BILBO. Astearte honetan, urtarrilak 5, Errege Magoek 'Gau magikoa' izeneko musika-formatuko ikuskizuna eskainiko dute Bilbao Arenan. Koronabirusaren pandemia dela eta, segurtasun neurri bereziak hartuko dira, ikusleen osasuna bermatzeko.

Asteartean bakarrik egingo da ikuskizuna, Bilbao Arenan, 5 aldiz: 11:00etan eta 13:00etan, eta 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan. Horrela, "Gau Magikoa" eskainiko diete Bilboko umeei. Sarrerak Kutxabanken web-orrian eta zerbitzu askotako kutxazainetan erosi zitezkeen, 2 euroko prezio sinbolikoan (gehienez 4 sarrera erosi zitezkeen erosketa bakoitzean). Bildutako dirua Aspanovas Minbizia duten Umeen Gurasoen Bizkaiko Elkarteari emango zaio.

Errealitatea ondo ezagutzen dutenez, Ekialdeko Errege Magoak ados egon dira Itziar Urtasunekin, eta mezu bikoitza igorri dute: batetik, pandemia gainditzeko norberaren erantzukizunaren garrantzia aipatu dute, eta bestetik esan dute oso garrantzitsua dela elkartasuna, lankidetza, bizikidetza eta antzeko balioak garatzea: "Gaur, inoiz baino gehiago, elkartasuna, eskuzabaltasuna, altruismoa, ondo konpontzea, erantzukizuna... gizartearen tresnak izan behar dira, indartsuago izateko, batuago egoteko. Umeek balioei buruzko lezio ederra eman digute pandemiaren fase guztietan, eta horrek saria merezi du".

Ondo dakigunez, ekitaldi masiboak egitea ezinezkoa da, eta ohiko Erregeen Kabalgata jendetsua ere bai. Horregatik, Bilboko Udalak alternatibak programatu ditu, adibidez, "Gau Magikoa" musika-ikuskizuna, Bilbao Arenan. Ikuskizun honek, ziur, magia eta ilusioa ekarriko ditu Bizkaiko hiriburuko helduen eta umeen bihotzetara.

5 EMANALDI BILBAO ARENAN

Bilboko Udalak urteroko Erregeen Kabalgataren tamainako alternatiba bat prestatu du. Ilusioaz gain, Erregeen, euren laguntzaileen eta ikusle guztien osasuna bermatu nahi dugu. Musika-emanaldi labur bat izan da, 40 minutu ingurukoa, ahalik eta umerik gehienek izan dezaten aukera horretaz gozatzeko. Hartara, 5 saio egongo dira bihar, martitzena, urtarrilak 5. Kontuan hartu behar da Bilbao Arenan 400 pertsona sar daitezkeela emanaldi bakoitzeko segurtasun araudia betetzeko, eta ordubete behar denez emanaldien artean garbiketa-lanak egiteko, honela antolatu dira emanaldiak:

  • Urtarrilaren 5a, 5 saio: 11:00etan, 13:00etan, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan.

SARRERAK, AGORTUTA

Sarrera bakoitzeko 2 euroko prezio sinbolikoan eta erosketa bakoitzeko 4 sarrerako mugarekin, abenduaren 30ean jarri ziren salgai, Kutxabanken webgunearen eta zerbitzu anitzeko kutxazainen bidez. Sistema horren bidez sartuko den jende kopuruaren muga kontrolatu nahi da, eta eragotzi, aldi berean, ez dadila erreserbatu gero erabiliko ez den sarrerarik.

Udalak aholkatu du adingabeei lekua uztea, haiek baitute lehentasuna ikuskizun horretaz gozatzeko, eta pertsona heldu bat bakarrik izatea haiekin doana.

GUTUNAK OPARI BIHURTZEKO MAKINA, HONDATUTA

Magia, ilusioa eta poza dira ikuskizun honen bizkarrezurra. Ikusleek urteko gaurik magikoena zelan prestatzen den ikusiko dute. Lehenengo biderrez, aukera izango da ikusteko nola eta zer makina erabiliz bihurtzen dituzten Errege Magoek opari urtero jasotzen dituzten milioika gutunak. Baina aurten ez da erraza izango makina martxan ipintzea. Bidaian zehar, zenbait kolpe jaso ditu. Bi arduradunak, Truski eta Traski, ez dira kapaz martxan ipintzeko.

Euskarazko zortzi kantuk ikusleak gidatuko dituzte, bi pertsonaia ausart hauek makina konpontzeko nahian biziko dituzten abenturetan. Hala, jendearen parte-hartzea oso garrantzitsua izango da akatsa aurkitu eta makina pizteko. Kantatu eta dantza egin beharko dute, baina eserlekutik mugitu gabe.