603 737 telefonora deituta eskuratzen dira. Programa honek bilbotarrei bidaien eta abenturaren ikuspegi hurbil eta ezberdin bat ekartzen die, bidaia-esperientziekin lehen pertsonan, eta ikus-entzunezko saioekin.

Hilaren 23an, martitzena, programa honen azken astea hasiko da, Remoteana: entre la cámara y las montañas, bicicleta erakusketarekin. Ana Zamoranok bizikletaz bi urtez egin dituen bidaiak kontatuko dizkigu. 20.000 kilometro egin ditu bi kontinenteetan zehar. Milaka argazki, lagun handiak, hiru dokumental, proiektu sozial bat, eta udaberrian hasiko duen bidaia berria.

Hilaren 24an, eguaztena, Elur goritan. Kamchatka, Jurek Ziemkiewicz eta Iker Larrañagarena, proiektatuko da. Euskaraz grabatutako dokumental honetan Kamchatka erakutsiko digute, leku isolatu, bakarti eta basatia. Zazpi abenturazale mendi eta sumendi itsaso batean murgilduko dira, non elurra eta sua elkartzen diren, eskiatzeko eta paradisu berriak aurkitzeko ametsa betetzeko.

Hilaren 25ean, eguena, Mikel Sarasolaren The Tears Of Shiva proiektatuko da. Lau kayakzalek Karnali ibaiaren ur lasterrak jaitsiko dituzte. Ibai hau herrialdeko ibilgurik urrun eta basatienetako bat da. Gure kirolariek ibai sakratu honen sekretu ezkutuak ezagutu eta gozatu gura dituzte, gizakien zabarkeriak betiko hondatu aurretik. Gainera, egun horretarako Pavol Barabáš-en Everest-The hard way filma programatu da, BBK Mendi Film-en aurreko edizioan publikoaren saria eskuratu zuena. 1988ko udazkenean, Dušan Becík, Peter Božík, Jaroslav Jaško eta Sólo Jozef eslovakiarrek estilo alpinoan eskalatu zuten Everest mendiaren hego-mendebaldeko aldea, The Hard Way ibilbidetik, 1975ean Chris Boningtonek gidatutako espedizio britaniarrak ireki zuena. Everesteko ibilbiderik zailena da gaur egun.

Gainera, Begoñako Udaltegiak bere liburutegian En ruta sobre dos ruedas erakusketa hartuko du, bi gurpileko ibilgailuek egindako bidaiei buruz (motorrak eta bizikletak batik bat). Erakusketaren mamia Bilboko Udaleko Liburutegien Sareko liburuak (bidaiak deskribatzen dituztenak, nahiz literatura hutsekoak) eta filmak dira. Begoñako Liburutegian ikusgai egongo dira Bidaiarien Txokoa programaren lehen astean, eta gero mailegatu ahalko dira.

BERRIOTXOA IKASTETXEKO HITZALDI ARETOA

  • Bidaiarien txokoa (otsailaren 26an, 19:00etan)

Otsailaren 26an, barikua, Bidaiarien Txokoak programa itxiko du, Puro Relajo mariatxien kontzertuarekin. Talde honek betiko rantxerak gogora ekarriko ditu. Sigo siendo el rey, Juan el charrasqueado eta beste asko joko dituzte, 70eko hamarkadako talde historikoen kaseteetan txikitan entzuten zituzten bezala. Baina, gainera, euskal kanta batzuen bertsioak egitera ausartu dira, tronpeta eta guzti, adibidez Xalbadorren heriotzean eta Txoria txori. Rantxerak, korridoak, kanta latinoak eta betiko klasikoak, formazioari moldatuta, entzun ahalko ditugu.

5. BARRUTIA

EUSKAL MUSEOA

  • Soplo-arnasketak saiakerak - Etxea (otsail osoan zehar)

Soplo - arnasketak saiakerak erakusketa lau egoitzatan banatzen da, uriko zenbait puntutan banatuak. Egoitza bakoitzak ideia edo ardatz nagusi bat dauka. Egoitza honek zenbait lan biltzen ditu, eta beraietan “etxearen” ideia sumatzen da, zentzu literalean eta metaforikoan: habitata, eszena, zirrikitua, atalasea, kanpoaldearen eta barrualdearen arteko bitartekaritza, ametsezko lekua.

Obrak eta artistak: Visiones oníricas y sobras en confinamiento, Malús Arbide (Donostia, 1958), Topatzeko eta iristeko aukerak inperfekzio piktorikoetatik, Mikel Erkiaga Herran (Bilbo, 1994), 1/400. La presencia inadaptada, Charo Garaigorta, Caer al tiempo, Iván Gómez (Irun, 1984), Sin habitación propia, Irune Orbea, eta Dream, Dream, Dream / Alarma, Javier Rodríguez Pérez-Curiel (Oviedo, 1978).

MARIAREN BIHOTZA PLAZAKO AZTARNATEGIA

  • Soplo-arnasketak saiakerak - Hondarrak (otsail osoan zehar)

Soplo - arnasketak saiakerak makroerakusketaren egoitza honek zenbait obra eta proiektu biltzen ditu. Bakoitzak bere modura hondar baten ideia iradokitzen dute: arrastoa, aztarna. Baina baita distopia ere, antimonumentua, dolua, prekariotasuna, San Frantziskoren komentu zaharreko eta Don Alfonso Printzearen kuartelaren hondakin arkeologikoekin elkarrizketan.

Obrak eta artistak: Magua, M. Benito Piriz (Durango, 1992), Green Songs. Pequeños exorcismos clorofílicos, María Ibarretxe (Bilbo, 1977), Anormal Paradise, Ismael Iglesias (Durango, 1974), MAGIC is MIGHT, MawatreS - Juan Pablo Ordúñez (Madril, 1986) eta Presagios que nos circundan, Susana Talayero (Bilbo, 1961).

BILBAOARTE

Otsailaren 22an, 19:00etan.Astelehenean, zineman Ocho sentencias de muerte ikusiko dugu, Robert Hamer-ena.

Otsailaren 24an, 19:00etan.BilbaoArtek Roubaix, une lumière filma, Arnaud Desplechin-ena, ipiniko du, jatorrizko bertsioan.

Otsailaren 26an, 19:00etan.BilbaoArtek, astea ixteko, Los apuros de un pequeño tren filma emango du, Charles Crichton-ena.

Astelehen, asteazken eta ostiraleko filmetako sarreren erreserba telefonoz egin behar da, 94 415 50 97 zenbakira deituta. Informazio gehiago hemen.

Martxoaren 18ra arte, Estibaliz Sádaba Murguíak, 2020an BilbaoArten artista egoiliarretako bat izan zenak, Desdoméstica lana erakutsiko du Urazurrutia Aretoan. Bideo eta argazki erakusketa hau otsailaren 19an inauguratuko da, 19:00etan, eta sarrera librea izango da. Informazio gehiago, esteka honetan.

SAN FRANTZISKOKO UDALTEGIA

  • Bilboko Zirkuitua (otsailaren 22an, 19:00etan)

Bilboko Zirkuituak hilaren 25erako, eguena, Miss Spein funtzioa proposatzen du, Las Paralelas taldearena. Obra honetan, Las Paralelas taldeak kontatzen du oso zaila dela miss izatea bizi garen aroan. Miren Argi beheak eta goiak irenstera dator, edozertarako balio duen neska da. Miss Euskadi eta Miss Espainia irabazi ondoren, Miss World izateko prestatzen ari da. Bere armak, bere gaitasunak, bere talentua erakutsiko dizkigu. Denetarik daki, edo hala uste du; ez du ahoan bizarrik, eta su ta gar defendatzen du zein garrantzitsua den feminismoa ulertzea, baina pasatu gabe. Las Pasarelas konpainia berri eta freskoa da. Haien lehenengo lana Ivagínate pieza laburra izan zen. Orain Miss Spein proiektu berrian murgildu dira, formatu luzean, umorez eta ironiaz betea. Hitzordu hau dohainik da, baina gonbidapena erreserbatu beharko da nahitaez, emanaldiaren egun berean 688 603 737 telefonora deituta.

ARRIAGA ANTZOKIA

Otsailaren 25ean, 19:00etan.Sebastian Knauer piano-jotzaile ospetsuak eta BOSeko hari-orkestrak Johann Sebastian Bach-en soinu-unibertso txundigarrian murgiltzea proposatuko digute, Arash Safaian konpositore iraniarraren begiradapean.

Otsailaren 26tik 28ra, 19:00etan. Eva contra Eva antzezlanean Silvia Munt da zuzendaria, eta Ana Belén aktore nagusia. Obra hau klasiko batean oinarritzen da: Eva biluzik, Joseph L. Mankiewicz-ena. Bi aktorek, belaunaldi ezberdinetakoek, pertsonaia berbera interpretatu beharko dute. Bat egite horretan, bizitza eta lanbidea ulertzeko bi moduk talka egiten dute. Aktorerik gazteenak ezaguna izateko egiten du borroka. Aktore zaharrenak, berriz, urteek agertokietatik ez dezaten bota. Informazio gehiago eta sarrerak, esteka honetan.

BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIA

  • Bidebarrieta Kulturgunea (otsailaren 26an, 19:00etan)

Bidebarrieta Kulturgunean aurkeztuko da Asociación Artística Vizcaina elkartearen 75. urteurreneko talde-poemategia. Asociación Artística Vizcaína elkartea 1945ean sortu zen. Egoitza Bilbon daukan Bizkaiko lehenbiziko kultur elkartea da. Pintoreak, poetak, rapsodak eta artezale piloa hartzen ditu bere baitan. Haren jarduera batez ere erakusketak, hitzaldiak, errezitaldiak, poesia-tertuliak eta liburuen aurkezpenak dira. Aurkezpen horretara joateko, ezinbestekoa izango da gonbidapenetako bat erreserbatzea hemen.

BILBOROCK

  • Bilbo Jazz Barrutia (otsailaren 26an, 18:30ean)

Jazzak Bilborock beteko du, Ángel Unzu Trio & Andrzej Olegniczak-ek emango duten kontzertuarekin, Bilbao Distrito Jazz ekimenaren barruan, Bilbaina Jazz Clubekin elkarlanean antolatua. Ekimen honek zenbait kontzertu eskaintzen ditu, uriko barruti guztietara formatu txikiko kontzertuak eramateko, generoan erreferenteak diren artistekin. Zazpi disko, sariak eta hainbat kolaborazio eta grabaketaren ondoren, Angel Unzu nafar gitarra-jole eta konpositoreak laukote formatuko lehenbiziko diskoa, Orain, aurkeztuko du kontzertuan. Diskoa abenduan grabatu zen, eta hiru musikari ospetsu eta errespetatuk parte hartu zuten: Gonzalo Tejadak, Juan Manuel Urrizak eta, gonbidatu berezi gisa, Andrzej Olejniczak saxofoi-jole poloniarrak. Talde honekin, ohiko soinutik eta estetika akustikotik asko urrunduko da. Sarrerak helbide honetan daude, bost euroko prezioan.Informazio gehiago jasotzeko, sartu esteka honetan.

6. BARRUTIA

ZABALGUNEKO ERAIKINA

  • Soplo-arnasketak saiakerak - Hiria (otsail osoan zehar)

Zabalguneko eraikinera hurbiltzen dutenek Soplo - Arnasketa Saiakerak-en egoitzetako bat ikusi ahalko dute. Zabalguneko Merkatuko erakusketa-gelan eta patio estalian hainbat lan bilduko dira, hiriaren ideia hainbat ikuspegitatik agerrarazteko: espazio publikoa, arkitektura, lekua, kalea, transakzioa, kapitala (hiriburuaren zentzuan eta zentzu ekonomikoan), baina baita ere eguneroko joan-etorriak, topaketak, trukaketak, komunikazioak, oroitzapenak eta hutsuneak. Proiektu multzo honek konexio sentikor bat proposatzen du hiriarekin eta haren denborazko eta espaziozko pertzepzioekin, bizipen iraunkor nahiz laburrekin, etenak eta azkartuak, ezagunak eta arrotzak, bizi garen testuinguruan intentsitate ezberdinak barneratu dituztenak.

Obrak eta artistak: Jaia!, Taxio Ardanaz (Iruñea, 1978), Desescalada walks 2020, Helena Goñi (Bilbo, 1990), Se llama nostalgia, David Hornback (Los Angeles, 1962), Homenaje al skatepark de Deusto, Los Picoletos - Dante Litvak (Buenos Aires, 1990) eta Fabro Tranchida (Buenos Aires, 1987), Kolapso, Imanol Marrodán (Bilbo, 1964), In_true_sista77, Beatriz Sánchez (Kordoba, 1977) eta Conocéis a Chanel de Tania no sabéis nada. Eliza jende gutxi, Imagen 34 - Mar Torre (Palentzia, 1986).

ZABALGUNEKO ERAIKINA

  • Soplo-arnasketak saiakerak - Gorputza (otsail osoan zehar)

Espazio honek biltzen dituen lanak gorputzaren ideiaren inguruan daude, eta ukimenari, desioari, keinuari, maitasunari, fisikotasunari eta erorketari lotutako kontzeptuak lantzen dituzte.

Obrak eta artistak: Hinchados, Jone Elorriaga (Durango 1993), Caen, Santiago F Mosteyrín (Madril, 1982), Encontrarás la manera, Izaro Ieregi (Algorta, 1987), Je t’aime moi non plus, Pablo Marte (Cadiz, 1975), Huellas (nº1 y nº2), Karlos Martinez B. (Durango, 1982) eta Un chant d’amour, Eduardo Sourrouille (Basauri, 1970).

AZKUNA ZENTROA

Otsailaren 24an, 17:00etan.Azkuna Zentroa Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak Decameron filma proposatu du, Zentroak Pier Paolo Pasoliniri dedikatzen dion zikloan: La poesía hecha cine. Proiekzioa jatorrizko bertsioan izango da, gaztelaniazko azpitituluekin. Informazio gehiago esteka honetan.

7. BARRUTIA

ERREKALDEKO UDALTEGIA

  • Errekaldeko IX. Umorezko Antzerki Erakustaldia (otsailaren 26an, 19:00etan)

Errekaldeko IX. Umorezko Antzerki Erakustaldiak bederatzigarren edizioa Errekaldeko Udaltegian itxiko du, Ganso & CIA-ren Panoli Kabareta-rekin. Panoli Kabareta autoestimazko gaindosi baten emaitza da. Protagonistak ez dira zirkuaren edo vodevilaren historian sartuko, baina dibertigarria izango da. Sarrera librea da, baina gonbidapen bat eskatu behar da, 671 559 93 telefonora deituta, emanaldiaren egunean bertan.

8. BARRUTIA

AUZOKA - ZORROTZA

  • Bilboko Zirkuitua (otsailaren 26an, 19:00etan)

Bilboko Zirkuitua 8. barrutira helduko da, Katastrofen!-en Las Fosas Abisales lanarekin. Antzerkia. Ilaran egon beharra hain da aspergarria, eta hain dohakabe sentitzen zara, ezen jasateko, lobotomia tenporala egin behar baitiozu zeure buruari, halako tenteltasunezko egoera batera eraman, non, edo ia ez den pentsamendurik, edo pentsamenduek baduten halako iheserako joera eder bat: nola ikusten duen daltoniko batek kolore gorria, olatu bat izoztea, bizirautea ezinezkoa den lekuak.