BILBO. Bilboko Udalak 3.351.670,43 euroko aurrekontua bideratuko du Zorrotzaurreko Beta II eraikinaren bigarren eta hirugarren solairuetako barne-egokitzapeneko proiektua gauzatu ahal izateko. Gobernu Batzordeak gaur goizean, otsailak 10, onartu egin du proiektua.

Udalaren jabetzako eraikin horren birgaikuntza integralaren hirugarren fasea da. Eraikinak As Fabrik europar proiektua hartzen du eta, haren barruan, Mondragon Unibertsitateak gure urian daukan eskaintzaren zati bat ere bai.

Zehazki, Bilbao As Fabrik-en helburua da tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzea eta Zorrotzaurre ekosistema berritzaile eta erreferentziazko gisa finkatzea 4.0 industriarako eta ekonomia digitalerako zerbitzu aurreratuen esparruan.

ERAIKINAREN BIRGAIKUNTZA INTEGRALA

Lehen fasean, Udalak (Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bidez) zenbait hobekuntza estruktural egin zituen; bigarren fasean, azaroan amaitu zena, eraikinaren inguratzailea eta beheko solairua, solairuartea eta lehen solairua birgaitu zituen. Instalazioak Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak inauguratu zituzten urtarrilaren 15ean.

Beta II-ko goiko solairuetako lanak aurretik egindako esku-hartzeak kontuan izanik egingo dira. Industria-espazio irekiaren izaera mantenduko da, batik bat zura eta beira erabiliko dira, eta solairu guztiei irekitako patio estaliaren inguruan antolatuko dira solairuak.

Bigarren solairua lehenengoaren oso antzekoa izango da espazioen banaketari dagokionez. Bertan, soilik irakaskuntzari lotutako erabilerak egongo dira, tamaina desberdinetako geletan, kristalezko itxiturekin. Bi zona izango ditu, patio estaliak bereiziko dituena. Bata, iparraldean, "zurezko kutxa" handi bat edukiko duena (lehenengo solairuko irakasleen gelaren antzekoa), bi ikasketa-gelarekin eta tamaina txikiagoko zenbait dependentziarekin, hainbat erabilera izango dituztenak. Bigarren zonan, hegoaldean, ikasgela itxi gehienak eta batzar-gela bat egongo dira.

Hirugarren solairua bigarrenaren antzean egituratuko da, bai espazioa antolatzerakoan, bai akaberen kalitatean. Ordea, gela gehiago izango ditu, eta haien erabilerak gehiago izango dira administrazioaren alorrekoak, irakaskuntzakoak baino. Azpimarratu behar da solairu honetako azalera eraikia apur bat txikiagoa dela, mehelina apur bat atzeraemanda dagoelako Beta I eraikinaren kontra (Digipen) eta iparraldean terraza bat daukalako. Horrexegatik, solairu honetako komunak eta gela teknikoak ez daude lehen eta bigarren solairuetan bezala banatuta.

Bi solairuek, halaber, ebakuazio-baldintzak beteko dituzte.