BILBO. Koronabirusaren pandemiak Bilbon eragindako kalte ekonomikoak konpontzeko 15 milioi euro bideratuko ditu Udalak, Bilbao Aurrera 2021 Planaren bidez.

Oraingo dokumentuan, aurrekoan bezala, ekintza-sorta oso bat dago (batzuk errepikatu egiten dira eta batzuk indartu dira), eta lehentasunezko helburua hirian kohesio soziala eta kultura, ekonomia zein enplegua berraktibatzea izango da, birusak gehien zigortu dituen sektoreak baitira.

Guztira, aparteko 43 neurri bilduko ditu, 15 milioi euro (15.106.875 euro) baino zertxobait gehiago duen aurrekontuarekin, 2020. urteko 15 milioi euroen antzekoa, baina nagusiki aurtengo lehenengo seihilekoan kontzentratuko dela kontuan hartuta. Ekimen horiekin batera, aparteko laguntza zuzenen deialdi gehiago abiarazi ahal izango dira, beste administrazio batzuen neurriekiko osagarriak, pandemiaren bilakaeraren eta sektore ekonomiko zehatz batzuetan duen eraginaren arabera.

Udaleko gobernu-taldeak prestatuta, eta gauzatze-maila oso altu eta positiboa izan duen aurreko planaren emaitza onak lortzeko jarraibideei jarraikiz, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin batera osatu eta adostu da testu berria, bai eta zuzenean kaltetuak izan diren sektore eta alorrekin ere (merkataritza, ostalaritza, kultura eta turismoa, besteak beste).

"Bilbao Aurrera 2021 Plana" izeneko dokumentu osoa ofizialki aurkeztu da ostiral honetan udaletxeko Areto Arabiarrean, alderdi guzti-guztiek sinatu ondoren: EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), gobernu-taldearen aldetik, eta EH Bildu, Elkarrekin Bilbao-Podemos/Ezker Anitza-IU/Equo Berdeak eta PP.