BILBO. Gaur, urtarrilak 21, urtero ospatzen den Europako Inbertsio Bankuaren Urteroko Biltzarra hasiko da, 'Europa: adimentsua eta berdea' izenburupean. Aurten, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera sanitario, ekonomiko eta soziala dela eta, telematikoki ospatuko da. Hala ere, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok parte hartuko du europar ekonomia berritzaile eta jasangarri baterako bilakaeraz gogoeta egitea helburu duen ekitaldian, bizitzen ari garen pandemia egoeratik abiatuta. Topaketa bihar arte, urtarrilak 22, iraungo du.

Europar Biltzar honetan, ospe handiko 40 profesional baino gehiago bildu dira, nazioarteko finantza-erakunde handienetatik etorriak, eta baita ere ekonomialari ospetsuak, hala nola Joseph E. Stiglitz nobel sariduna, unibertsitateko adituak eta ikerkuntzako adituak. Bilbo eta Amsterdan dira biltzarrean ordezkaritza izango duten bi hiri bakarrak.

Juan Mari Aburtok, bihar, ostirala, 15:00etatik aurrera, azalduko du zer desafio, eginkizun eta lehentasun dituen gure Uriak koronabirusak ekarritako gizarte eta ekonomia ondorioei aurre egiteko.

Saio horren goiburua "Tokiko gobernuak: koronabirusari aurre eginez, eraldakuntza digitala eta klima aldaketa" izango da, eta Bilboko alkatearekin batera parte hartuko dute Teresa Czerwinska-k, Europako Inbertsio Bankuko lehendakariordeak, Lamia Kamal-Chaouik, ELGEko Ekintzailetza, ETE, Eskualde eta Hirien Zentroaren zuzendariak, Victor Everhardt-ek, Amsterdamko alkateordeak, eta Joaquim Oliveira-Martins-ek, Ikerketa Prospektiborako eta Nazioarteko Informaziorako Aholkularitza Zentroko kideak.