BILBO. Bilboko Udalak eta Bilboko Arte Ederren Museo Fundazioak gaur goizean berretsi egin dute elkarlanerako hitzarmena. Akordio horren ondorioz, museoak 1.866.667 euroko dirulaguntza jasoko du, aurtengo programazioa garatu ahal izateko.

Era horretan, Udalak berretsi egin du 2021. urte honetan Bilboko Arte Ederren Museoari ematen dion babesa, eta erregularizatu egin du, hala, 2021ean udal aurrekontuan aurreikusia dagoen izendun dirulaguntza bat eman izanaren ondorioz bi entitateek kulturaren arloan izango duten elkarlana. Gainera, urtarrilaren hasieratik, Museoaren Patronatuaren presidentetza Juan Mari Aburto alkateari dagokio.

Gainera, Udalak onartu du Arte Ederren Museoa Fundazioari 169.147 euro ematea, 2021. urtean, bere liburutegi eta artxiboko ekipamendu eta fondo dokumentalean inbertsioak egiteko, artelanak erosteko eta urtean handitzeko eta berritzeko obrak egiteko.

Udalak, halan, aurrera egiten du Urian garatzen diren kultur ekimenak sustatzeko eta babesteko hartuta daukan konpromisoan. "Kultura funtsezko tresna da uriaren garapen ekonomikorako eta hura nazioarteko mailan kokatzeko, eta, gainera, funtsezko osagaia da Bilboko balioak eta gizartea garatzeko", adierazi dute.

Alde horretatik, 2000ko azaroan, Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erabaki zuten, hirurak baitira pinakotekaren ugazaba, Bilboko Arte Ederren Museo Fundazioa sortzea, hura osatzen duten elementuak sustatzeko eta garatzeko. Harrezkero, Fundazioa lanean ari da antzinako arteaz, egungo arteaz eta arte garaikidez osatutako Bilboko pinakotekako bilduma sustatzeko eta garatzeko, eta, horretarako, euskal kultura egokitzeko eta ezagutzera emateko ekimenak sustatzen ditu.

2021EKO PRESTAKUNTZA PLANA

Aurten garatuko den jarduteko planean badago jasota erakusketa programa askotariko bat, uda amaiera artekoa, orduan hasiko baitira Museoa handitzeko obrak. Egungo erakusketen jarraipenaz gain, Museoak Remigio Mendiburu. Materia eta oroitzapena izeneko atzera begirako bat ere aurkeztuko du, XX. mendeko bigarren zatiko euskal artisten artean eskultorerik originaletako bat izan zenaren ibilbideari buruzkoa. Lehentxeago, La ciudad vacía (Uria hutsik) ikus-entzunezkoa estreinatuko da, Antoni Muntadasena, Museoak aginduta sortutako ikus-entzunezko bat, Bilbori buruzkoa. Antzinako artea maite dutenek aukera izango dute Gregorio Maráñónek El Grecoren, Velázquezen eta Goyaren lan bana bilduta osatu zuen espainiar pinturako bilduma bikain hau gozatzeko. Azkenik, udan, ezagutzera emango da José Ramón Prieto bilbotarraren bilduma, emakume artista garaikideen obrekin ez besterekin osatua, hala nola Marina Abramovic, Ángela de la Cruz, Louise Bourgeois edo Cristina Iglesias. Hala ere, Ramiro Arrue margolariri omenaldi txiki bat egingo da hil zeneko 50. urteurrenean, Obra Gonbidatua programaren bidez.

2021EKO IRAILEAN MUSEOA HANDITZEKO LANAK

Bilboko Udalak plan berezia onetsirik eta oinarrizko proiektua aurkezturik, oraintsu abiatu da obra egiteko proiektua idazteko eta lizitatzeko azken izapidea. Lanak 2021eko irailetik aurrera hasiko dira eraikin berrian. Handitzeko lan horiek burututakoan, aukera izango da egoitzan bertan gauzatzeko Plan Estrategikoan zehazten diren beharrizanen programa osoa, zeren eta, plan horri esker, museoak 5.000 m2 gehiago irabaziko baititu, nabarmenki handituz.

Beste alde batetik, proiektuarekin, Francisco Durrioren Arriagaren aldeko monumentuaren ingurua eskulturen galeria publiko berri bat bihurtuko da, Euskadi eta Chillida plazetatik izango duelarik sarrera.