BILBO. Milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontua bideratuko du Bilboko Udalak Uribarri eta Otxarkoaga auzoetako irisgarritasuna hobetuko dituzten bi igogailu eraikitzeko.

Otxarkoagan, 395.375,68 euroko aurrekontuarekin eta lanak egiteko sei hilabeteko epearekin, elementu mekaniko bertikal bat ipiniko du Udalak, Ángela Arregui plaza eta Pau Casals etorbidea lotuko dituena.

Ángela Arregui plaza leku zentrala da Otxarkoaga auzoan, inguratuta baitago interes orokorreko zenbait zerbitzuz, hala nola merkatua, auzo-etxea, erretiratuen egoitza edo Udaltzaingoaren komisaria. Une honetan, inguru horretan bada desnibel handi samar bat, plazaren eta inguratzen duten Langaran kalearen eta Pau Casals etorbidearen artean. Koten arteko aldea gainditzeko, orain, eskailerak baliatzen dira, bi kaleak lotzen dituztenak plazan zehar, edo Langaran kalearen zati bat balia daiteke, osterantzean, eraikinak inguratzen dituena, baina batez besteko malda % 10ekoa duela.

Hori dela eta, Udalak datozen hilabeteotan ekingo dio igogailu bertikal berri bat bat eraikitzeari, (izan ere, plazaren eta Pau Casals etorbidearen artean) gaur egun auzo-etxearen eta erretiratuen egoitzaren pean dagoen eskaileren ingurunean. Azpimarratu behar da, plazako irisgarritasuna konponduz, Pau Casalsetik Otxarkoagako Azokaraino irisgarritasuna konpontzen dela.

Zaldain gabeko elementu bat da, eta inguru hartan baliagarri dagoen lekuak determinatzen du zer edukiera eta geometria izango dituen, eta baita ere kokatuko direneko eraikinaren egiturak ere. Zehazki, kabinetan, 10 lagun sartu ahalko dira, eta bideozaintzako sistema bat izango dute, eta LED erako horma-argiak eta proiektoreak baliatuko dira argiztatzeko.

Igogailua eraikinaren barrualdetik doanez, hobi bat egingo da hormigoizko hormen artean, eta ardatz bertikal metalezko bat izango du, beirazko eta altzairu herdoilgaitzezko xaflez estalia. Eraikitzeko, baina, aldatu beharko dira auzo-etxeko komunak, nahikoa leku egongo bada.

URIBARRI: ABASOLO KALETIK LEZAMAKO BIDE ZAHARRERA

Uribarri auzoan, orografia zaila baitu, irisgarritasunari dagozkion esku-hartzeak Abasolo kaleraino daude buruturik, lehendik Udalak ipinarazitako igogailuekin eta eraikiarazitako arrapalekin. Izan ere, zerbitzu ematen ari dira bi elementu mekaniko, bata Maurice Ravel kalea eta Etxezuri lotzen dituena, eta bestea Etxezuri eta Abasolo kalea lotzen dituena.

Lehendik irisgarritasuna hobetzeko eginak ziren obra horiei gehituko zaie orain elementu mekaniko berri bat, Abasolo kalean bertan, Lezamako bide zaharrerainoko desnibela gaintzeko, eta, hala, Abasolo kaleko 23. eta 24. zenbakietako irisgarritasunari emango zaio konponbidea, gaur egun haraino iristeko eskailera tarte oso estuak baliatu behar baitira. Zehazki, igogailu berriak hiru geltoki izango ditu: behekoa (Abasolo kalea), tartekoa (23. eta 24. atariekiko konexioa), eta goikoa (Lezamako bide zaharrean).

Igogailuak ardatz bertikal bat izango du, metalezko egitura izango duena, eta beira xaflatuz estaliko da, eta, hala, kabina kanpoaldetik ere ikusi ahal izango da ibilbidearen edozein lekutan. Igogailua ibilbidearen erdialdean eta goiko aldean husteko, metalezko bi zaldain egingo dira, igogailuaren beraren zutabeetatik aterako direnak eta beste aldean mikropilotedun ointoki batean bermatuko direnak. Zaldain biek, alboetan, babes baranda bana izango dute, altzairu herdoilgaitzezkoa, eta goiko zaldainak, luzeenak, erdibidean ere izango du bermaleku bat.

Kabinan, bestalde, 13 lagun sartu ahal izango dira, eta bideozaintzako sistema bat izango du egunean 24 orduan eta LED erako horma-argiak eta proiektoreak baliatuko dira argiztatzeko.

Udalak, igogailu honen proiektua egitean, kontuan izan du ez ditzala oztopatu lehendik zeuden oinezkoen bideak. Lanak egiteko sei hilabeteko epea ezarri da, eta 870.000 euroko aurrekontua izango du.