BILBO. Gaur goizean, urtarrilak 28, ospatutako Udaltabzarrean, IMQ sozietatearen Zorrotzaurreko ekipamendu sanitariorako HAPOren aldaketa puntuala onetsi da. Horrek esan nahi du klinikak beste solairu bat altxatu ahal izango duela beheko eraikin-atalaren gainean.

IMQren eraikinak bi multzo ditu: beherenekoa (zazpi solairukoa), aurrez aurrekoa eta sakoneran laburragoa, Euskalduna zubirantz ematen duena; eta bestea, eraikin apalago eta hedadura txikiagoko bat (hiru solairu), eta haren gainean eraiki nahi da solairu berria, 3.914 metro koadrokoa, ospitaleratzeetarako.

Aldaketa puntual honek aukera emango dio hirigintzazko eraikigarritasuna handitzeko eremu horretan, Aprobetxamendu Unitateak (AU) edo partzela horrek esleitua zeukan eraikigarritasun haztatua gehitu beharrik gabe. Izan ere, klinikaren eraikuntza egin zenean, ez ziren erabat baliatu birpartzelazioa egin zenean esleitu zitzaizkion AUak (zehazki, 3.900 baino gehixeago geratzen zitzaizkion baliatzeko). Hala, zenbait aukera proposatu zituzten, eta ezetsi egin ziren, eta, gero, proposamen hau izapidetzea erabaki zen.

Aldaketa puntualak ez dakar eraikigarritasun haztatua gehitzerik, hau da, eraikigarritasun berriak ez du sortzen partzela horrek lehendik zeukana baino "aprobetxamendu" handiagoa; aldaketa horrek ez du eragiten partizipazio publikorik gainbalioan.

Baina hirigintzazko eraikigarritasuna gehitzea dakar, eta, hala, IMQ sozietateak konpentsazio bat egin beharko du Udalaren alde, dagokion lizentzia izapidetzen hasten denean, hain zuzen ere, espazio libreen sistemari dagokion atalean. Lurzoruan egin beharreko ekarpenaren ordez, legezko estandarrak aplikatzeagatik behartuta dagoen 110 metro karratuko konpentsazio ekonomikoa ematea.

IZAPIDEAK

HAPOaren aldaketa puntual hau, gaur behin betiko onetsi dena, 2019ko otsailean onetsi zen lehenik (hasierako onespena), eta, ondoren, jendaurrean erakusgai jarri zen, hilabeteko epean. Epe horretan ez zen aurkeztu alegaziorik bat ere, eta, beraz, behin-behineko onespena eman zitzaion espedienteari.

Izapideekin aurrera eginez, administrazio eskudunei igorri zitzaien, hala nola EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeari, zeren eta, izan ere, HAPOaren egiturazko aldaketa bat baita hemen darabilgun hau, eta halaber Hegazkintza Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, eta biek eman dute aldeko txostena.

Nabarmendu beharrekoa da ezen EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak emandako aldeko txostenak bazuela ñabardura bat. Organismo horrek adierazten zuen ezen, Uraren Euskal Agentziak (URA) eskatuta, erietxe-erabilera berria zerbitzu ematen hastekotan, lehenik bermatu behar zela "sarbide lehor" bat izatea eraikinak uholde-eremua izango ez den eremu batetik. Horretarako, proposatzen zuen Olaeta Balleten kalearen urbanizazio kota, itsasadarraren ondokoa, beste hogeita hamar zentimetro jasotzea, 4,40 metrotatik 4,70 metrotara, uholde-arriskuaren kontrako defentsa hobetzearren.

Zorrotzaurreko 1. egikaritze-unitatearen urbanizazio proiektuari eragiten dion baldintza bat denez, gai hau Ituntze Batzarrari helarazi zaio, urbanizazio-proiektuan sar dezan.

Ingurumen-gaien izapidetzeari dagokionez, aldeko ebazpena eman zen 2018ko azaroan. Ebazpen hori eman baino lehen, aurretik aurkeztu ziren aukerak aztertu ziren.

AURREKARIAK

Udalbatzarraren 2008ko apirilaren 24ko erabakiaren bidez onetsi zen behin betiko Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa Zorrotzaurrerako. Aldaketa horrek hirutan zatitu zuen eremu hori: ekipamendu sanitarioa, hirugarren sektoreko eremua eta bitariko eremua.

Ekipamendu sanitarioaren gunea antolamendu xehakatuz garatu zen 2008ko azaroaren 27an Udalak behin betiko onetsitako Plan Bereziaren bitartez. Ondoren, VISESAk, lursailen jabea baitzen, zegokion Birpartzelazio Proiektua izapidetu zuen, eta, hala, IMQri eskualdatu ahal izan zitzaion 12.253 metro koadroko eremu bat, 29.373,25 AU-ko eraikigarritasun haztatu bat zeukana.

Klinika, beraz, zegozkion lizentziekin eraiki zen, eta 2012an inauguratu.