BILBO. Koronabirusaren pandemiak kalte ekonomiko handiak eragin ditu ostalaritzaren sektorean. Kalte horiek nolabait gutxitzeko, Bilboko Udalak 3,3 milioi euroko aurrekontua bideratu zuen, dirulaguntzetan banatzeko. Bada, orain arte dirulaguntza horiek eskuratzeko 1.647 eskaera jaso ditu. Laguntzak eskatzeko epea urtarrilaren 31era arte egongo da zabalik, eta webgune honen bidez eskatu ahal dira dagoeneko.

Laguntzak bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuek eskaintzen dituztenekin. #BilbaoAurrera2020 Planaren 15 milioi euroekin bat egiten duen aparteko beste neurri bat da. Plan hori, hain zuzen ere, udalak pandemiaren ondorioei aurre egiteko talka-programa bat da.

ZENBATEKOAK

Jasoko dituzten zenbatekoak —1.000 eta 1.500 euro artean— establezimenduan lan egiten duten pertsonen kopuruaren arabera aldatuko dira:

  • 1-3 langile dituzten establezimenduak: 1.000 euro.
  • 4-10 langile dituzten establezimenduak: 1.250 euro.
  • 10 langile baino gehiago dituzten establezimenduak: 1.500 euro.

Era berean, Bilbon establezimendu bat baino gehiago izanez gero, laguntza bana eskatu ahal izango da establezimendu bakoitzeko.

Sukaldaritzari lotutako establezimenduek parte hartu dezakete programan (jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko beste establezimendu batzuk, baldin eta jarduera jendeari irekitako establezimendu finkoetan egiten badute eta lokalean bertan kontsumitzeko jatekoak eta edariak modu profesionalean eskaintzen badituzte), bai eta ostatuek eta catering-enpresek ere. Horrez gain, diskotekak eta jai-aretoak sartu dira multzoan. Kanpoan geratu dira, ordea, turismoari lotutako etxebizitzak eta janari eta edariak etxeetara eramaten dituzten enpresak.

Eskaerak aurkezteko webguneaz gain, udalak zalantzak galdetzeko eta informazioa lortzeko zerbitzu bat eskaintzen du posta elektroniko honen bitartez: ayudashosteleriabilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus, edo 944205357 telefono-zenbakira deituz, 09:00etatik 14:00etara.

ESTABLEZIMENDUEI 1,8 MILIOI EURO BAINO GEHIAGO ORDAINDU ZAIZKIE BILBOKO BONUETAN

Bilboko Bonuei dagokienez, zeina Bilbao Aurrera 2020 Planaren neurri garrantzitsuenetako bat den, merkataritza- eta kultura- bonu guztiak eskuratu ostean (82.488 bonu), udalak dagoeneko 1,8 milioi euro baino gehiago transferitu dizkie establezimenduei. Trukatzeko azken eguna apirilaren 30a izan arren, herritarrek merkataritza-bonuen % 85 eta kultura-bonuen % 72 kontsumitu dituzte jada.

Webgunean eskuragarri dago oraindik bonuak dituzten establezimenduak zein diren jakiteko informazio guztia. Bestalde, kontsulta orokorretarako mezu elektroniko bat gaitu da: bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus.

Gogoan izan behar dugu kanpainari paperean edo passbook (mugikorra) formatuan atxikitako establezimenduetan egiten dela trukea eta NAN bakoitzeko, gehienez ere, 20 bonu eskatu daitezkeela, bai eta, gehienez ere, 4 erosketa-tiket egon daitezkeela ere.

Programa horren berritasunetako bat da hiriko barruti guzti-guztietan zabaldu dela eta udalak diruz laguntzen duela bonu bakoitzaren kostuaren erdia. Gainera, bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazio batzuek ematen dituztenekin.